Nire sofan egin zeinke lo (I)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2009-12-10 14:35   Bidaide

Hui Ling Law Singapurren jaio eta bizi dan 28 urteko neskatoa da. Munduko hainbat herrialde bisitau ostean, orain Europara joan gura dau, libretik. Berarentzat, idealena, bisitetan dituan lekuak eta, batez be, 'bertan bizi diran biztanleak' sakon ezagutzea da. Zelan lortu hori aurrekontu eskasagaz? Erantzuna ‘couchsurfing’ da, hau da, 'sofatik nabigau'.

Hui Ling Law Singapurren jaio eta bizi dan 28 urteko neskatoa da. Munduko hainbat herrialde bisitau ostean, orain Europara joan gura dau, bere kontura. 'Banderatxu baten atzetik arineketan batetik bestera ibili behar izatea ez jat bape gustetan, ezta atzerritarrez beteriko monumentuen aurrean argazkia atara eta beste leku batera hanka egin behar izatea be'. Gazteentzako aterpetxeetan jentez ganezka dagozan logelatan lo egitea be ez jako gustetan, 'beti topetan dozulako jente bera' eta hoteletako bakardadea ebitetan ahalegintzen da, 'mundutik baztertzen zaituelako'. Berarentzat, idealena, bisitetan dituan lekuak eta, batez be, 'bertan bizi diran biztanleak' sakon ezagutzea da. Zelan lortu hori aurrekontu eskasagaz? Erantzuna ‘couchsurfing’ da, hau da, 'sofatik nabigau'.

Orain dala urte bi inguru hasi zan Law bidaiatzeko modu honen inguruan sakontzen. Gorakada itzela bizi dauen sare soziala da ‘couchsurfing’ dalakoa eta bidaiariari egonaldia eta laguntasuna eskaitzea da helburu nagusia. Prezioa: zero. 'Sistemearen oinarrizko araua da: dirurik ez', azaldu deusku Bilboko taldeko bazkide aktiboena dan Koldo Burgoak. Taldean horretan, 300 lagun baino gehiago dagoz. 'Halanda be, horrek ez dau esan gura krisi sasoian hau dala bidaiatzeko modurik onena', zehaztu dau Madrileko taldeko Daviz Vázquez buruak. 'Sistema hau ez dago aprobetxategientzat diseinauta, euren ikuspuntua zabaldu gura daben jentearen arteko trukerako baino'. Ez dago mugarik: persona gazteak, adinekoak, dirudunak, motxileroak, arraza eta erlijino guztietakoak dagoz.

Madril eta Bartzelona planetan 'coachsurfer' gehien dituen urien artean dagoz. Espainiako uri handietan, honezkero, mila biztanleko 'coachsurfer' bat dago. www.couchsurfing.org webgunearen arabera, 231 herrialde edo eskualdetan banatutako 67.000 uri ingurutan miloe bat eta erdi partaide baino gehiago dagoz. Orain arte, 'couchsurfing'-ak hiru miloe esperientzia positibo baino gehiago sortzen lagundu dau eta bidaiatzeko modu honi esker lagunarteko 1,7 miloe hartu-emon barri sortu dira. Jaione Villate ortuellarrak autortzen dau konbidau eta anfitrioi askogaz lotura estua manteniduten dauela, 'asko, honezkero, familiako lagunak dira'. Bere ama, 78 urtekoa, etxean arpegi barriak ikustera ohitu da. Vázquez antzeko egoeran dago: 'lagun gehiago ditut kanpoan nire herrialdean baino'.

Esperientzia hau zertan oinarritzen dan jakiteko, hain ezaguna ez dan sarean kide legez izena emon eta Hui Ling Law nire Bizkaiko etxean apopilo hartu dot. Ni Singapurrera joan naz, Euskaditik 12.000 kilometrora dagoan uri-estadura. 2004an, Singapurrek 17 kide baino ez zituan baina orain 5.000 baino gehiago ditu. Ez da horren erraza izan, segurtasunak garrantzi handia daukalako eta, kide barri legez, zure burua ezagutzera emon behar dozu taldean bat gehiago izateko.

Bakotxak gura dauena eskaini leike eta nonork zure etxera etorri gura izan arren, ez deutsazu zertan onartu. Izan be, segurtasun-neurriak ezinbestekoak dira esperientzia positiboa izateko. Erreportaje honetan parte hartu daben 50 partaideetatik batek be ez dau sekula susturik hartu, 'inoiz, akaso, txarto-ulerturen bat alde kulturalak dirala eta', dino Burgoak. Baina, igazko udan, sare sozial hau albiste izan zan neskato txinatar batek 'couchsurfing' egiten bisitau zituala Italia, Espainia eta Britainiar Handia eta herrialde ingeleseko Leeds uriko 'anfitrioiak' bortxatu egin eban. Halanda be, Hui Ling Law txinatarrak ez deutse bape bildurrik CS laburduraz ezagutzen diran sareko kideei, 'hori bai, euren perfila egiaztauta egon behar da'.

Antolakuntzak parte hartzaileak emondako datuen egiazkotasuna hiru mailatan probau leikez. Lehenengo, kreditu txartelaren bidez, personearen identidadea konprobetan da eta txartelaren titularra eta parte hartzailearen izena berbera izan behar da. Bigarren maila batean, etxebizitzaren probea egiten da: postal bat bialtzen jako parte hartzaileak emondako helbidera eta, postala jasoterakoan, parte hartzaileak sisteman jarri beharko dau. Azkenik, 'coachsurfer' bakotxaren 'perfilean' beste parte hartzaileek -ezagutzen dabenek- itxitako komentarioak dagoz. 'Erreferentzia horreek barik, ez dago segurtasunik', dinoe Madrileko taldeko kideek. 'Norberaren sena erabili behar da'. Zorionez, parte hartzaile askok nire perfilean komentario positiboak itxi ditue eta, horri esker, Elnie Sumantry-k eta Shiyun Ong-ek euren etxean hartu nabe Singapurren.

Lehenengoaren kasuan -Elnie Sumatry-, harrigarria da konbidauak zelan tratetan dituan ikustea. 'Goizetik joan behar naz lanera; giltza sarrerako lanpasaren azpian itxi deutsut eta, holan, dutxea hartu eta deskantsau egin zeinke hegaldi luzearen ostean', dinost Sumatry-k, islamiar erlijinoko irakasleak. 'Ez dago zer lapurtu', dino barreka. Baina ugerlekua eta guzti daukan dirudunen urbanizazinoko apartamentu txikian ordenagailu pare bat, Ipod bat eta etxean ahaztuta itxi dauen eskuko telefonoa dagoz. '‘Couchsurfing’-ak erakutsi deust, egungo errealidadea dan modukoa izanda be, oraindino jente gehiena ona dala', dino bidaia batetik bueltan institutuko irakaslea dan 34 urteko emakumeak. Bere 'perfilean', argi agiri da etxeko komuna bere logelan dagoala eta gauetan giltzez zarratzen dauela. 'Emakume moduan, neure burua babesteko hartzen dodan neurri bat baino ez da, batek baino gehiagok zeozer gura izan dauelako nigaz'. Atea, beraz, zarratuta.

Erreportajearen bigarren atalean, 'couchsurfing' bidez sortzen diran esperientzia bitxiak eta hartu-emon barriak aztertuko doguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu