Mundua liluratuko dauen uria (I)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2010-02-03 11:38   Bidaide
Bizkaie Shanghaiko Erakusketa Unibersalean egon da

Ahaztu Zaragozan orain dala urte bi antolatu ebena. Shanghaiko Erakusketa Unibersala eta ha ez dira ezta antzekoak be. Ez garrantzian, ze txinatarra unibersala da eta espainiarra internazionala izan zan, ezta tamainuan: asiar erraldoiko uriburu ekonomikoa Aragoiko uriburuan antolatu zana baino 20 bider handiagoa izango dan ekimena preparetan dabil.

Ahaztu Zaragozan orain dala urte bi antolatu ebena. Shanghaiko Erakusketa Unibersala eta ha ez dira ezta antzekoak be. Ez garrantzian, ze txinatarra unibersala da eta espainiarra internazionala izan zan, ezta tamainuan: asiar erraldoiko uriburu ekonomikoa Aragoiko uriburuan antolatu zana baino 20 bider handiagoa -hedakuntzan- izango dan ekimena preparetan dabil; pentsau, Monako herrialdeak hartzen dauen lur eremuaren bikotxa izango da. Halanda be, askok urari eskaini jakon erakusketa ha daukie buruan erreferente legez Shanghaikoa zelakoa izango dan irudikatzeko eta epaitzeko orduan.

Munduan gehien hazten ari dan herrialdean antolatuko dauen erakusketea ezin da aurrerago antolatutakoakaz konparau. 'Better City, Better Life' (Uri hobea, bizimodu hobea) izenburupean, nazinoarte mailako 242 herrialde eta erakundek hirigintza arloko punta-puntako joerak erakutsiko ditue mundua liluratu guran. Eta handitasunez egin, ganera. Herrialde edo erakunde bakotxak bere aldetik eregiko dituen pabilioietako aurrekontuak albo batera itxita, Shanghaiko Erakusketearen aurrekontua 3.000 miloe eurokoa da. Kantidade horri Gobernuak uria polito jarteko zuzenduko dauena gehitzen badeutsagu, fakturea 40.000 miloe eurokoa izango da, Pekinen Joko Olinpikoak antolatzeko erabilitakoaren parekoa.

Maiatzaren 1ean edegiko ditu ateak Txinak munduari bere indarra erakusteko erabiliko dauen bigarren ekimenak; halanda be, Bizkaie!-k azpiegiturak bisitetako aukerea izan dau, ia-ia amaituta dagoz eta. Duda barik, harrigarria da. Bisitaria inurri baten pare sentiarazoko dauen handitasunaz gan, eraikinak be ikusgarriak dira. Milaka behargin dabilz bertan lanak amaitzen.

Beharginak buzo urdinez jantzita doaz eta, buruan, kazetariak agertu arte sekula jantzi ez dabela emoten daben kasko hori garbi-garbiak daroez. Begien aurrean daukagun anakronismoa itzela da: etorkizuneko eraikin erraldoiak, punta-puntako materialak eta ia irudikatu ezineko formak sasoi batekoak emoten daben mailu eta gurdien pare-parean dagoz. Beharginen irudi horrek mende honen amaierako eraikinak zelakoak izango diran adierazoten deusku zeozelan, izan be, erakusketa honen atzean dagoan esfortzua eta lana sekulakoa da.

Shanghaiko Erakusketa Unibersalak adimendun eraikinak eta euren burua gobernetako modukoak proponiduten ditu. Ekimenak sortuko dituan CO2 emisinoak bost urtean desagertzeko modukoak izan daitezan lortu gura dabe; horretarako, pabilioiak material bereziakaz eregita dagoz, erabilitako ura barriro erabilteko moduan jarteko sistemak daukiez eta energia kopuru ahalik eta txikiena gastetan dabe. Hori gitxi izango balitz, Expo barruko garraioa ez da kutsagarria izango eta Shanghai 2010en komunikazino arduradun Xu Wei-ren esanetan, 'hori guztia biztanleek ingurugiroa jagoteaz kontzientzia har dagien egiten dogu'. Txinak horren beharrizan larria dauka.

Duda barik, erakusketea modu birtualean bisitauko daben bisitariak izango dira gitxien kutsatuko dabenak, bape, hobeto esateko. Historian lehenengoz, pabilioi guztiak ordenagailuaren pantailearen bitartez ikusi ahal izango dira. Expo Virtual izenburupean, Txinara arte joan ezin diranek pabilioietan zer dagoan ikusteko aukerea izango dabe. Eta itxaron-zerrendarik barik.

Ez pentsau azken komentario hori brometakoa danik. Antolatzaileek egunean, batezbeste, 400.000 lagun etorriko dirala aurreikusten dabe; jente gehien hurreratuko dan egunetan, kopuru hori bikoiztu egin daiteke. Pabilioi bakotxak egunean 30.000 bisita baino gehiago ezin izango dituala hartu kontuan izanda, eremu bakotxera sartzeko luzaroan itxaron behar izango dala aurreikus daiteke. Baina Xu gehien arduratzen dauena ez dira jente-ilara luzeak: erronkea, horrelako jentetzeagaz, segurtasun-arloan dago. 'Poliziaren presentzia ahalik eta neurrikoena izan daiten ahaleginduko gara, baina, egon, egongo da', azaldu eban kazetarion bisitea hasi aurretik egindako prentsaurrekoan. Segurtasun-plana oraindino erabat diseinau barik dagoala onartu eban. Hori bai, jakinarazo eban pabilioietara ezin izango dala edariakaz sartu, 'baina ehun metro eskasera beti egongo da edateko zeozer erosteko aukerea'.

Erreportajearen bigarren zatian, pabilioi ikusgarrienetan zehar ibiliko gara eta Bilboren ordezkaritzea egongo dan lekua be bisitauko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu