Agirre Lehendakaria Batzordeak jarduera-egitaraua eta webgunea aurkeztu ditu

Bizkaie! 2010-02-24 14:54   Kulturea

Agirre lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrenaren harian, Agirre Lehendakaria Batzordeak aurkezpen bikotxa egin dau gaur, zezeilak 24, Bilbon: batetik, 2010. urte osoan garatuko dauen jarduera-egitaraua (2010ean zehar hogeita hamar bat ekitaldi egingo dira) eta, bestetik, Jose Antonio Agirre Lekube lehenengo euskal lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena ospatzeko sortu dan webgunea.

Agirre lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrenaren harian, Agirre Lehendakaria Batzordeak aurkezpen bikotxa egin dau gaur, zezeilak 24, Bilbon: batetik, 2010. urte osoan garatuko dauen jarduera-egitaraua (2010ean zehar hogeita hamar bat ekitaldi egingo dira) eta, bestetik, Jose Antonio Agirre Lekube lehenengo euskal lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrena ospatzeko sortu dan webgunea (inoiz lehenago batu ez diran Agirre lehendakariari buruzko dokumentuen bildumarik ugariena erakutsiko dau: 1.100 testu-dokumentu, 222 argazki, 23 film eta 17 audio).

Agirre Lehendakaria Batzordea, haregaz zerikusia izan eben instituzino guztiek eta Lehendakariaren beraren eta politikagintzan beragaz batera jardun eben beste zenbait kideren senitarteko zuzenek osotuta dago. Honako honeek dira: Eusko Jaurlaritza, EAJ-PNV, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak, Agirre, Irala, Landaburu eta Leizaola sendiak, Bilbo, Getxo eta Donibane Lohitzuneko udalak, UPV-EHU, Deustuko Unibersidadea, Bilboko Athletic Club eta Sabino Arana Fundazinoa.

Aurrekoen izenean, Juan Mª Atutxa Mendiola Sabino Arana Fundazinoaren buruak Agirre lehendakariaren berba batzuk gogoratu eta orduko zein gaurko 'Euskadirentzat eta mundu osoarentzat aldarrikatzen doguzan baloreetan' (askatasuna, justizia, humanismoa, demokrazia eta bakea), oinarritutako jarduera-egitaraua eta webgunea aurkeztu ditu.


Jarduera-egitaraua

- Martiak 6: ekitaldi instituzionala Lehendakaritzan.
- Martiak 23: gomuta-meza Begoñako Basilikan.
- Martiak 26: Hermes aldizkariaren zenbaki monografiko bat argitaratuko da, Agirre lehendakaria gai hartuta.
- Apirilak 11: lore-eskaintza Donibane Lohitzuneko hilerrian, eta gomuta-meza.
- Apirilak 15: ekitaldi instituzionala Getxon. Zemendian Agirreren izaera munizipalistari buruzko ikerlan baten emoitzak aurkeztuko dira.
- Bagilak 21: ekitaldi instituzionala Erzilla kalean dagoan Lehendakariaren monumentuan. Ondoren, Carlton hotelean Agirreren testuak irakurriko dira.
- Garagarrilaren 5, 6, 7 eta 8an: EHUren Udako Ikastaroa Miramar jauregian: 'Nork egiten dau historia? Buruzagitza XX. mendeko politikagintzan'
- Abuztuaren 30ean eta 31n eta irailaren 1, 2 eta 3an: Udako Ikastaroa Santanderreko Menendez Pelayo Unibersidadean: 'Estaduak, nazinoak eta erregioak, Europa eregiterakoan'.
- Urriak 7: Agirre lehendakariaren zin egitearen antzezpena Gernikan.


