Kioto (I)

Zigor Aldama 2010-03-05 14:42   Bidaide

Hasierako inpresinoak ez dau ezertarako balio. Kiotoko tren geralekura ailegau eta trenbideek osotutako sare korapilotsuak Tokio uriaren kopia txar batean gagozala sentiarazoko deusku.

Hasierako inpresinoak ez dau ezertarako balio. Kiotoko tren geralekura ailegau eta trenbideek osotutako sare korapilotsuak Tokio uriaren kopia txar batean gagozala sentiarazoko deusku. Zorionez, ez gara asko urrundu behar konturatzeko hemengo giroa eta uriburukoa oso desbardinak dirala. Kaleak estutu ahala, eraikinak gero eta bajuagoak dira, hormigoia egur bihurtzen da eta denporea astiroago doala emoten dau. Halanda be, Japoniako kultur bizkarmuina burugogorra da eta emoten dau ez dituala bere ateak zabaldu gura.

Kiotoko Torrea deritxan eraikinaren punta-puntatik, sasoi batean Inperioaren uriburua izan zana, Inperioak arimarik bako uria dirudi, tartean eraikin zoragarri batzuekaz: tenplu sintoista bat hemen, zen lorategi bat han, gaztelu bat erdian, antzoki bat bazter batean eta arimarik bako milaka kale. Baina, usteak, erdi ustel. Pazientziagaz eta uria barru-barrutik ezagutzeko gogoagaz datozenek baino ez dabe izango aukerea, globalizazinoaren eraginak eragin, neoi argien gerizpean bizitea lortu dauen benetako uria ezagutzeko.

Kontuak kontu, urian 17 eraikin dagoz Unescok Gizadiaren Ondare izentautakoak eta herrialde osoko eraikin babestuen % 30 berton dagoz.

Nipondar kulturea oso ezezaguna da mendebaldeko turistearentzat eta Kioton nahastean dagozan elementu tradizional eta abangoardisten buztarketea, akaso, enigmarik ilunena da. Kontrasteak kontraesan moduan interpretetan dira. Ez da ulertzen leku berean geisha diralakoen kultura fina eta 'manga' kulturea, museo eta guzti, topetea. Zelan da posible horren gizarte formalean, bizitzako edozein arlo, garrantzi txikienekoa izanda be, itzelezko kontuagaz ordenetako kapaz izanda, pornografia irudi bortitzak erakustea? Erantzuna edo, akaso, itaun gehiago egiteko aukerea, Gion auzoan topauko dogu, uria bitan banatzen dauen Kamogawa errekearen mendebaldean.

Hemen, eremu berean, hainbat muetatako lokalak dagoz nahastean: 'pachinko' izenekoak -milaka nipondar erakarten dituen 'pinball' eta txanpon-makina zaratatsuak batzen dituen lokalak- punta-puntako artisautza dendakaz, korbataz jantzitako ejekutiboak sake edaria edan eta euren benetako izakerea erakusteko balio daben tabernak eta nipondar txotxongiloen ikuskizuna eskaintzen daben bunraku antzokiak bata bestearen ondoan dagoz. Halanda be, atzoko eta gaurko estiloen buztarketea kimono eta yukatak saltzen dituen dendatan topauko doguz, jantzi tradizionalak Pokemon edota Hello Kitty lako irudiakaz horniduta saltzen dituelako.

Liburudendak be harrigarriak eta bitxiak dira: gazteak mundu mailan modan dagozan komikiak irakurten dituen bitartean, metro gitxi batzuetara, begi txiki-txikidun gizon eta emakumeak, betaurrekoak jantzita, literatura klasikoa irakurten dagoz. Kanpotik ikus daitekezan kontraesanak kontraesan, biztanleek hierarkia zorrotz eta zurrunean antolatutako gizartearen partaide dira eta, itxuraz, modernizazinoa topau arren, berez ez ditue atzean itxi orain dala 500 urteko joerak, Edo-ren sasoikoak.

Belaunaldiek osotutako binomio nahasgarria atzean itxi gura izan ezkero, Shijo-dori zubia pasau eta mende bi atzera egingo dogu. Kamogawa errekatik mendebaldera Pontocho kalea dago, ezkutuan. Akaso, asiar kontinenteko kalerik xarmangarriena da Pontocho. Euren bizimodutik alde egin guran dabizan geishen eta onnagata maritxuen igeslekua da. Aktore horreek kabuki antzokietan behar egiten dabe 1629an melodramei erotismo gehiegi zeriela eretxita emakumeak taula ganetik bota zituenetik. Edo sasoiko Japonia gidatu eben samuraiek harturiko lehenengo erabagietarikoa izan zan hori. Geishen eta onnagaten irudiak, egun, oraindino dirau, baina agortzeko zorian dagoz eta, beti be, ingurune exklusiboetan. Garai hareetako gomutak Kioton baino ezin daitekez topau horren modu bizian islatuta, izan be, Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketa gogorren ostean bizirautea be lortu dabe.

794tik Kioto Japoniako uriburu politikoa izan arren, Edo sasoiaren (1603tik 1868ra bitartean) adierazle onenetakoa da. Urte horretan, Tokio izentau eben uriburu baina, ordurako, Tokugawatarren shogunatoaren botereak kontroletan eban guztia. 'Shogun' izeneko jatorri militarreko agintari horreek dekretu bidez gobernau eben herrialdea denpora-tarte horretan. Eurek ezarri eben egun oraindino indarrean jarraitzen dauen fideltasunaren eta zuzentasunaren kulturea eta bertokoen bizimoduan islatzen dana, familia giroan hasi eta enpresa arloraino.

Erreportajearen bigarren partean Kiotoko lekurik garrantzitsuenak bisitauko doguz, uriaren historia ezagutzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu