Komiki eta Manga Azokeak biñetearen mundua ekarriko dau Getxora datorren astean
2009-11-18 14:43 KultureaAurten Purita Campos, 'Esther y su mundo' komiki ospetsuaren marrazkilaria eta Juan Carlos Eguillor euskal ilustratzailea be izango dira Getxon, aurtengo omenaldien protagonistak izango baitira.
Zemendiaren 27tik 29ra Getxoko VIII. Komiki Azokea izango da. Hiru egunetan zehar Areetako Geltokia plaza biñetearen munduko topagune bilakatuko da eta bertan, salmenta postuez gan, hainbat ekitaldi egongo dira. Igaz bezela, aurten be mangaren munduak leku propioa izango dau Santa Eugenia plazan. Zenbait postu egongo dira bertan eta ekitaldi ugari izango dira ekialdeko komikiaren inguruan.
Danetara, 100 saltoki baino gehiago egongo dira bi lekuetan. Bertan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturiko zenbait sektore egongo dira. Bestalde, ohikoa danez, nazinoarteko egileak etorriko jakuz azokara. Aurtengo azokan David Lloyd, Dave McKean, Mark Buckingham eta Paco Roca (2008ko Komiki Sari Nazionala jaso ebana) egileak egongo dira, besteak beste. Era berean, aurten Purita Campos, 'Esther y su mundo' komiki ospetsuaren marrazkilaria eta Juan Carlos Eguillor euskal ilustratzailea be izango dira Getxon, aurtengo omenaldien protagonistak izango dira eta.
Ohikoa danez, erakusketa garrantzitsuak izango dira Azokan. Areetako Geltokia plazako karpan omenaldia jasoko daben artisten atzera begirako erakusketak egongo dira ikusgai. Horrezaz gan, Paco Rocaren eta Jack Mircalaren lanak egongo dira ikusgai eta Injuve 2009 Komiki eta Ilustrazino erakusketea eta Plutón BRBN.E.RO telebista saio ospetsuan oinarritutako komikiaren erakusketea be egongo dira. Azkenik, Euskal Ilustratzaile Alkarte Profesionalaren eskutik (EIEP) 'El Balanzín' aldizkariaren erakusketea egongo da eta alkarte horren egileek beren lanak erakutsiko ditue Getxoko zenbait aretoetan.
Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak ez dira faltako azokan. Eta ezin ahaztu hitzaldiak eta mahai-inguruak, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita proiekzinoak be, asko zikloetan batuta. Multimediako lanak, animazinoak, film laburrak, dokumentalak edo Animeak be izango dira tartean, ikusleek komiki munduagaz loturiko zineaz gozetako aukerea izan daien.
Azkenik, Manga Guneari jagokonez, jarduera egitarau anitza egongo da. Bertan lehiaketak (mozorroak, karaoke…), tailerrak (manga marrazketea eta Japoniako kaligrafia), mahai-inguruak eta beste ekitaldi asko izango dira Bizkaiko zenbait manga alkarteren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!