Iratzez beteriko oihanean idatzitako poema-liburua argitaratu dau Igor Estankonak

Bizkaie! 2009-11-25 14:36   Kulturea

'Iratzeen esporak' liburuan, idazleak 2008ko maiatzetik 2009ko urrira bitartean idatzitako poemak batu ditu, 'nire bizitzearen aro bat, ikaspen-aro bat, laburbiltzen dabenak'. Egunerokotasunei pisua kendu barik, baina poemak modu arinean zabaldu gura izan ditu.

Topikoz betea izaten da poema liburu bati emoten jakon tratua publiko zabalaren artean, baina Igor Estankonaren liburua galdera, klitxe eta topiko guztietatik urrun dabil, Susa argitaletxeko Gorka Arrese arduradunaren esanetan.

Estankonak oso gazterik argitaratu eban lehenengo liburua eta gaur aurkeztu dauen 'Iratzeen esporak' lana bere laugarrena da. 'Forma baten amaierea eta beste batzuen hasierea da lan hau', azaldu dau Arresek. Liburuan, idazleak 2008ko maiatzetik 2009ko urrira bitartean idatzitako poemak batu ditu, 'nire bizitzearen aro bat, ikaspen-aro bat, laburbiltzen dabenak'. Egunerokotasunei pisua kendu barik, baina poemak modu arinean zabaldu gura izan ditu, 'irakurketeari erritmoa emon, arintasuna; ia obsesinoa izan da hori niretzat eta ez dakit lortu dodan, hori irakurleak esan beharko dau'. Greziarrei keinu berezia egin eta iratzez eta iratzeen esporaz beteriko oihan zarratuan barrena dabil arratiarra, 'bizitzearen antsietateak sorturiko ateak apurtuz'.

Liburura giro pertsonala eta garaikidea ekarten saiatu da, 'denporan iraun dagian, klasikoa izan daiten eta hemendik urte batzuetara barriro irakurri ezkero, larregi ez lotsatzeko'.

Estankonaren liburuaz gehiago jakiteko eta poemak autorearen beraren ahotsagaz entzun ahal izateko, Durangoko Azokara abenduaren 5ean hurreratu eta Ahotsenea ekimenaren barruan antolatutako idazle bizkaitarraren errezitaldia entzun ahal izango dozue eguerdiko hamabietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu