Zorionak, Maialen; eskerrik asko, Andoni

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-12-14 09:19   Bertsolaritzea
Txapelketa Nagusia irabazi dauen lehenengo emakumea da. Joxe Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso dau txapeldun barriak txapela

Maialen Lujanbio da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txapeldun barria. 33 urteko hernaniarrak saio osoan goitik ibili eta gero lortu dau azkenean. Amets Arzallusegaz egindako buruz burukoa akorduan eukitekoa izan da.

Maialen Lujanbio da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txapeldun barria. 33 urteko hernaniarrak saio osoan goitik ibili eta gero lortu dau azkenean. Amets Arzallusegaz egindako buruz burukoa akorduan eukitekoa izan da. Ikaragarria, barriro be, BECen ia 15.000 mila bertsozaleok sortutako giroa. Antolakuntzakoei eta eurakaz behar egin dabenei, barriz, egin dabena eta egiten dabena eskertu behar deutsegu barriro.

Domekaz, 23:40an hasi dot artikulua eta errementauta nago. Gaur gabaz be lo gitxi eginda barriz. Horregaitik, zuon oneretxiagaz, errepasotxoa egitea toketan jat, baina bertso eta puntuazinoetan sartu barik. Hasteko zera: harro zer egon gara ba, neskatxia eta biok Jon eta Aritz Lopategigaz palkoan! Muxikar biek konbidauta elegante egon gara laurok. Eurakaz inguruan zatia hobeto aituten dira bertsoak.

Bertsolariei jagokonez, danek merezidu dabe artikulu bana. Finala dan egun guztiko maratoian, batzuek hasieratik erasoa jo izan dabe; beste batzuek indarrak erreserbetan izan ditue; hasierako erasojole batzuk amatetan joiazan arrastirantza; erreserbadunek arrastian joten eben euren erasoa... Bakotxa berenean, elegante.

Finalista danen artean bat nabarmendu gura dot, ha ta guzti be. Txalogarria izan da Andoni Egañaren jarrerea. Txapeldun handiak umil eta pozik ikusi eban Txapela buruz kanbietan. Bere agurrean be esan euskun eta seguru nago lau urte barru antolakuntzakoakaz batera jarlekuak ipinten egongo dana.

Hurrengoa beste final batzuetan be pasau jaku: egun batez BECen Euskal Herri oso bat arnastu eta, honezkero, astelehena dan honetan, atzera be urpeko errealidadean uger egin behar. Astelehena txarra izaten bada, martitzenean Egunkariako auzipetuak Madrilera joango dira. Eta hau asteau beste aste luze bat izango da euren etxeetan ez dagozanentzat edo etxean baten bat falta dabenentzat.

Baina '14.500 + 762' pankartea finalean eskegita ikusi eta zelan ez dogu egingo ba aurrerantza! Torrealdai, Otamendi, Uria... finalean ikusi eta zelan ez dogu egingo ba aurrerantza! Eta, azkenik, Zearreta anaiak eta euren Ama finalean ikusi eta zelan ez dogu egingo ba aurrerantza! Besarkada bana danei.


Ia ahaztu doguzan puntuazinoak, honexek:

Maialen Lujanbio 1630,75
Amets Arzallus 1582
Jon Maia 1060
Andoni Egaña 1058
Unai Iturriaga 1046,25
Sustrai Colina 1037
Aitor Mendiluze 1009,25
Aitor Sarriegi 983,75

Eskerrik asko orriotan nigaz egon zarienoi. Edozein plazatan alkartuko gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu