Ilargipeko gehiegikeriak
2009-11-09 14:26 BidaideKo Phangan ugartean ez dabiz, ez, txikikeria kontuetan. Ez 'katxiak' ezta 'litroak'. Tailandiako golkoko ugarte txikian konbinaduak baldeetatik edaten dira eta garagardoa hiru edo bost litroko tankeetatik. Egunero dagoz jai-giroan, baina ilargi beteko gauetan mugarik bako katarsia bizi dabe.
Ko Phangan ugartean ez dabiz, ez, txikikeria kontuetan. Ez 'katxiak' ezta 'litroak'. Tailandiako golkoko ugarte txikian konbinaduak baldeetatik edaten dira eta garagardoa hiru edo bost litroko tankeetatik. Egunero dagoz jai-giroan, baina ilargi beteko gauetan mugarik bako katarsia bizi dabe. ‘Full Moon Parties’ deritxanak, honezkero, mito bihurtu dira. Hiru mila lagun baino ez badira hurreratzen, jaia ez da arrakastatsua; sasoirik onenean, zemenditik zezeilera, arrakastea 15.000 lagun baino gehiago dagozanean lortzen da. Eta 'Drop-in Bar' tarbernearen arduradunen esanetan -saltsa hau guztia sortu zan lekua, hain zuzen be-, errekorra 35.000 jaizale pasatxoan dago. Gauzak holan dirala, Ko Phangan mundu mailako hondartza-jai garrantzitsuenaren kokagunea da.
Gaua luzea izango da, oso luzea, eta ugarteko fauna xelebrea zuhur dago: traje marroi estuakaz eta paketea marketan doazen poliziak, langile gehiago kontratau behar dituen osasun zerbitzu negargarriak, biharamunari aurre egiteko pilulak eskaintzen dituen farmaziak, burua ebagiko deutsen arriskua hartzen daben trafikanteak, ule-apaindegira kondoiz beteta doazen prostitutak eta, batez be, tabernariak, hemen, hilabate guztiak abuztua dira eta.
Itsasertzean dagozan bungalow-etan lo egiteko hiru bider gehiago pagau behar da, baina eurei ez deutse bape ardura. Gazteak -eta ez hain gazteak- parranda basatirako gogo biziz datoz, mundu osotik. 'Hau Ibiza baino askozaz hobea da', dino, bosgarren garagardoa eskuan, berrogei bat urteko alemaniar batek. Honezkero, hainbat ilargi-ziklo daroaz hemen. Bertako gehienak bat datoz berak esandakoagaz. Susan eta Karen 18 urteko britainiar bikiak dira eta eskolatik unibersidaderako udan abentura bat bizitea erabagi dabe. 'Espainiara joatekotan gengozan, hegaldia oso merkea dalako. Baina, azkenean, Tailandiara etortea erabagi dogu, egonaldia, jatekoa eta, batez be, edaria merkeagoa dalako hemen. Ganera, askozaz be exotikoagoa da'. Had Rin Resort hoteleko gerenteak joera hori baieztau dau: 'Europatik, Estatu Batuetatik eta Australiatik gero eta gazte gehiago datoz'. Horreek dira Suan Saranrom ospital psikiatrikoari arazo gehien emoten deutsienak, bertan amaitzen baitira psikotropikoen 'bidaia txarrak', 'yaba’ sobredosiak eta hauts bihurtutako edozein sustantzia konbinetan daben ‘Made in Thailand’ diralakoak.
Jente piloa dago engantxauta ‘Moon Parties’ diralakoetara eta ugarteak dituan 193 kilometro koadroak txiki geratzen dira danak hartzeko. Baina negozioa negozioa da eta, Bangkok-etik, 'bidaia-jaia' diralakoak antolatzen dira, gaueko egonoaldirik bakoak -horretarako hondartzea dago- eta gau osoan Ko Samui ugartera zerbitzua be eskaintzen da (Phangan-en antzeko ugartea da baina eleganteagoa). Herrialdeko ibilbiderik emonkorrenaz arduratzen dan konpainiak argi esaten deutsie bezeroei: 'Ez eroan gastauko dozuena baino diru gehiago, itxi pasaportea hotelean eta egin fotokopiak, ez ahaztu asegurua eta gogoratu Tailandian droga-trafikoa heriotzagaz zigortzen dala'.
Inork ez daki orain dala gitxira arte motxileroek disfrutetan zituen paraje exotiko honeetara garapen urbanistiko bortitza ekarri daben parranden jatorria zein dan. Gehienek dakien bertsinoaren arabera, 1987an, lagun-talde bat batu ei zan hemen euretariko baten urtebetetzea ospatzeko eta, kasualidadez, gau horretan ilargi betea egoan. Jaiak itzelezko arrakastea izan eban eta errepetidu egin eben. Ondo errepetiduta, ganera. Bisitari-oldea hilabete osoan mantenidu ahal izateko, ekimen haren antzeko jaialdiak preparetan ditue eta, holan, Ko Phangan eta inguruko hondartzak jentez ganezka dagoz ilargiaren faseari jaramon handirik egin barik. Gauzak holan dirala, ilbera-gauak Ban Tai hondartzan ospatzen dira eta, honezkero, ‘Black Moon Party’ jaia oso ezaguna da ugarte osoan.
Arratsaldeko bostetan hasten da astrapalea. Hondartzako 'txiringitoek' soinu-aparatu itzelak jarten ditue hondartzan zehar eta munduko bost kontinenteetatik etorritako DJak gauean jarriko dituen erritmoen probak egiten hasten dira, ‘hard rock' eta ‘psy-trance’ musikak barne. Giroan, ‘Full Moon Party’ suzko ikuskizuna izango danaren keroseno usaina igarten da.
Herria nagiak ataraten hasten da eta Leonardo Di Caprio aktoreak ‘La Playa’ pelikulea grabau eban inguruan pantaila erraldoiak, bikini estuak eta hangurgesak jan eta jan dabizan kamisetarik bako gizonezkoak dira nagusi, Singha izeneko zerbezea ahaztu barik.
Gitxika-gitxika, harea desagertzen doa eta jentea, botilak eta kolore biziko baldeak baino ez dira ikusten. Eguzkia ostentzen danerako, uretako motorren zaratea amatau eta bozgorailuen momentua ailegetan da. Errepideetan, motorrean kaskorik barik doazen turistak zigortzeko kontrol zorrotzak jarten ditue, baina hurrengo egunean eskolara joan behar daben umeak euren printzipioak etxean itxi dituen turisten eskutik edateko alkoholikoak hartzen dagozan umeei ez deutse inork ezer esaten. Tailandian gagozalako izango da.
Horrelako batean, nonork sua biztu dau eta hasi da jaia. Nork behar dau argi artifiziala kerosenoz bustitako tramankulu honeekaz? Malabarista tradizionalek daukie arrakasta gehien baina, gauak aurrera egin ahala, gero eta mozkor gehiago erreten ditu suzko sokeak, sokasaltoan dabiz eta.
Goizaldeko hiruretarako, alkoholak Hadrin inguruko prostituta gazteak bila dabizan efektuak eragin ditue eta parrandazaleen testosteronea ganezka dago. Amy-k begi ona dauka. Gorputza tatuajez beteta daroan anglosaxoi baten ondora joan da, probokatzera. Purpura koloreko kamisetea muga-mugaraino igon dau eta, gitxika-gitxika, prakak bajau ditu, mutikoa begiak bere tangatik kendu ezin dabilen bitartean. 20 eurogaitik: narrutan egin edo lau balde gintonic. Amua arin atrapau dau ingelesak. Eurentzat, eta narrutan egiteko pagau ez dabenentzat be, su-artifizialen argia baino ailegetan ez dan leku bereziak dagoz.
Sexua da, egun, Hadrin-en topau daiteken drogarik gogorrena. Jaietan, danetariko sustantziak topau daitekez baina uniforme marroidunetatik ostendutako kala txikietara joateko, gonbidapena ezinbestekoa da. 'Kontu handiz ibili behar da, 'sekreta' leku guztietan dago eta', dino marihuanea 'pasau' baino egiten ez dauen tailandiar gazte batek. Helburua bat da: goizeko hamaiketan, azken DJak gehiago ezin dauenean, Ko Phangan hondartzako harean etxunda amaitu. Inork ez dau gura ‘Bangkok Hilton’-era joan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!