Kultura kataluiniarra ardatz, Durangon dogu hitzordua datozen egunotan

Bizkaie! 2009-12-04 09:39   Kulturea

Landakon kokatuko diran 292 stand-etan (14 eskari barri), danetara, 308 liburu barri (igaz baino 37 gitxiago) eta 69 disko (igaz baino bost gehiago) izango dira.

Gerediagaren eskutik, gaur, abenduak 4, goizeko 10:30etan, 44. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen ateak zabalduko dira. Ordu erdi lehenago, barriz, Azoka TB proiektua aurkeztuko dabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada eta babesari esker gauzatuko dan proiektu honetan, ETB3, Hamaika TB eta Goiena TBk parte hartuko dabe. Landako gunean pantaila erraldoia kokatuko da. Bertan, egunean zehar egingo diran ikuskizun, kontzertu, aurkezpen eta beste hainbat ekitaldi ikusteko aukerea egongo da.

Egunean zehar makinatxu bat ekitaldi izango dira baina batzuk azpimarratzearren, 11:00etan, Elkartegian Break/bertso/hip-hop saioa eskainiko dau Aritz Sound System-ek.

'Catalunya bressel de la virtualitat' sarrera berbaldia, barriz, Andreu Carranzak emongo dau. Azkenengo urteetako inprimatze-modu barriak jorratuko ditu idazle kataluniarrak arratsaldeko 19:00etan, Elkartegian hasiko dan ekitaldian.

Gaueko 21:30etan, San Agustin Kultur gunean 'Mirant al Cel' filmaren proiekzinoa izango da. Aurkezpena egingo dabe Jesús Garay filmaren zuzendariak eta Fermin Muguruzak, filmaren soinuaren arduradunak.

Musikeari jagokonez, 22:00etan, Betagarri taldearen kontzertua izango da Plateruena Kafe Antzokian.


Durangoko 44. Euskal Liburu eta Disko Azokea. Egitaraua


Ganerakoan, 'Durangoko Argizaiola' omen-saria ikastolen hasierako garaietan andereño izan ziranei emongo jake aurten, sasoi haretako bost andereñorengan islatuko dalarik. Hegoaldeko lurralde bakotxeko andereño bat aukeratu da, eta Iparraldeko beste bat: Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparraldea), Izaskun Gastesi (Nafarroa), Karmele Esnal (Gipuzkoa) eta Begoña Aranguren (Bizkaia). Persona horreetako bakotxak ibilbide luzea egin dau garai ilunenetan. Norbere etxeetan, alokatutako geletan, baserrietan... toki askotan sortu ziran ikastolak. Euskereagazko maitasuna eta haren biziraupena euken helburu guztiek.

Debekuaren garaietan atxilotuak eta kartzelaratuak izateko arriskua hartu eben. Polizia be atzetik eta bisitan izan eben batzuek. Lan handia egin eben umeen lehen urteetako heziketan. Eta honi esker, ikastolen zabalkundea nabarmenduz joan zan, gaur arte.

Saria emoteko ekitaldia abenduaren 5ean iluntzeko 20:30ean egingo da San Agustin Kulturgunean.

Gerediaga Elkarteak 1992. urtean beste garai batzuetan zenbait persona eta erakundek euskerea eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzeko 'Durangoko Argizaiola omensaria' emoten hasi zan, berba bitan esateko, 'gauean argi' izan ziranei eskerrak emoteko saria da hau.


Kontuak kontu, 'Mediterraneo itsasoko kresalez blaitutako katalanezko kulturea izango dogu bost egunez Mañaria erreka ertzean nagusi. Ez dira izango bustiko gaituen ur bakarrak. Profesional arloko urak be izango doguz Landakoko tximiniaren gerizpean, eta aro barriak dakarzan tresnak, erronkak eta beste hainbesteri buruzko eretxiak, pentsaerak eta abar ezagutu eta eztabaidatu ahal izango doguz.

Apurka apurka, itoginaren ur tangadak teilatutik erortzen diran legez, sortzen dira liburu eta diskoak. Tangada horreek kultur itsaso honetan euren tokia izan daien esfortzua egin dogu; sormenaren iturriari bere uhaska landuz Ahotsenean.

Baina ez dogu aintzira bat egin gura, ozeano edo itsaso erraldoi bat baino... eta itsasoak ekatx egunetan bere barrutik lur barrura olatuen bidez ura bialtzen dauen legez saiatu izan gara, Landakoko gunetik, kulturearen olatuak Durangoko uri zahar guztian zehar zabaltzen.

Ilusinoz preparau dogun egitarau honek sortutako umeltasunak, barru barruraino bustiko zaituelakoan'...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu