Schommerren lanaren atzerabegirakoa, Bilboko Arte Eder Museoan
2010-02-09 12:00 KultureaAlberto Schommer (Vitoria-Gasteiz, 1928) argazkilariak bere lanaren lehen atzerabegirakoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoan. Bere ibilbide profesionaleko 55 urtetan egindako 100 lan batu ditue.
Alberto Schommer (Vitoria-Gasteiz, 1928) argazkilariak bere lanaren lehen atzerabegirakoa aurkeztu dau Bilboko Arte Eder Museoan. Bere ibilbide profesionaleko 55 urtetan egindako 100 lan batu ditue. Gasteizko argazkilariak, argazkilaritza tradizionala erabilten dauen arren, 'argazkilaritza barria eta eskaintzen dauen baliabide tekniko izugarriak' goraipatu ditu.
Zezeilaren 9an zabalduko ditu ateak eta maiatzaren 16ra arte izango da, hiru ataletan: 'Hasierako garaia', 'Paisajeak eta uriko eszenatokiak', eta 'Esperimentazinoa eta eszenaratzea'. Schommerren lan garrantzitsuenak erakusten ditu, 1955an Gasteizen lehen argazkiak atara zituanetik, 2008an Cascografías volumétricas egin ebanetik.
Schommer Espainiako argazkilaririk ezagunenetakoa bada, erretratuaren generoagaitik da. Orain ia berrogei urtetik hona, hainbat erretratu argitaratu ditu komunikabide ugaritan, eta, bertan, boterea, ekonomia eta kultura eszenifikau ditu; modu horretan, Espainiako azken urteotako historiari buruzko friso zabala osotu dau. Erretratau dituanen artean, besteak beste, Gabriel Celaya, Salvador Dali, Andy Warhol edo Eduardo Chillida dagoz.
Erakusketearen aurkezpenean, bere burua 'besteentzako lan egiten' dauen lagun bat bezela definidu dau, 'besteek gozetako'. 'Margolaria izan nintzan, arkitektua eta filmak egin nituan eta azkenean Irving Penni (AEBetako modazko argazkilari bat) esker konturatu nintzan argazkilaria izan behar nintzala', adierazo dau.
Schommerren lanean aditua eta argazkigintze aren teorikoa dan Alejandro Castellote da erakusketaren komisarioa eta Arabako egilea goraipatu dau: 'besteek gizakiaren alderdi iluna azaltzen daben bitartean, Schommerrek ikuspuntu positiboa erakutsi dau beti' eta hori izan da bere ibilbidearen ezaugarria.
Kontuak kontu, erakusketa honetarako aukeratutako ehun lan baino gehiagoko sortaren artean, besteak beste, vintages lanak eta lehen garaiko kopia modernoak dagoz, bai eta zenbait sailetako argazkiak be (Paisaje baltzak, Maskarak edo Kaskografiak sailetakoak, besteak beste). Lan horreen bitartez, Schommerrek 1978tik gaur egunera arte argitaratu dituan liburuak gainbegiratzen dira. Erakusketearen azken atalean, fotomuntaiak eta pieza bolumetrikoak egongo dira ikusgai.
Schommerren lana herrialde askotan erakutsi izan da, eta nazinoarteko panoramako aldizkaririk ospetsuenek be argitaratu ditue bere argazkiak. Bere ibilbide profesional luzean, hainbat eta hainbat sari jaso izan ditu, eta mundutik zehar egindako bidaiei buruzko erreportajeen barri emoten daben hirurogeita hamar liburutik gora argitaratu ditu. 1996an, San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartu zan, eta, joan dan 2009an, Kultura Ministerioak Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea emon eutson. Berrogeita hamarreko hamarkadan argazkigintza espainiarreko mobimentu barritzaileakaz izan eban loturatik, Schommerren ibilbide luzea erronka formalez beteta egon da, Irving Penn eta William Kleinen hasierako lanaren eraginpean; izan be, argazkigintzearen izaera artistikoa defendidu nahi izan dau beti. Bere erreportaje, natura hil, paisaje, erretratu eta kaskografiak Espainiako memoria bisualaren eta argazkigintzearen historiaren parte dira dagoeneko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!