Zaharrak barri Durangon Gerediagaren eskutik

Bizkaie! 2009-10-20 15:44

Aurtengo hitzaldi zikloan, 1609. urteko abuztuaren 14an, Durango Uriko udaletxean udalbatzarra lehen aldiz batu zaneko 400. urteurrena gogoratu nahi da. Hori dala eta, berbaldiak, Durangoko udaletxeko Batzar Areto Nagusian izango dira arratsaldeko 19:30ean hasita.

Datozen egunotan, aurtengo udagoieneko berbaldi zikloa izango da Durangon Gerediaga Alkarteak antolatuta. 'Ekitaldi honeek antolatzerakoan gure iganagaz zerikusia daben jazoerak kontuan hartzen doguz' adierazo dabe antolatzaileek. Aurten hitzaldi ziklo honetan, 1609. urteko abuztuaren 14an, Durango Uriko udaletxean udalbatzarra lehen aldiz batu zaneko 400. urteurrena gogoratu nahi da. Hori dala eta, jarraian aitatutako berbaldiak, Durangoko udaletxeko Batzar Areto Nagusian izango dira arratsaldeko 19:30ean hasita:

- Urriak 21. 'Génesis y formación de una villa medieval. La evolución del paisaje urbano de la Villa de Durango'. Hizlaria: Belén Bengoetxea, Historian lizentziatua, EHU-UPV-ko arkeologiako irakaslea; hainbat indusketa arkeologiko egin ditu Durangoko alde zaharrean. Azpimarratzekoak dira Lariz jauregian eta, oraintsu, Santa Anako plazan egindakoak. Hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu euren artean, gaiagaz lotura zuzena dabelako, merezidu dau gogoratzea 'Durango. Transformaciones históricas de su configuración urbana'.

- Urriak 27. 'Durangoko kontzejua'. Hizlaria: Jaione Agirre, Historian lizentziatua, Erdi Aroan aditua. Zenbait ikerketa egin ditu Durangoko Uriari buruzkoak eta pare bat azpimarratzekotan: alde batetik, 'El incendio de 1554: consecuencias de una catástrofe en la sociedad y economía duranguesa' eta, bestetik, 'La vida social urbana en el País Vasco, el ejemplo de la villa de Durango' izenburukoak.

- Urriak 28. 'Casa Consistorial de Durango: historia, arte y arquitectura'. Hizlariak: Ana Leis eta Iñaki Madariaga.

Ana Leis, Historian lizentziatua da eta arte eta arkitekturearen historian aditua. Gure kultur ondarearen hainbat elementuren historia ikertu izan dau. Zenbait artikulu eta liburu idatziak ditu eta euren artean azpimarratuko geunke Bizkaiko eleizate eta urietako udaletxeei buruz idatzitako lanak. Lanokaz, beste batzuen artean, Durango Uriko udaletxeari buruz ohar historikoak ezagutzera emon ditu.

Iñaki Madariaga, barriz, Historian lizentziatua eta irakaslea da. Beste gai batzuen artean durangaldeagaz lotura zuzena dauen Durangaldeko klasikozalearen arte sakratuari buruzko ikerketea egin eban.

Gerediaga Alkarteak, Durangoko Udalaren laguntzinoagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesagaz antolatu dau berbaldi ziklo hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu