Bidebarrieta Kulturguneak 'Darwinen Eguna' ospatuko dau

Bizkaie! 2010-02-08 17:18

Bidebarrietako Liburutegiak hiru berbaldi eta mahainguru bat jasoko ditu datorren barikuan, zezeilak 12, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, orain 201 urte Charles Darwin jaio zan egunagaz bat etorriz mundu osoan ospatzen dan 'Darwinen Eguna' ospakizunaren barruan.

Bidebarrietako Liburutegiak hiru berbaldi eta mahainguru bat jasoko ditu datorren barikuan, zezeilak 12, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, orain 201 urte Charles Darwin jaio zan egunagaz bat etorriz mundu osoan ospatzen dan 'Darwinen Eguna' ospakizunaren barruan.

Berbaldiak, izen handiko hiru ikerlari eta idazlek eskainiko ditue: Francisco García Olmedo, Madrilgo Unibersidade Politeknikoko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak, Mariano Barriendos, Bartzelonako Unibersidadeko Historia Modernoko irakasleak eta Manuel Toharia, Valentziako Arte eta Zientzien Museoko zuzendari zientifikoak.

Argi dago zientzia ezagutarazoteko jardunaldiak eboluzinoaren gaiaren ingurukoa izan behar dauela, baina klimaren eta gizarteek historian zehar izan daben elikadurearen ikuspegietatik landuko da. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sustatu dauen ekimena Bidebarrieta Kulturguneak eta EHUk antolatu dabe eta, horrezaz gan, Center for Inquiry, Círculo Escéptico, bioGUNE CIC-aren, CSIC-EHU-UPV Biofisika Unitatearen eta El Correo egunkariaren laguntzinoa dauka.

Berbaldiak 18:00etan hasiko dira, Francisco García Olmedoren (Cadiz, 1938) 'Autoselección artificial de la especie humana: la dieta como artificio' berbaldiagaz. Landareen Injinerutza Genetikoan espezializatuta dagoan zientzialari eta idazle horrek landare espezieen hobekuntzara zuzendu dau bere ikerketa lana. Transgenikoen iraultzea, bio-erregaien auzia, nekazaritza ekologikoaren errealidadea, landareen nutrizinoa edo babesa dira bere lanean aztertu dituan alorretako batzuk, eta alor horreetan benetako erreferentea da.

18:45ean, Mariano Barriendosek (Bartzelona, 1963) Bartzelonako Unibersidadeko Historia Modernoko irakasle eta klimatologia historikoko adituak hartuko dau txandea, 'La sociedad ante el clima y sus manifestaciones severas. Evolución de la religiosidad y la ciencia desde la Edad Media' izeneko berbaldiagaz.

Jardunaldia zarratzeko ardurea Manuel Tohariarena (Madril, 1944) izango da, arratsaldeko 19:40etatik aurrera, 'Clima y Evolución' berbaldiagaz. Zientzia Fisikoetan dago lizentziatuta, Kosmosaren Fisikearen espezialidadean. Manuel Tohariak bere karreraren zati handia dibulgazinora zuzendu dau, kazetari zientifiko lana egin dau hainbat eta hainbat argitalpenetan eta irrati eta telebista saiotan, eta nazino mailako zientzia dibulgatzaile garrantzitsuenetakoa da. Bere ibilbidean 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat sari jaso ditu; horreen artean azpimarragarria da Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluak (CSIC) emondako Zientzia Kazetaritzearen Saria.

Jardunaldietarako sarrerea dobanekoa izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko leku guztiak bete arte. Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotza ospatzen dauen laugarren urtea da, eta aurreko ekitaldietan ikus-entzuleek harrera bikaina emon deutsie.

Bidebarrieta Kulturgunea zientziari eta kulturari eskainitako gunea da, eta bere helburuetako batzuk zientzia ezagutarazotea eta zientziagaz lotutako gaiak guztiei hurreratzea dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu