UEUk 'Kalkulu diferentziala eta integrala' aurkeztu dau zientzia ikasketetan erreferentzia dan liburua

Bizkaie! 2009-12-17 14:42

'...Ez da oso ohikoa izaten 1.000 orrialde baino gehiagoko liburuak argitaratzea, eta are gitxiago itzulpen baten bigarren argitalpena egitea. Hortxe dago UEUren konpromisoa'.

Liburua aurkezteko Bilbon egindako prentsaurrekoan Lore Erriondo, UEUko Zuzendaria, Patxi Angulo, itzulpenaren arduraduna eta Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko Zuzendaria izan dira.

UEUko zuzendariak adierazo dauenez, 'Udako Euskal Unibersidadeak pozez aurkezten dau 'Kalkulu diferentziala eta integrala' liburuaren euskerazko bertsinoaren bigarren argitaraldia. Testu txukun, argia, zientifikotasun-maila jasokoa eta zientzia alorreko ikasle zein irakasle euskaldunentzat guztiz erabilgarria izango dana, ezelako duda barik. 36 urteko ibilbidean, Udako Euskal Unibersidadeak ia 400 liburu unibertsitario produzidu ditu, esparru txiki honetako lidertza hartuaz. Hori posiblea izan da hiru arrazoi nagusi tarteko dirala: batetik, unibertsitario euskaldunen konpromiso garbiagaitik; bestetik, lan horreek gauzatzeko UEUk berak egin dauen esfortzu profesionalagaitik eta azkenik UEUgaz kolaboretan daben erakunde publiko nahiz pribatuen diru-laguntzinoa beti gitxi eskertuagaitik, euren laguntzino barik, lan intelektual honeek paperera ekartea ezinezkoa litzateke neurri handi batean. Kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa izan dau eta zinez eskertu nahi deutsagu atxikimendua. Oraindino gaur egun unibersidade mailako euskerazko dokumentazino bolumena urria da; baina maila honetako sorkuntzea sustatu eta zabaltzea ezinbestekoa da edozein gizarteren garapenerako. Bide horretan, UEUk hutsune hori beteteko erronkea hartu eban orain hiru hamarkada, eta sendo eusten deutso helburu horri. Horren froga argiena gaur aurkezten dogun liburua, izan be, ez da oso ohikoa izaten 1.000 orrialde baino gehiagoko liburuak argitaratzea, eta are gitxiago itzulpen baten bigarren argitalpena egitea. Hortxe dago UEUren konpromisoa'.

Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko Zuzendariaren esanetan, barriz, 'liburu hau Matematiken biblia da eta benetan pozgarria da unibersidadean zientzia eta injinerutza ikasketetan ibiliko diran irakasle zein ikasleren eskura jartea liburu hau euskeraz.

Foru Aldundiaren helburua da euskerearen erabilerea sustatzea, bai administrazinoan, bai aisialdian zein enpresatan.

Gure gazterik gehienek euskeraz ikasten dabe B edo D ereduetan baina unibersidadeko zenbait arlotan oraindino hutsune handiak daukaguz euskerazko materialei jagokenean baita irakasleen euskerazko prestakuntzan. Horren ondorioz eta hezkuntza arloa Foru Aldundiaren eskumena izan ez arren, ezinbestekotzat joten dogu unibersidadean ikasleek behar dituen edozein hizkuntzatan dagozan materialak euskerara ekartea eta euskeraz lanak produzidutea. Egia da gure gazteak eleanitzak dirala eta gaztelaniaz zein ingelesez nahiko erraz moldatzen dirala, halan dabe, behar beharrezkoa da ahalik eta edukin gehiago izatea euskeraz, batez be unibersidadeko arlo tekniko eta zientifikoan oraindino be gabeziak egon badagozalako'.

Esangura horretan, UEUren ahalegina eskertu dau Dobaran and.ak eta aurrerantzean be Bizkaiko Foru Aldundia laguntzeko prest egongo dala ohartarazo.

Patxi Angulok liburuaren zehetasunak emon ditu ondoren. 'Liburu hau N. Piskunovek idatzi eta 1969an argitaratu zan, Moskun. Bertan, Kalkulu Diferentzial eta Integralaren oinarrizko kontzeptuak lantzen dira eta horregaitik hain zuzen, injinerutza zein zientzia lizentziatura guztietan erabilia izateko aukerea eskaintzen dau'. Anguloren esanetan, 'liburuaren euskerazko lehen argitarapena UEUk egin eban 1992an. Orduan bi liburuki egin ziran, eta lehenengoa 2002. urterako agortu zan. Bigarren argitaraldi hau liburuki bakarrean argitaratu dogu eta lehengoagaz konparauta, aldaketa asko egin doguz: akats tipografikoak ezabatu, euskerea eguneratu, eta itzultzaileen testuak bateratu eta estiloa zaindu doguz. Gure asmoa Euskal ikasleen artean be liburu hau klasiko bihurtzea da'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu