Mariella Devia sopranoak errezitaldia emongo dau Bilboko Arriaga Antzokian
2010-02-01 14:47 MusikeaNazinoarteko opera eta kontzertuen zirkuituan bakarlari ezaguna da Devia sopranoa, eta munduko agertoki nagusietan abestu dau; ohiko konbidatua da Milango Alla Scala Antzokian, Londresko Covente Garden-en, New Yorkeko Metropolitan-en eta Carnegie Hall-en, Pariseko Opera Nazionalean edo Amsterdameko Concertgebown-en.
Mariella Devia soprano italiarrak errezitaldia eskainiko dau gaur, zezeilak 2, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian, Massimiliano Bullo pianistearen laguntzinoagaz. Nazinoarteko opera eta kontzertuen zirkuituan bakarlari ezaguna da Devia sopranoa, eta munduko agertoki nagusietan abestu dau; ohiko konbidatua da Milango Alla Scala Antzokian, Londresko Covente Garden-en, New Yorkeko Metropolitan-en eta Carnegie Hall-en, Pariseko Opera Nazionalean edo Amsterdameko Concertgebown-en. Horreetan guztietan lehen mailako zuzendarakaz lan egin dau, besteak beste, Abbado, Mehta edo Mutigaz. Bere errepertorioan bel cantoren rol nagusiak izan ditu ondoko operatan eta beste askotan: 'Tancredi', 'I puritani', 'Rigoletto', 'La traviata' eta 'Il ratto dal serraglio'.
Bilbon egiten dauen lehenengo saioa izango da. Mariella Devia Ligurian (Italia) jaio eta Erroman bizi da. Uri horretan gradua lortu eban kantuan Santa Cecilia Kontserbatorioan. Mariella Deviak, besteak beste, Chopin, Charpentier, Liszt, Masseneten 'Manon' eta Gounoden 'Romeo et Juliette' lanen zatiak abestuko ditu, baita Donizettiren 'Ana Bolena' eta 'Maria Stuarda' operen ariak be.
Massimiliano Bullo
Bost urtegaz hasi zituan piano ikasketak, Carlo Vidusso maisuaren gidaritzapean. Ikasketak amaitzean diplomea lortu eban Milango G. Verdi Kontserbatorioan, Ernesto Esposito maisuagaz. Diplomatu baino hiru urte aurretik, 1980an, beka bat lortu eban Maisu Laguntzaile moduan La Scala Antzokian.
Aretoko Maisuaren kargua izan eban La Scala Antzokian, eta han ibili zan laguntzaile moduan 1986tik 2005era, Riccardo Muti orkestra-zuzendariagaz. 1997. urtean Fortepianoko maisu moduan parte hartu eban, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, Deccarako grabautako 'Il Turco in Italia' operearen produkzino lanetan.
Normalean La Scalako filarmonikeagaz joten dau, Italian nahiz nazinoarteko biretan. Horrezaz gan, irakaslea da Milango Musika Eskolan eta kontzertuak emoten ditu laguntzaile moduan errepertorio lirikoan eta lieder moduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!