Mundua liluratuko dauen uria (eta II)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2010-02-18 13:32   Bidaide

Shanghaiko Erakustazoka Unibersalean gagozala aprobetxauta, Txinako uriburu ekonomikora etortekotan dagozanei zuzendutako gomendio batzuk emongo doguz.

Shanghaiko Erakustazoka Unibersalean gagozala aprobetxauta, Txinako uriburu ekonomikora etortekotan dagozanei zuzendutako gomendio batzuk emongo doguz.

Danetara, 70 miloe lagun inguruk bisitauko dabe Shanghaiko erakustazokea; halanda be, ausartenek kopurua 100 miloekoa izango dala dinoe. Horreetatik, % 0,5 atzerritarrak izango dira. Jente askok gogoratzen dau oraindino Joko Olinpikoetan bisadua lortzeko izandako arazoak eta erakustazokako komunikazino-burua dan Xu Wei-k baiezkorik zein ezezkorik emon ez arren, Expo honek iraungo dituan 184 egunetan be egoerea antzekoa izango dala aurreikus daiteke. Zenbat eta gehiago etorri, hobeto, dino, indartsu.

Txinara etorteko erabagia hartuko dabenei ez jake damutuko. Herrialde anfitrioiaren pabilioiaren handitasuna bertatik bertara bisitau ahal izango dabe, horren polita izan ez arren, 69 metrogaz, erakustazokako altuena da eta. Aurreikusitako kultur ekitaldietan be parte hartu ahal izango dabe, 20.000 baino gehiago izango baitira. Garrantzitsuena Urigintza Arloko Lan Onenak izenekoa izango da, Etorkizunaren Pabilioian, antxinako fabrika barriztua. Bertan, mende honen amaieran uriak zelakoak izango diran erakutsiko dabe. Duda barik, amesetaz beteriko areto horrek lotura gehiago izango dau zientzia fikzinoagaz benetako errealidadeagaz baino.

Inguru horretan egongo dira ordezkatuta, jagoken pabilioi nazionaletan egon beharrean, nazinoarteko batzorde batek aukeratutako 65 uri, tartean hiru espainiar: Madrilek bere espazio propioa izango dau, 'banbuzko etxea', eta Bartzelona eta Bilbo pabilioi berean izango dira. Bertan, azken aldian izandako eraldaketak erakutsiko ditue. Bizkaiko uriburuaren kasuan, Shanghaigaz dituan antzekotasunak ikusteko aukerea izango da argiz beteriko maketa zoragarri bati esker. Biak izan dira industriaren eraginpeko uriak, ibai baten ibilbideak erdibitzen ditu eta antzeko helburuak ditue: finantza-gune bihurtu eta turistak erakarri. Hori bai, antzekotasunen kontuagaz adi-adi jokatu behar da: Shanghaik 20 miloe biztanle ditu eta Bilbon kopurua ez da 400.000ra ailegetan.

Baina, duda barik, edozein Erakustazoka Unibersaletako ikuskizunik zoragarrienak pabilioi nazionalek eskaintzen ditue. Eta, oraingoan, ez dira atzean geratuko. Suspertze-bidean dagozan herrialdeek ez dabe gura alperrik galtzen itxi euren burua munduari erakusteko aukerea eta, krisia krisi, gehienek dirutzea gastauko dabe horretan. Saudi Arabia izango da diru gehien inbertiduko dauena bere eraikinean.

Halanda be, bisita gehien jasoko dituan pabilioia Estadu Batuena izango da. Hori dinoe, behintzat, txinatar biztanleen interesak zeintzuk diran jakiteko egindako inkestek. Amerikar potentzia izan da erakustazokan egongo dala baieztatzen azkena, baina inkestea erantzun dabenen % 48 joango dira pabilioi ha bisitetan; ondoren, Frantzia eta Japon izango ei dira gogokoenak. Erresuma Batuaren pabilioiaren handitasunak zerrendako hirugarren postuan egoteko balio izango deutso, nipondar herrialdearen parez pare. Halanda be, estetikea kontuan izanda, puntuazinorik onena lortu dauen pabilioia Dinamarka da. Espainia be aukera ona izan daiteke: bihurgune erakargarriz egindako 'otzarea' bisitarien gustukoa dala esan daiteke. Hori bai, danak eregita egon arte itxaron beharko da behin betiko irauteko ohorea zeintzuk izango daben jakin ahal izateko.

Joan ala ez joan: Erakustazoka Unibersala atxakia bikaina da Txinara amesetako bidaia egiteko. Ganera, kontuan izanda ekimenak sei hilebete irauten dituala, prezioak antzekoak izango dira lehenago zein geroago joan. Sarrerak 18 euroan dagoz salgai personako eta eguneko; ganera, hiru egunetarako zein astebeterako txartelak be eros daitekez. Ikusitakoak ikusita, leitekeana da hiru egunetarako pasea ezinbestekoa izatea ekimen honetako txoko guztiak behar dan moduan bisitetako. Egun, Bilbotik Shanghaira 800 euroren trukean joan daiteke hegazkinez (joan etorria Europako uribururen batean eskalea egin ostean).

Lo egiteko: eskaerea handia izan arren, Shanghain ostatu hartzea ez da horren karua. Bi lagunentzako gela txukunak topau daitekez gaueko 20-25 euroan. Joan aurretik erreserbetea da onena eta, horretarako, Txinako bidaia agentzia garrantzitsu bi dagoz: www.elong.net eta www.ctrip.com. Deskontu handiak eskaintzen ditue, beste edozein agentziak baino hobeak, bertakoak diralako. Halanda be, posible da azken momentuko eskaintza onak topetea edozein agentziatan.

Jateko: Shanghain ez dozu goserik pasauko. Posible da hilabeteak egotea txinatar gastronomia probau barik baina hori ia delitu larria dala autortu behar da. Edozelan be, txinako uriburu ekonomikoak ahogozagarri ugari eskaintzen ditu prezio onean. Meilongzhen jatetxea (Nanjing Xilu, 1388) bisitetea oso gomendagarria da Shanghai bertako platerak probau gura izan ezkero eta japoniar sushi ezagunaz gozetako; Kuluska jatetxeak (Kanding Lu, 528), barriz, herrimina kenduko deusku eta pintxoak jan ahal izango doguz kalimotxo gozo bategaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu