Forulege, AVD-ZEAren Zuzenbide Zibilari buruzko webgunea abian
2009-12-01 11:02Forulege da Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilari buruz garatu dauen datu-basea. Izatez, lehenengo ahalegina da, euskal zuzenbide zibilaren oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko, informazinoaren teknologia barriak erabilita.
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko VIII. Jardunaldi Praktikoaren barruan, bart aurkeztu dabe Forulege, Zuzenbidearen Euskal Akademiaren Zuzenbide Zizilari buruzko webgunea.
Forulege da Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilari buruz garatu dauen datu-basea. Izatez, lehenengo ahalegina da, euskal zuzenbide zibilaren oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko, informazinoaren teknologia barriak erabilita.
Zuzenbidearen Euskal Akademiak, sorreratik bertatik, hau da, 2003. urtetik, helburu argia dauka, batetik, euskal zuzenbide zibilaren edukiak lanbidearen ikuspuntutik lantzea, eta, bestetik, euskal zuzenbide zibila ikusmira akademikotik aztertu eta ikertzea.
Forulege izeneko datu-baseak erabiltzailearen esku jarten ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoan legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarri gerta daitekezan formularioak. Datu-baseak, orobat, galdera eta erantzunen atala (FAQ) eskaintzen deutso erabiltzaileari. Era berean, atal desbardinetara batutako informazino guztia batera kontsulta daiteke, eta, horretarako, bilaketa-sistema desbardinak erabil daitekez: aurrenik, bilaketa-sistema librea erabil daiteke; hurrenik, bilaketa-sistema azkarra aukera daiteke, aldez aurretik zehaztutako sarrerak bistaratuta; eta, azkenik, bilaketa gidatua erabil daiteke, horrek kontuan hartzen baititu, euskal zuzenbide zibilaren lurraldetasuna, zein zuzenbide horren agerpen zibilak nahiz fiskalak.
Forulege ez da datu-base zarratua. Guztiz zabalik dago, eta gerogarreneko garapenek horixe erakutsiko dabe. Zinez, Zuzenbidearen Euskal Akademiak beregan konpromisoa hartu dau, holako garapenak burutzeko, euskal zuzenbide zibilaren arloan erreferentzia izan nahi dauelako akademiak.
Forulege izeneko datu-basea garatzeko orduan, hainbat izan dira parte-hartzaileak, danak be Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritzapean. Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea, Andres Urrutia Badiola jauna, proiektuaren koordinazinoaz arduratu da, betibe Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritza-batzak, Adrián Celaya Ibarra jauna buru, lan guztiak gainbegiratu dituala. Proiektua burutzeko ardurea izan dabe, alde batetik, Esther Urrutia Idoiaga andreak; berak preparau ditu formularioak, eta gehien egiten diran galderak eta horreen erantzunak, eta, horregaz batera, gai guztietan euskerearen presentzia bermatzeko ahaleginak egin ditu. Bestetik, Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak jurisprudentzia eta bibliografia sistematizau ditu, eta datu-basean egoki txertatu. Alberto Atxabal Rada jaunak, bestalde, euskal zuzenbide zibilaren inguruko arazo fiskal guztiak landu ditu. Eta, amaitzeko, Aitor Saizar Antxustegi jaunak zeregin teknikoak bereganatu ditu, Plazagunea, S.L. deituriko enpreseak aholku teknologikoak emon ditualarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!