Euskerazko Unibersidade-Liburuen V. Erakusketea egingo da asteon Deustuko Unibersidadean

Bizkaie! 2009-11-03 10:18   Kulturea

Deustuko Unibersidadeak eta EIRE unibersidadean euskerearen alde eragiteko irakasleen alkarteak Euskerazko Unibersidade-Liburuen V. Erakusketea antolatu dabe zemendiaren 3tik 6ra bitartean unibersidade bilbotarreko liburutegiko erabilera anitzeko aretoan.

Deustuko Unibersidadeak eta EIRE unibersidadean euskerearen alde eragiteko irakasleen alkarteak Euskerazko Unibersidade-Liburuen V. Erakusketea antolatu dabe zemendiaren 3tik 6ra bitartean unibersidade bilbotarreko liburutegiko erabilera anitzeko aretoan. Toki fisiko bakarrean euskeraz idatzitako unibersidade-liburuen produkzinoa erakustea eta batzea da erakusketearen helburua.

Antolatzaileek adierazo dabenez, Euskal Herriko unibersidadeek eta euskal ikaskuntzetako zentroek (Eusko Ikaskuntzak edo Elhuyarrek, esaterako) orain bost urtetik parte hartzen dabe, argitaletxeen euskerazko produkzinoaren inguruan sortutako lana eta sinergiak bideratzen laguntzeko, EIREren eskutik sortu zan ekimen horretan.

Inaugurazino ekitaldia gaur (hilak 3) goizean izango da, 11:00etan, eta bertan parte hartuko dabe Juan Karlos Lopez-Mugaraza EIREren koordinatzaile nagusiak, Roberto San Salvador Deustu Unibersidadeko Hizkuntz Politikako erretoreordeak, Jon Irazusta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Euskera erretoreordeak, Idoia Peñacoba Mondragon Unibersidadeko idazkari nagusiak, Karmele Artetxe Udako Euskal Unibersidadeko (UEU) proiektuaren arduradunak eta Rodrigo Gartzia Azkue Fundazinoko zuzendari kudeatzaileak.

Erakusketan zehar, Deustuko Unibersidadeak hainbat jarduera proposatuko ditu, besteak beste, gaur bertan goizeko 11:30etan egingo dan 'Barrikuntzea unibersidadean, barrikuntzea irakas-baliabideetan' mahai-ingurua. Bertan, ondokoek parte hartuko dabe: Josu Solabarrietak, Psikologia eta Hezkuntza Fakultadeko irakasleak; Iker Jamargok, ESIDE Injinerutza Fakultadeko irakasleak; eta Esther Zulaikak eta Josu Bijueskak, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultadeko irakasleek.

Eguaztenean, 11:00etan, irakas-baliabideetan barrikuntzarako egitasmoen aurkezpena egingo da. Holan, Andres Urrutia Zuzenbide Fakultadeko irakasleak Zuzenbide arloko ekimenak izangod itu berbagai; Itziar Navarro, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultadeko irakaslea, ESTEko lanez arduratuko da; eta Txabi Landabideak, Aisiazko Ikaskuntzen Institutuko irakasleak, dEUSkaraz proiektuaz berba egingo dau.

Erakusketea barikura bitartean egongo da zabalik, goizeko 10:30etik arratsaldeko 18:00ak arte, Deustuko Unibersidadeko liburutegiko erabilera anitzeko aretoan. EIREren proiektuaren osogarri, zeregin horretan dabilzan zentroetan egiten dan urteroko erakusketa ibiltari horrezaz gan, erakusketa iraunkorrak be badagoz Bilbon, Euskararen Etxean, Iruñean, Nafarroako Liburutegian, eta www.euskarenetxea.net/liburutegia webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu