Ikuskizun barri bi estreinauko dira aurtengo Dantzaldian

Bizkaie! 2010-02-01 14:18   Kulturea

Kukai Dantza Konpainiak, zazpi jantzari eta hiru musikarigaz, bere lan barriaren estreinaldia egingo dau aurtengo Dantzaldian, 'erro tradizionaleko jantzea jantza garaikideagaz buztartuz'. Ekitaldiak Campos Eliseos antzoki barria zabalduko dau martiaren 12an, 20:00etan.

Igaz hamarkada bat bete ostean, Dantzaldiaren hamaikagarren edizinoak, aurten, aurrekoan urtemuga horren berezia ospatzeko egindako barrikuntzak gehi beste berezitasun batzuk ekarriko deuskuz. Egitaraua eta nobedadeak gaur aurkeztu ditue Bizkaiko Foru Jauregian Josune Ariztondo Kultura diputaduak eta La Fundición aretoko arduradun Laura Etxebarriak.

Zezeilaren 7an hasiko da Dantzaldia Euskalduna Jauregian Mal Pelo konpainiaren (Girona) 'He visto Caballos' ikuskizunagaz, 20:00etan. Etxebarriaren esanetan, konpainiak 'unibersal bihurtzeko modu bat aurkeztu dau, John Berger idazle eta pentsalariaren testuak oinarritzat hartuta'. Lyoneko Käfig konpainia barriro be egongo da gure artean zezeilaren 20an, oraingo honetan Brasileko Conpanhia Urbana de Dança-gaz etorriko da pieza bi eskaintzera. 'Euren erakustaldi akrobatikoak eta erritmo bizi-biziak arnasa kentzeko modukoak dira'. Maria Donata D´Urso-k 'eremu eszenikora ekarriko dau bere azken interpretazino pertsonala' martiaren 11n, 'larruazala kanpokoaren eta barrukoaren arteko zubitzat eta metaforatzat hartuta'.

German Jauregik egun bitan eskainiko dau bikotean egindako lan bat Borja Ramos bilbotarrak sortutako musikeagaz zezeilaren 13an eta 14an, La Fundición Aretoan. Estreinaldietarako lekua be egongo da aurtengo Dantzaldian, Kukai Dantza Konpainiak, zazpi jantzari eta hiru musikarigaz, bere lan barriaren estreinaldia egingo baitau, 'erro tradizionaleko jantzea jantza garaikideagaz buztartuz'. Ekitaldia martiaren 12an izango da eta Campos Eliseos antzoki barria zabalduko dau 20:00etan.

Azken ikuskizun biak bat datoz honako ezaugarri honetan: biek euki dabe jaialdiaren kolaborazinoa piezearen produkzinoan. Ganera, talde biek eskainiko ditue tailer bereziak euren lana ezagutzera emoteko, ikuspegi teknikotik zein koreografikotik.


Zinebi Dantzaldiagaz bat

Barrikuntzen artean, aurten, honako hau aitatu behar da: Dantzaldiaren barruan, Zinebi film laburren jaialdiak tartetxua izango dau eta jantzeagaz loturea daben film laburrak ikusteko aukerea izango da, 'jantzearen irudiak zine garaikidean daukan panoramikea ezagutzera emoteko helburuagaz'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu