Álvarez Plágarok bere 'Cuadros iguales' erakusten ditu Marzana erakustokian

Karolina Almagia 2010-02-25 12:50   Kulturea

Plágarok 60 koadro bardin jarri ditu bata bestearen ondoan eta distantzia tarte bardinean, talde bat osotu arte. Obra bakarra da, beraz, nahiz eta elementu indibidualek osotuta egon.

Bilboko Espacio Marzana erakustokiak Alfredo Alvarez Plágaro artista gasteiztarraren sormen lana erakusten dau egunotan. 'Cuadros Iguales' izeneko erakusketan, koadro bardinak dagoz, izenburuak adierazoten dauen legez, margolari honek aspaldi egiten dauen lanaren adierazgarri. Esangura horretan, Plágarok 60 koadro bardin jarri ditu bata bestearen ondoan eta distantzia tarte bardinean, talde bat osotu arte. Obra bakarra da, beraz, nahiz eta elementu indibidualek osotuta egon.

Oinarrizko egitura honek harridurea sortzen dau ikuslearengan hasiera batean. Behin eta barriro artelan bardina margoturik ikustean ez da erraz identifiketan osotasun bat bezela. Baina Marzana galeriako kideek azaldu dabenez, praktika hori sarri agertu da Arte Modernoaren Historian zehar. XIX. mendearen amaieran zalantzan jarri zan obra bat errepetiduezina izatearena. Artearen beraren kontrako eraso gogor moduan ulertzen zan jarrera hori. Claude Monet izan zan estilo honetan nabarmendu zan lehenengoetariko bat. Eta handik hona, koadroen serietan oinarrituriko obrak gero eta sarriago ikusten dira joera eta estilo desbardinetako artisten artean. Paul Cezanne, Piet Mondrian, Alexej von Jawlensky eta Josef Albers dira aita daitekezan izen batzuk.

Álvarez Plágaroren esanetan, errepetizino-errito horrek aukerea emoten deutso mobimentua sortzeko. 'Serie bakotxa eskegi neike posizino desbardinetan, baina koadroen kokalekuari eusten deutsat beti'. Marzana Espacioaren kasuan, 'zurdaki edo eskuila pasaukeran sortzen dan arrastoaren antzekoak balira legez' kokatu dodaz koadroak. Oinarri zuri baten gainean, brotxazo baltzek gris tonoak sortzen ditue, 'bideak' balira legez. 'Baltza eta zuria erabilten dodaz energiaz beteta nagoalako; bestela, ezin izango neuke. Dana dala, azken bolada honetan hasi naz barriro kolorea erabilten, baina ez dakit nora eroango nauen bide horrek'.

Alfredo Alvarez Plagarok (Gasteiz, 1960) UPV/EHUren Arte Ederretako Fakultadean ikasi eban, Leioan. 80ko hamarkadan hasi zan koadro bardinakaz serieak egiten. Ordutik hona, koadro abstraktu errepetiduen serieak jorratu ditu. Bere obrak erakutsi dira Euskal Herriko zein Estadu espainoleko galeria askotan, baita Suedian edota, batez be, Alemanian, izan be, sarritan progamau ditue Plágaroren lanen erakusketak Alemanian. Pintura egiteaz gan, Álvarez Plágaro oso komikizalea da eta berak sortu ditu –Álvarez Rabo ezizenagaz- 'A las mujeres no les gusta follar' lako serie historikoak, Gasteizko 'Tmeo' aldizkarian argitaratzen zituanekoak.

Orain dala hogei bat urtetik Madrilen bizi eta bertan lan egiten dau.

Plágaroren obra ikusgai egongo da Espacio Marzanan (Muelle Marzana, 5, Bilbo) martiaren 5era arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu