Nire sofan egin zeinke lo (eta II)
2009-12-22 14:26 Bidaide'Couchsurfing'-aren ganeko erreportajearen bigarren zati honetan, bidaiatzeko modu barri honek ekar leikezan onurak eta trabak aztertuko doguz.
'Couchsurfing'-aren ganeko erreportajearen bigarren zati honetan, bidaiatzeko modu barri honek ekar leikezan onurak eta trabak aztertuko doguz.
'Couchsurfing' webguneak hasiera-hasieratik ixten dau argi leku hori ez dala 'zitak egiteko sarea'. Halanda be, webguneari erabiltzaile bakotxak emoten deutson erabilerea oso desbardina izan daiteke. 'Duda barik, bada sozializetako modu bat eta sortu izan dira bikoteak', dino Elnie Sumantry-k, Singapurreko CS taldeko kideak. 'Sexua be badago, baina ez beste edozein lekutan sortzen dan modukoa; eta, askotan, neskea izaten da mutilaren ohean sartzen dana'. Hori dala eta, bikote askoren artean matrakak sortzen dira: 'Nire mutil-lagunak hauxe esan eustan: CSa ala neu. CSa aukeratu neban, zelan ez', dino barre algaraka Sumantry-k. 'Garrantzitsuena errespetua izatea eta gauzak hasieratik argi ixtea da', zehaztu dau Vázquez-ek.
Oso gatxa da 'couchsurfer'-en arteko eretxi negatiboak topetea. Eta, topau ezkero, gehienak garbitasun, txukuntasun eta kulturarteko desbardintasunen ganekoak dira. Daniel Tonda eta Ana Zalamea bikote balentziarrak CS bidez egiten ditu bidaiak. 'Munduari edegita dagoan leiho bat da', dinoe. Baina alde txarrak be baditu, pribadutasunari jagokonean, kasurako. 'Behin, gauetan DJ moduan behar egiten eban maisu baten etxean egon ginan. Ailegau ginanean, berak eta bere bikoteak lo egiten eben ohe berean egin behar genduala lo konturatu ginan. Gu ez gengozan ados; gau horretan lurrean egin genduan lo eta hurrengo egunean hotel batera joan ginan'. David Vázquez-ek gogoan dauka, baita, lau poloniar etxean hartu zituaneko aldia: 'vodka-z beteriko maleta bategaz etozan'. Mozkortu egin eben eta, ordutik, asteburuetan baino ez dau hartzen jentea. Badaezpada. Suzana Ourique -Madrilen bizi da baina, jatorriz, brasildarra da- Marokora joan zanean, oheak eukan hatsak ez eutson itxi lorik egiten. 'Mutikoak ez zituan izarak garbitzen. Baleiteke hori be ezaugarri kultural bat izatea, baina garbitasuna garrantzitsuagoa da niretzat kulturea baino'.
Pasau leiteke, Malagako Hugo izeneko ‘couchsurfer’-ak dinoan moduan, azken momentuan ezin joan ahal izatea nonoren etxera, azken momentuan jazotako zeozergaitik ezin zaituelako apopilo hartu. 'Kasu horretan, urtenbide bakarra hotel bat hartzea edo bisitauko dozun uriko taldeari prisazko mezu bat idaztea da'. Koldo Burgoa ohituta dago azken momentuan etxerik barik geratu dan jentea hartzen. Eta, batzuetan, uri bereko CS taldeak konbidauak alkartrukatzen ditue batek edo besteak ezin badau etxean hartu ezustekoren bategaitik. 'Azken batean, lagun-talde bat gara', zehaztu dau euskaldunak.
'Couchsurfing' da bidaiatzeko modurik onena? Itaundutako gehienek ezetz dinoe. 'Bat gehiago da', uste dau jatorri asiarreko Cindy Huang estadubatuarrak. Burgoak hartu dau Bilboko etxean. Huang-en esanetan, onena konbinetea da: 'CSari esker, jentearen eta kulturearen arteko loturea erabatekoa da, baina intimidadea galtzen dozu eta etxean hartzen zaituenak eskaintzen deutsunera moldatu behar zara. Batzuetan, norberak bere espazioa gura izaten dau eta, orduan, hoba da hoteleko gela bat hartzea. Bestalde, aterpetxeak oso onak dira beste bidaiari batzuk ezagutu eta esperientziak alkartrukatzeko'.
Ourique-ren ustez, barriz, ez dago CS bidez bidaiatzea baino modu hobarik. 'Leku barri bat bertakoen begiakaz ezagutzeko bide bakarra da. Etxeak zelakoak diran, zelan bizi diran, zer jaten daben...'. Hugo de Arcos-ek be, Elnie Sumantry-ren modura, bere etxeko giltzak 'CSko lagunen eskura' ixten ditu eta bat dator ikuspuntu horregaz. 'Niretzat, egun, ez da bidaiatzeko modu onena, bakarra baino. Hotelera banoa, inor topau ez dodalako izango da, ez nik gura dodalako'.
Shiyun Ong, Attila Tomasovics eta Mickaël Dehez herrialde desbardinetako (Singapur, Hungria eta Frantzia) hiru gazte profesional dira. Alkarregaz bizi eta CS zaleak dira. Hiru sartzen diran lekuan, lau be sartzen dira. Kazetari hau euren etxeko egongelan hartu dabe eta indiar auzoko tabernazulo batera eroan nabe uriaren gaueko giroa ezagutzera. Danetara, Singapurreko CS komunidadeko 50 lagun baino gehiago alkartu dira; batzarra, webgunearen eta Facebook sare sozialaren bitartez bialdutako mezu baten bidez antolatu dabe. 'Lagunak egiteko eta herrialdeko maila sozial guztietako jentea ezagutzeko modu parebakoa da', dino Tomasovics-ek. Gaur bere urtebetetzea ospatzen ari da. 'Azken batean, familia handi bat gara'.
‘Couchsurfing’-ak oroitzapen onak ixten ditu. Hilebete baino ez da pasau eta etorkizunean irauteko moduko lagunak egin dodaz. 'Garrantzitsuena kontaktua ez galtzea da, hori baita esperientzia honen parterik oinarrizkoena, azken batean, bidaiatzeko modu bat baino, bizimodu mueta bat da', azaldu deusku Ong-ek. 'Sarritan, sekula bisitauko ez zenduzan lekuak bisitetan dozuz CSari esker egindako lagunakaz', ganeratu dau Jaione Villatek. 'Beraz, sare honetaz gozetan segiduteko, ez ahaztu ezagutu dozuzan guztien ganean erreferentziak idaztea', gogoratu deusku Hui Ling Law-k.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!