Apiril-maiatzetan: erakusketea eta berbaldia Athletic Club-ek antolatuta.
Maiatza/Iraila: 'Gizarteari buruzko kristau pentsamoldea XXI. mendean' Jardunaldiak Deustuko Unibersidadeean.
Maiatza: 'Agirre lehendakariaren egunkariak'-en argitalpen faksimilaren aurkezpena.
Bagila/Garagarrila/Iraila: 'Agirre lehendakaria eta berak izan dituan gobernuak' erakusketea.
Iraila: ekitaldi instituzionala eta akademikoa Columbiako Unibersidadean (New York).


www.lehendakariagirre.eu

Webguneak informazino oparo eta zabala dakar, Jose Antonio Agirre lehendakariaren ibilbidea, jaio zanetik eta heriotzara arte, ezagutu nahi dauenarentzat; informazino hori testu-dokumentu eta ikus-entzunezko (argazkiak, filmak eta soinu-grabazioak) askotan dago batuta. Milatik gora dokumentu on-line, Lehendakariaren jentaurreko berbaldiak, kazeta-artikuluak, adierazpenak, egunkariak, liburuak, hitzaurreak, mezuak eta abar dituelarik, eta horreei guztiei erantsi behar jakez Europako eta Amerikako argitalpenetako ehunka prentsa-ohar, Jose Antonio Agirreren irudia eta jarduerak erakutsiz.

Agirre lehendakariaren biografia hiru ataletan banatu da: haurtzaroa eta gaztaroa (1904-1930); alkatea eta diputadua (1931-1936), eta hiruretan luzeena, euskaldunen lehendakaria izan zan aldia (1936-1960).

Sailkapen horren bidez, erabiltzaileak erraz jakin ahalko ditu Agirreren bizitzako epealdi zehatz bateko mugarri zein jazoerarik nabarmenenak, mugarri horreei atxikitako testuzko nahiz ikus-entzunezko hainbat baliabide ikusiz nahiz entzunez. Nabigazinoa erakargarriagoa eta interaktiboagoa da, une oro Agirreren beraren irudia dogulako lagun. Era berean, erabiltzaileak argazkiak aukeratzeko modua be izango dau, baita adierazotako aldi kronologikoei jagokezan museo-piezak be.

Orriaren hasieran, eta behin hizkuntzea (euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa) aukeratutakoan, aurkezpen-bideo batek Jose Antonio Agirreren bizitzan eta nortasunean sartuko gaitu. Ondoren, internautak gehien interesetan jakonera jo leike: haren egunkari eskuz idatziak, biografiako datuak, pentsamolde politikoa, haren ahotsa entzun, edo bera ikusi be bai: Caracaseko Eusko Etxearen inaugurazinoan, orain dala 60 urte –koloreetan, gainera–.

Agirre lehendakariak Gernikatik New Yorkera Berlinen barrena egindako bidaian, naziei igesi, bizi izandako gorabehera eta pasadizoetan oinarrituta sortu dan animazinoa be baliabide deigarria izango da, eta beti egongo da eskueran ikus-entzunezkoen ataletik.

Gainera, lehendakariagirre.eu orriak beste pausu bat egin dau bere edukiak ezagutarazoteko, izan be, ez da informazino historikoa dakarren webgune huts izango; asmoa da eduki horreek gaurkotasunik bizienagaz erlazionetea eta gizarte-webeko zenbait plataformatan be agertzea. 'Lehendakari Agirre'-k helbideak ditu twitter, flickr, facebook eta youtuben, eta horreen bitartez horniduko jako komunidade birtualari, 2010ean, Jose Antonio Agirre omentzeko, egingo diran kultur ekitaldien gaineko informazio guztia. Erantsiko diren material barriek, jolasek, eretxiek edota iruzkinek dinamismo handiagoa emongo deutsie Agirre historikoari.

Aitatu horreen guztien egunez egunekoa webguneko bertako Albisteak atalean jakin ahalko da; gero horreek zabaldu eta ezagutarazo egingo dira, eta erabiltzaileek igon eta bozkatu egin ahalko ditue albisteak sustatzeko web partaide honeetan: 'Aupatu', 'sustatu' eta 'Menéame' atarietan.


Lehendakari Agirre honako helbide hauetan egongo da:

http://twitter.com/Agirrelendakari
http://www.flickr.com/photos/al50agirre
http://www.youtube.com/user/lehendakariagirre
http://www.facebook.com/group.php?gid=281733046053

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu