UEUk irudi barria estreinau dau

Bizkaie! 2009-11-02 10:56

'Zeru eta itsas kolore urdinetik zilar kolore edota harriaren sendotasunaren grisera pasau gara. Horizontaltasunetik laukira, UEU letrak azpimarratuz. Irudiaren marrek zeozer bizia adierazoten dabe: hostoak zabalik dituan lore bat. Loreak polinizazinoa behar dau ugaltzeko eta antzeko prozesua gertatzen dala UEUgaz esan daiteke, unibersidade komunidadea 'polinizatuz'. Alkarlana, partaidetza eta gurea besteei eskainiaz alde batetik, eta komunidade zientifikoa trinkotuaz, jakintza mota desbardinak sortuaz, bestetik.

Udako Euskal unibersidadeak (UEU) 2009/2010 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin dau Eibarko bere Ikastetxe Nagusian, eta hemendik aurrera erakundeak erabiliko dauen irudi barria aurkeztu dau. Bertan, Lore Erriondok, UEUko zuzendariak UEU komunidade unibersitarioa lorautseztatzen dauen alkarte bezela aurkeztu dau. Jarraian, Pruden Gartzia historialariak 'UEUren izaera bikotxa' hitzaldia eskaini dau. Ekitaldira unibersidade, hezkuntza eta euskalgintzako hainbat lagun hurerratu dira.

Lore Erriondok hartu dau lehenengo hitza. UEUren Zuzendariak UEU ikasturte barrira 'indartsu eta bizi' datorrela esanez hasi dau ekitaldia, eta horren adierazle aurkeztu dau hemendik aurrera alkartea ordezkatuko dauen irudi barria. Erriondoren esanetan, 'UEU alkarte biziduna da, etenbarik aldatzen, moldatzen, ikasten doana. Eta bizidunen artean aukeratzen hasita, lore-hostoak zabalik dituan loreagaz identifiketan gara. Hain zuzen be horixe da gure irudiak adierazoten dauena, izan be, loreek badaukie kontzeptu bat UEUgaz guztiz lotzen dana, polinizazino edo lorautseztatzearena, hain zuzen be. Loreak bide hau erabilten dau ugaltzeko, eta UEUk antzeko zeozer egiten dau komunidade unibersitarioan'.

Loreek bezela, polinizazino hori hiru bideetatik egiten dala azaldu dau UEUko zuzendariak: 'alde batetik, erleen antzera, jente eta alkarte asko batzen da gure inguruan eta asko dira gurean jaio eta gaur egun euren bidea egiten daben proiektuak. Zeozelan esateko, egitasmo-mintegi eta bilgune gara. Haizeari esker gertatzen dan polinizazioa da bigarrena, inguruak eragindakoa. Gure kasuan, gizartearen beharretara kulunkatzea dogu helburu, goi-mailako ezagutza eskuragarri jarriaz. Hirugarren bidea autopolinizazinoarena da. UEUk hiru hamarkada baino gehiago daroaz jardunean, etenbarik birsortuz.

- 200dik gorako jarduera akademikoa: ikastaroak, mintegiak, jardunaldiak, formazino-ikastaroak, graduondokoak...
- Unibersidadeko 12 testu-liburu urtean.
- IKTetako hamaika proiektu.
- Eta 2.000 ikasle, irakasle, aditu, eta azken finean, lagun.

Horra hor unibersidade komunidadeari egiten deutsagun lorautseztatzea. Ez gara egun bakarreko lorea, ez horixe!'

Ondoren, Pruden Gartzia historialari, euskaltzain urgazle eta UEUko bazkideak berbaldia eskaini dau, 'EUren izaera bikotxa'. Gartziak unibersidadeari buruzko hausnarketea egin dau, haren sorrera, bilakaera eta egungo egoera eta abagadunea aztertuz. Tesi nagusia da Europako kultur tradizinoan unibersidadeak izaera bikotxa izan dauela, unibersidade-instituzinoa eta unibersidade-komunidadea. Ikuspegi horretatik begiratuta, UEU bete-betean txertatzen da kultur-tradizino europear nagusian eta oso ondo egokitzen da gure gizarteak gaur egun dituan premiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu