Agerre Teatrok David Azurza tenorea protagonista dauen 'Doltza' estreinauko dau

Karolina Almagia 2010-01-25 14:37   Kulturea
'El Quijote'-n oinarrituta dago eta Maite Agirrek igazko udan Mozambiken atondutako antzezlanaren bertsino barria da

'Doltza. Dultzinea Quixote vs Teresa Panza' da Agerre Teatro taldeak Errenteriako Niessen aretoan aurkeztuko dauen antzezlanaren izenburua. Estreinaldia datorren zezeilaren 6an eta 7an izango da, 20:00etan.

'Doltza. Dultzinea Quixote vs Teresa Panza' da Agerre Teatro taldeak Errenteriako Niessen aretoan aurkeztuko dauen antzezlanaren izenburua. Estreinaldia datorren zezeilaren 6an eta 7an izango da, 20:00etan. Maite Agirre autore, antzezlari eta zuzendariak pasa dan abuztuan Mozambiken, eta bertako konpainia bategaz muntautako antzezlanaren egokitutako bertsino bat da hau, publiko gazte eta helduari zuzendua.

Cervantesen 'El Quijote' ospetsua oinarri hartuta, Maite Agirrek berak (2007ko eta 2008ko Espainiako arte eszenikoetako Max sarietako euskerazko antzerki autore onenaren saria) idatzi dau antzezlana. Obra honen abiapuntua Mozambiken dago. Hain zuzen be, Agerre taldeko zuzendariak Maputoko Luarte taldegaz antzezlan baten lan egiteko proposamena jaso eban igaz. Konbidapen haren emoitza edo fruitua 'Dulcineia e o cavaleiro dos leoes' izan zan; Maputoko Teatro Avenidan estreinau eben antzezlana, eta polizia-nobelak idazten dituan Henning Mankell suediar entzutetsua dau buru. Erabateko ezustekoa izan zan bertako publikoarentzat, ez baitago ohituta 'laugarren horma' deritzona haustera.

Mozambiketik itzultzean antzezlana berridazteari ekin eutson Agerre Teatroko zuzendariak, batik bat hemengo publikoarentzat egokitzeko helburuagaz. Hori holan, 'Doltza. Dultzinea Quixote vs Teresa Panza' euskeraz eta gaztelaniaz estreinauko da, zezeilaren 6an eta 7an, hurranez hurran.

Lan-talde barria eta edukien aldaketea kontuan hartuta, agertoki afrikarrek hartu eben 'Dulcineia' haretatik nahiko urrun dago obra hau. Antzezlan bien argumentua antzekoa da: komediante eta musikari zoroen talde batek 'El Quijote' antzeztu nahi dau eta horretarako aretoan dagozan ikusleen alkarlana eskatuko dau. Edozelan be, bertsino barri honetan Mozambikeko errealidade sozial eta politikoari keinu egiten deutseezan erreferentzia guztiak desagerrarazo ditue, bai eta horreen ordez gure gizarteko beste zenbait aitamen gaineratu be.

Bestelako elementu batzuk, barriz, mantendu egin dira, dramaturgia, eszenografia –Amaia Zabalak diseinautakoa, eta ardatz nagusitzat txalaparta handi bat dauena– edota antzezlanaren argiztapena, kasu. 'Salaketa-antzerkia egitera ohituta egozan Mozambiken, nahiko trinkoak ziran forma zein edukiakaz –azaldu dau Maite Agirrek–. Guk geuk be garai hori pasa genduan frankismoan. Horregaitik, bada, agertokia argiz bete nahi izan neban, nahiz eta salaketa-tonuari eta mezuari eutsi. Harrera beroa izan eban'.

Antzerkia antzerkiaren barruan. Horixe da 'Doltza', eta bertan oinarrizkoa da publikoagazko konplizidadea, Agerre taldearen ikuskizunetan ohikoa dan legez. Musikea be funtsezko elementua da; hain garrantzitsua da ze On Kixoteren papera musikari batek egiten dauela, eta ez aktore batek. David Azurza tenore tolosar ospetsuak operea antzezten dau eta lehenago be kolaborau izan dau Agerre taldeagaz. 'Intuizino handia dauka eta gozamena da eszenan zelako presentzia fisikoa dauen ikustea. Oso aldakorra da', nabarmendu dau zuzendariak.

Azurzagaz batera, obra honetan John Bolduan, Inazio Tolosa, Kepa Fersán, Iker de la Concha, Erik Probanza, Amaia Corral, Iñaki Larrañaga, Ainhoa Pineda eta Maite Agirre bera be badabilz antzezle lanetan. Horreekaz batera, agertokian Abarchic Salem Mohamed afrikar-euskalduna be agiri da. Azken horregaz, Maite Agirrek Afrikako esperientziagazko zubi bat eregi nahi dau, 'nire ibilbidean lehena eta geroa markau baititu'. Abarchic bereberra da, Tolosan bizi da gaur egun eta euskeraz berba egiten dau. Musikazale eta antzerkizale honek obran antzezten dauen papera ur-saltzaile batena dan arren, Maite Agirrek 'Don Quijoteren alter ego' legez definiduten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu