Kioto (eta II)
2010-03-24 13:27 BidaideJaponia 250 urtean bizi izan zan Tokugawa izeneko shogunato-aren diktadurapean; enperadoreak berak be ez eban agintzen, irudi hutsa zan. Halanda be, mende bi eta erdi horreetako urteak Inperioaren egonkorrenak izan ziran eta, egun, Kioton, sasoi hareetako zenbait ondare topau geinkez.
Japonia 250 urtean bizi izan zan Tokugawa izeneko shogunato-aren diktadurapean; enperadoreak berak be ez eban agintzen, irudi hutsa zan. Halanda be, mende bi eta erdi horreetako urteak Inperioaren egonkorrenak izan ziran eta, egun, Kioton, sasoi hareetako zenbait ondare topau geinkez. Ordura arte, suteek eta talde edo klanen arteko burrukek uria suntsitzen eben eta sasoi bateko eraikin gitxi geratzen dira zutunik eta modu originalean barriztauta. Jauregi Inperiala bera be, 794. urtekoa, hainbat bider berreragi dabe ordutik hona.
1945ean, Hiroitok, errendizino iraingarri batean, Enperadoreak jatorri jainkotiarra ez ebala onartu arte Jainko moduan hartzen zan enperadorearen etxea 1855. urtekoa da. Egun, familia inperialari, oraindino be, erreberentzia egiten jako, baina nipondar demokrazian espainiar koroak espainiar demokrazian daukan antzeko garrantzia dauka. Honezkero ez dira bizi Kiotoko jauregian, jakina. Bertako eraikinak gero eta zaharrago dagoz, batez be inguruko eraikinen ikusgarritasunagaz konparau ezkero. Hori bai, jauregiaren inguruko parkea uri osoko lekurik atseginena da eta, udabarriagaz batera, loran jarten diran kereizek Kiotoko irudi zoragarriena eskaintzen deuskue.
Bizitza laburra izan arren, lora nazionalak, 'sakura' izenekoak, paisajea transformau eta berez interesgarriak diran lekuei xarma berezia emoten deutse. Leku horreen artean dagoz, besteak beste, uri osoan zehar sakabanatutako 2.000 tenplu baino gehiago. Kinkaku-ji da bat. Urre koloreko pabilioi erraldoia aldakorra da, argia aldatu ahala, kamaleoien antzera, aldatzen dana. Egunsentian eta iluntzean suzko bola izugarri itxurea hartzen dau eta, euria danean, kolore hori galdu eta malenkoniaz beteriko gris ikutua izaten dau.
Eraikina Tokuwaga dinastiaren aurreko Ashikaga Yoshimitsu izeneko 'shogun' batek eregi eban 1397. urtean, erretiroa hartzeko leku legez, baina burutik jota egoan fraile batek sua emon eutson 1950ean eta erabat suntsitu zan. Bost urte emon zituen berregite-lanetan, hau da, 1955ean amaitu eben gaur egun ezagutzen doguna. Bitxia bada be, Ashikaga Yohimasa-ren osteko shogun-ak, enbidiak jota, akaso, Gikaku-ji izeneko pabilioia eregiteko agindua emon eban. 'Zilarrezko pabilioia' izenagaz jaio arren, ez eben sekula metalez forrau eta, egun, tenplu bat gehiago baino ez da.
Bitartean, Kiyomizu-dera guneak ez dau izpirik behar bere handitasuna erakusteko. Mendi-hegal batean dagoan egurrezko tenplu budisten multzo hau nipondar minimalismoaren erakusle adierazgarrienetarikoa da. Baita gizarteak bizi dauen siniskeriarena be, Txinatik ekarritako konfuzionismoaren ondorioa baita. Milaka lagun etorten da hona Otowa-no-taki ur-jauzi txikitik ura edatera, ur horrek gatxak osatzeko ezaugarriak ditualakoan; eta, hainbat bikotek euren maitasun-eskaerak idazten ditue Jishu tenpluaren sarreran dagozan egur zatietan. Gero, begiak zarratuta, harri batetik bestera dagozan hamazortzi metroak egiten ditue oinez. Beste aldeko harrira ailegau ezkero, euren amesak bete egingo ei dira. Zeregin hori zenbatek lortzen daben ikusita, asko ez dira, ez, zorionekoak izango. 'Hoba nire gurasoek aukeratzen badeuste bikotea', dino, barreka, yukata batez jantzitako gazte batek. Harri batetik besterako ibilbidean, metro batzutako aldea izan dau eta ez da helmugara ailegau.
Eraikin gehienak Budari eskainitakoak izan arren, egon badagoz garai bateko uriko tenplu sintoista batzuk be. Yasaka-jinja koloretsuenetariko bat da. Gion-etik nahiko ur dago eta bertan ospatzen dabe Kiotoko biztanleek Urte Barriaren etorrerea. Tenplu hori topetako, laranja koloreko ‘torii’ handi bat topau behar dogu, hau da, nipondar erlijinoko tenplura sartzeko pasau beharreko ate erraldoia.
Hori bai, 'torii' edo ateen artean, erraldoiena Fushimi Inari Taisha tenpluarena da. Berez, ez da tenplu sintoista bakarra, bost baino, eta atea mendi-magalaren hasieran dago. Eraikinak arrozaren eta sakearen jainkoei eskainita dagoz eta lehenengotik azkenera lau kilometroko ibilbidea dago. Sinismendunek Fushimi Inari herrialdeko lekurik sakratu bikainenetarikoa izatea lortu dabe, handitasunez beterikoa. Ate bakotxak babesle baten izena daroa eta, eta arrozaren jainkoei eskainitako mezuakaz nahastean, negozioaren jainkoak dagoz. Halanda be, mehatxuak mehatxu, ingurua kolorez beteriko unibertso izaten jarraitzeko helburuagaz, sinismendunek gogor egiten dabe lan. Horra hor, Kiotok globalizazinoaren presinoari aurre egiten jakin dauela erakusten dauen proba bat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!