Badator 2010eko Expodistrito
2009-12-30 16:47 KultureaUrtarrilaren 4an hasiko dan Expodistritoren helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita honezkero ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be.
'Expodistritok', Bilboko barrutietako udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak urtarrilaren 4an emongo deutso hasierea 2010eko lehen hiruhileko egitarauari. Oraingo honetan, gure uriko zazpi barruti zentroetako edozeinetara hurreratzen diranek sei erakusketez gozau ahal izango dabe martiaren amaierara arte, argazkigintzeari eskainitako lau erakusketez eta pintureari eskainitako bi erakusketez, hain zuzen be.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero martxan jarten dauen proposamena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita honezkero ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be.
Ohikoa danez, erakusketak txandakatu egingo dira Abando-Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños eta La Bolsa-Ibaiondoko zentroetan. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak zentroetan bertan, udal web gunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian kontsultau ahal izango dira.
Urteko lehen hiruhilekoan, udal instalazinoek honako erakusketaak jasoko ditue:
Argazkigintzea
Distrito Foto'09. Erakusketa hau San Inazio-Ibarrekolandako zentroan ikusi ahal izango da lehen aldiz, urtarrilaren 4tik 15era bitartean, eta Kultura eta Hezkuntza Sailak, argazkien bitartez, gure hurreko ingurua, auzo bakotxeko txokoak, hobeto ezagutzea bultzatzeko antolatzen dauen argazki lehiaketearen azken edizinoan irabazle izandako lanez gozau ahal izango dogu.
'Memorias de un bilbaino', beste inon baino lehen Castañoseko Udaltegian bisitau ahal izango da, hori be urtarrileko lehen astean. Bertan, Gabriel Barandaren argazkien bitartez, etenbarik aldatzen ari dan uria bisitau ahal izango da.
'El alma varada' erakusketeak, bere egunean lehen mailako euskal ontzigintza industria izan zanetik ibilbidea egiteko aukerea emoten deutso ikusleari. Erakusketa honen irudiak Jon Rodríguez Bilbaok hartu zituan Euskadiko ontziola guztietan, ontzigintza sektorearen eta, batez be, bertako langileen errealidadea erakutsiz, gizakia burdinaren eta makinen kontrapuntu moduan jarrita. Erakusketa ibiltaria Abando-Barrainkuako zentroan ikusi ahal izango da lehenengo, astelehenetik aurrera.
'Shanhai' bizitasun handia eta eraldaketa prozesuan bete-betean dagoan uriari buruzko Mikel Alonso egilearen 20 argazkiren aukeraketea da. Irudietan Shangaiko portuaren dinamismoa, merkatuak, auzo zaharren eta uri barriaren arteko kontrastea... hau da, lehen aldiz bisitetan dituan kaleetatik oinez ibiliz, jakin-minez betetako begiak topetan dauena erakusten deusku.
Pinturea
Pintura, Guillermo Ortega Ituiñoren eta Rosa Valbuenaren eskutik helduko da Barrutiko Udaltegietara hiruhileko honetan.
Rosa Valbuena Cuestak goitik behera menperatzen dau marrazketea, berak bere buruari planteetan deutsozan eta berak konpontzen dituan zailtasunen bitartez. Azpimarragarria da erregistroen aldaketan egiten dauen lana. Holan, margolaria esperimentetan hasten da, eta pinturatik akuarelara bilakaerea egiten dau, tradizinoaren haustura arriskutsuari ekiten deutso, itzulpen plastiko barriaren bila. Erakusketea urtarrilaren 18tik aurrera ikusi ahal izango da, Begoñako Udaltegian.
Guillermo Ortegak umetatik izan eban pinturarako joera, eta, orain denpora gitxi, bere lanetik erretirau eta gero denpora gehiago izan dauenean, umezaroko zaletasunari berrekin eta mihiseak eta pintzelak barriro hartzea erabagi dau. Bere inguruak, familiak batez be, marrazketa zainduan eta errealidadez betetako koloreetan oinarritutako lanak erakustera animau dau. Lanotan gure uriko txoko bitxiak dira azpimarragarri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!