Neoi izpien argi-ilunak

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2009-11-20 10:40   Bidaide

Yakartako kontrasteak ikusteko ez da lar topau behar. Herrialdeko aireportu nagusian terminalen arteko konexinoan bertan igarten da alde nabarmenak dagozala. eztandagarriari desbardin eragiten deutso lekuaren arabera. Aireportuan igarritako gorabehera horreek Yakarta erdigunera arte egindako ibilbidean be ikusten dira.

Yakartako kontrasteak ikusteko ez da lar topau behar. Herrialdeko aireportu nagusian terminalen arteko konexinoan bertan igarten da alde nabarmenak dagozala. Lehenengo biek gainbehera ekonomikoa eta kaos politikoa erakusten dabe, izan be, burua altzau ezinik ebilen herrialdeari erabateko amaierea etorri jakon 1997ko asiar krisiagaz. Hirugarren terminalak, barriz, XXI. mendeko indonesiar ekonomiaren egoerea erakusten dau, uriburua goitik behera aldatzen ari dan bapateko aberastasun-eztandea, hain zuzen be.

Aberastasun horrek hamar miloe arimak osotzen daben koktel eztandagarriari desbardin eragiten deutso lekuaren arabera. Aireportuan igarritako gorabehera horreek Yakarta erdigunera arte egindako ibilbidean be ikusten dira. Sei erreieko autopistea etxeorratzez osotutako uriaren erdigunerantz doa baina, alboetan, txabolaz osotutako herrixkak ez datoz bat aberastasun-irudi horregaz. Usteldutako uretan, amek erropak garbitzen dituen bitartean, umeak, erdi biluzik, olgetan dabiz; ondoan, gizonezkoak dagoz, Bintang zerbezak edan eta edan. 'Zer egingo dogu, ba?', dino landa inguruko etorkin heldu batek. 'Ez dago beharrik eta gure etxera bueltan joateko dirurik be ez daukagu'.

Leku horretatik bost minutura, Yakartak lehenengo munduko edozein metropoli handiren itxurea dauka, taxi modernoakaz burrukan dabizan ugerrak jandako motordun trizikloak kenduta. Krisiak krisi, % 6ko erritmoan dago hazten: blackberrietara engantxautako trajedun ejekutiboek eta McDonald’s jatetxeetako gaztetxuek globalizazinoaren zoramena honaino be ailegau dala erakusten dabe.

Islam-aren eragina munduan musulman gehien (240 miloe biztanletik, 206) dituan herrialdearen bihotz politikoan baino ez da igarten. Andra batzuek ulea tapeta daroe, baina baita markako bakeru estuak be. Uriko mezkitetan, errezuak egiteko erabilten dituen kanta monotonoak entzuten dira; alboan, tenplu budistak zein eleiza katolikoak dagoz. Alkarbizitza erlijiosoaren adibide garbiena Istiqlal mezkitea da, asiar hego-ekialdeko handiena: kalearen bestaldean, lurraldeko katedral katoliko nagusia dago. Duda barik, Yakarta, Kuala Lampur uriagaz batera, munduari edegita bizi diran musulmandar uririk nagusiena da. Halanda be, merkataritza-guneen sarreran dagozan metal-detektagailuek eta begirale armatuek terrorismoaren mehatxua egon badagoala iragarten deuskue, itxuraz inguru apala izan arren.

Mundua Indonesiara begira jarri da barriro. Holandarrek aspaldi ikusi zituen herrialdearen aukerak eta bertako boterea hartu eben. Yakartari izen barria jarri eutsen, Batavia, baina kolonizazino sasoiko gomutak hondatuta dagoz. Ikutu neoklasikoko eraikinen handitasuna ia galduta dago eta, gelditzen diran apurrak jaustear dagoz. Inguruko herrialdeetan legez, Indonesian be gurago dabe europarrek eragindako umilazioak ahaztu.

Bataviatik kilometro bi iparralderantz joatea Historian pausu bat atzera egitea modukoa da. Sunda Kelapa portua da Erdi Arokoen itxurea daukan munduko portu bakarra. Hemen, 'pinisi' izeneko egurrezko barku handiak dagoz eta asko belaontziak dira. Oraindino be, uriburua eta herrialdea osotzen daben 6.000 ugarte baino gehiagoren arteko ibilbidea egiten dabe eta, giroan, arrain usainaz gan, abentura-gogoa be igarten da. Baina benetako errealidadea oso gogorra da: bisitariarentzat osteratxu erromantikoa dana, belaontzietako marinelentzat esklabutzearen pareko bizimodua da. Hori dala eta, indonesiarrak marinel bikainak dira eta atzerriko hainbat armadorek gura izaten ditue euren itsasontzietan beharrean.

Yakartaren arpegi desbardinakaz amaitzeko, altuerara igon eta ikuspuntua zabalduko dogu. Bertatik, 'chinatown' auzoak eta diskoteka zein putetxez beteriko kaleak ikusiko doguz, baita Monas izeneko monumentu nazionala, herrialdearen independentzia eta, askorentzat, Sukarnoren azken erekzinoa aldarrikatzen dauena. Lekuaren diseinua, berez, sinplea izan arren, 132 metrora dagoan begiratokia perfektua da uriburu indonesiarraren argi-ilunen analisi sakona egiteko. 'Smog'-ak ixten badeusku, behintzat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu