Urrezko debozinoa
2010-01-15 13:26 BidaideBirmaniarren debozino sutsuagaitik izango ez balitz, Mahamuni-ko Budearen irudia milaka irudiren artean beste bat baino ez litzateke izango. Planetako pobreenetarikoak izan arren, Myanmar-eko (lehengo Birmania) fededunak Mahamuni-ko Buda munduko leku ikusgarrienetarikoa bihurtu dabe.
Birmaniarren debozino sutsuagaitik izango ez balitz, Mahamuni-ko Budearen irudia milaka irudiren artean beste bat baino ez litzateke izango. Eskulturea zelakoa dan ikusita, ez da ez beste munduko ezer ezta berezia be: jainkotasuna, brontzean zizelkatuta, jesarrita eta trankil agiri da, harribitxiz egindako koroa ez hain polit bat buruan jantzita. Bertakoek Budaren irudia dala dinoe, Kristo aurreko 554. urtean herritarren aurrean eginda ei dagoalako. Halanda be, adituek dinoe, berez, lana hainbat urte geroagokoa dala, gure aroko lehenengo mendekoa, gitxienez. Eta, antza danez, eskulturea ez da ezta orain dagoan tenplukoa be. 1784an auzoko Rakhaing erreinuko Bodawpaya erregeak baimenik barik altxor moduan atrapautakoa ei da.
Planetako pobreenetarikoak izan arren, Myanmar-eko (lehengo Birmania) fededunak Mahamuni-ko Buda munduko leku ikusgarrienetarikoa bihurtu dabe. Egunero, eguzkiak urten baino lehenago, tenpluko monjeek lau metoko altuerea eta 6,5 tonako pisua dauen eskulturea preparetan dabe. Ondoren, eskulturea munduan ezagun egin dauen ikuskizunari hasierea emoten deutse eta, ezer jan barik be, Buda honen irudia handitzen doa egunek aurrera egin ahala.
Dana egon behar da apainduta eta txukun-txukun. Arpegiari dizdiz egin igurtzen dabe eta haginei be eskubilea pasetan deutse. Behin Jangoikoa artezauta eta apainduta, ehunka gizon plataforma estu baten ganean jarri eta gorantza joaten hasten dira, euren errespetua modu berezi honetan adierazoteko: dekorazinorako urrezko txatal txikitxuak inketan deutsiez gorputzean euren otoitzak eta eskaera personalak egiten dituen bitartean. Ez jausteko kontu handiz ibili behar dira, ez dago-eta ezelako babesik eta oholtzea oso estua da. Baina borondatea bildurra baino indartsuagoa da.
Urteen porasuz, urtutako urreagaz egindako txataltxu txiki horreek 15 zentimetroko kapa baliotsua osotu dabe Budaren eskultura erraldoiaren perimetro osoan. Arpegia da gehien gurtzen daben atala; inork ez dau ikutzen eta, gorputzagaz konparau ezkero, oso desbardin dago: arpegiak oso leun eta distiratsu dago; gorputza, barriz, ilunago eta urrezko gorabeherakaz beteta. Bertako monje zaharrenetarikoaren esanetan, 500 kilo ei dagoz urre gorritan.
Gizonezkoek erritua beteten daben bitartean, emakumeak pasabidean dagoz otoitz egiten, galarazota daukie-eta eskulturea dagoan lekuraino joatea. Eurentzat, eta jentez beterik egoten diran ospakizunetan sartu ezin diran guztientzat, telebista-pantaila erraldoiak jarri dira errituak zuzenean jarraitu ahal izateko. Izan be, XXI. mendean, planetako lekurik ostenduenetarikoan be, Budak bat egin dau teknologia barriakaz.
Mandalay Budea, halanda be, ez dago horren ostenduta. Ia-ia, baina ez. Myanmar erdi-iparraldeko uri honetara ailegetea ez da bape erraza. Lehenengo, herrialdeko erdigunean dagoan Yangon urira joan behar da hegazkinez eta, gero, autobusez edo trenez, 'iparraldeko uriburua' deritxaneraino ailegau. Milaka lagunek egiten dabe bidea garraiobide horreetan, izan be, Mandalay Asiako uri erakargarrienetarikoa da. Mahamuni-ren Budeaz gan, tenplu interesgarri ugari dagoz hemen eta, kultura aldetik, beti dago zeozer ikusteko.
Hori bai, hainbat bidaiari arduratuta dagoz Myanmarreko gobernuaz zorrotz arduratzen diran militar ustelduek ez ote deutsiezan dolarrak lapurtuko. Edozelan be, erraza da hori ez pasetea. Horretarako, leku pribaduetan egin behar da lo, ez gobernuaren hoteletan, eta lekuan lekuko gida-turistikoen zerbitzuak kontratau, ez ofizialak. Holan, Batzorde Militarrari jaten ez emoteaz ganera, herritarrei irabaziak ixten jakez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!