Guggenheim Bilbao Museoko 'Frank Lloyd Wright' erakusketeak 233.000 bisitari jaso ditu, amaitzeko egun gitxi falta dirala

Bizkaie! 2010-02-09 10:06   Kulturea

2009ko irailaren 22an edegi zan erakusketea Iberdrolaren babesari esker, eta publikoak eta kritikak 'harrera ona' egin deutse. Frank Lloyd Wright arkitekto estadubatuarrari Europan inoiz eskaini jakon erakusketarik zabalena da.

Guggenheim Bilbao Museoak zezeilaren 14an zarratuko dau 'Frank Llody Wright' erakusketea eta honezkero 233.000 lagunek bisitau dabe. 2009ko irailaren 22an edegi zan erakusketea Iberdrolaren babesari esker, eta publikoak eta kritikak 'harrera ona' egin deutse, museo bilbotarreko arduradunek jakinarazo dabenez.

Frank Lloyd Wright arkitekto estadubatuarrari Europan inoiz eskaini jakon erakusketarik zabalena da. Bertan ikusgai dagoz jatorrizko 200 marrazki, maketak, animazino digitalak eta beste hainbat euskarri, arkitekto ezagunak espazioaren kontzeptua zelan aldatu eban azaltzeko, hau da, 'barrutik kanpora' diseinetan ebala azaltzeko.

Erakusketa hau zarratu aurretik, zezeilaren 13an, Guggenheim Bilbao Museoak 'Robert Rauschenberg: Gluts' erakusketea edegiko dau, eta zezeilaren 16an, barriz, 'Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak', museoaren funtsei eskainitako lehen erakusketea, hain zuzen be.


Berbaldia

Frank Lloyd Wright-i eskainitako erakusketearen harian, zezeilaren 10ean, Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzako presidente Javier Salazarrek 'Sormena eta teknologia Frank Lloyd Wright-en lanean' izenburuko berbaldia emongo dau arkitekto estadubatuarraren sortzeko gaitasunaren inguruan.

Berbaldia Museoko Entzungelan izango da arratsaldeko 19:00etan hasita. Dobako sarrerak Museoko leihatiletan har daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu