Alicia Alonsoren Kubako Ballet Nazionala eta 'Giselle' Bilbon urriaren 31n
2009-10-19 18:18 KultureaKubako Ballet Nazionalak nazinoarteko bira-programa bat garatzen dau urtero, eta, modu horretan, Europa, Asia eta Amerikako hainbat herrialdetako eszenatokietan ibilten da. Nazinoarteko saririk garrantzitsuenak irabazi izan ditu, eta, gainera, kritika espezializatuko ordezkari nagusienek behin eta barriro goraipatzen ditue konpainiaren doeak.
Kubako Ballet Nazionala, munduko jantza konpainiarik ospetsuenetakoa, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da urriaren 31n, eta 'Giselle' eroango dau taula gainera. Lan hori jantzearen historiako maisulanetako bat da eta, seguruenik, taldearen errepertorioko piezarik enblematiko eta entzutetsuena.
Konpainia hau 1948an sortu zan, Alicia Alonso izanik sortzaile eta figura nagusiena. Taldeko jantzarien zorroztasun tekniko-artistikoari eta koreografoen ikuskera estetikoaren aniztasunari esker, konpainiak oso leku nabarmena dauka genero honetako nazinoarteko talde handien artean.
Hasiera-hasieratik, taldearen bide artistikoa tradizino erromantiko eta klasikoagazko errespetutik abiatu zan. Hasiera haretatik bertatik, 'Giselle', 'Beltxargen aintzira' edo 'Coppelia' lan klasikoen bertsino osoak eskaini zituen, eta, gainera, Diaguileven Ballet Errusiarren mobimentu barritzaileko lanak be plazaratu zituen, bai eta koreografo kubatarrek sortutako balletak be.
1959an Iraultzea piztu zanean, balletak etapa barri bati ekin eutson. Momentu haretan, programa kultural barri baten parte moduan, konpainia barriro antolatu zan eta Kubako Ballet Nazionala izena emon jakon. Ordutik, errepertorioa aberastu egin dau eta jantzari, koreografo, irakasle eta jantzeagaz lotutako beste genero batzuetako (berbarako, arte plastikoak eta musikea) sortzaile barriak sustatu ditu. Errepertorio tradizionala hobetzeaz gan, goraka doan mobimentu koreografikoa sustatu dau, koreografia garaikidearen lorpenik handienen barruan dagozan lanei esker.
Kubako Ballet Nazionalak nazinoarteko bira-programa bat garatzen dau urtero, eta, modu horretan, Europa, Asia eta Amerikako hainbat herrialdetako eszenatokietan ibilten da. Nazinoarteko saririk garrantzitsuenak irabazi izan ditu, eta, gainera, kritika espezializatuko ordezkari nagusienek behin eta barriro goraipatzen ditue konpainiaren doeak.
Alicia Alonso
Alicia Alonso da konpainia honetako zuzendaria eta, sasoi batean, konpainiako lehenengo jantzaria izan zan. Ballet klasikoaren figura nabarmena da Iberoamerikako kulturan, eta, aldi berean, artearen eta jantzearen historiako personarik esanguratsuenetakoa.
Jantzari nagusia izan zan lan garrantzitsu askoren mundu mailako estreinaldietan, besteak beste, 'Undertow', 'Fall River Legend' eta 'Theme and Variations' lanetan. American Ballet Theatre konpainiako figura moduan, Europa eta Amerikako herrialde ugaritan ibili zan, jantzari nagusi legez.
Klasiko handien bertsino koreografikoak egin izan ditu. Lan horreek oso ospetsuak dira mundu osoan, eta konpainia garrantzitsuen errepertorioan dagoz, berbarako, Parisko Operako, Vienako Operako, Napoliko San Carloko, Pragako Operako eta Milango Scala Antzokiko balletetan.
Mailarik handieneko nazinoarteko autorpen ugari jasoteaz gan, 1980an, UNESCOk antolatuta, nazinoarteko omenaldia egin jakon Parisen, eta, 1997ko maiatzean, American Ballet Theatre konpainiak omenaldia egin eutson New Yorkeko Metropolitan Opera House dalakoan. Igaz, Espainiako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea jaso eban.
Kubako Ballet Nazionaleko zuzendari eta figura nagusi moduan, Alicia Alonso inspirazinoa eta gidaria izan da, jantzari kubatarren belaunaldi barri baten prestakuntzeari jagokonez, izan be, berezko estiloa dauka, eta, horri esker, leku gorena lortu dau nazinoarteko balletean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!