Turistak alertan
2009-10-09 14:36 BidaidePederastiari aurre egiteko, ezinbestekoa da begiak zabalik eta telefonoa eskura izatea. Hori bai, adi ibili behar da eta ikusten doguna ondo aztertu; sarritan, ikusten doguna ez dator bat benetan jazoten dagoanagaz. 'Bidaiariek gero eta lan garrantzitsuagoa egiten dabe Kanbodian umeen kontrako neurribakokeriatan eta, horregaitik, oso garrantzitsua da umeak arriskuan noiz dagozan jakitea, ustez eszena maitagarriak diranen atzean interes gaiztoak egon daitekezalako'.
Pederastiari aurre egiteko, ezinbestekoa da begiak zabalik eta telefonoa eskura izatea. Hori bai, adi ibili behar da eta ikusten doguna ondo aztertu; sarritan, ikusten doguna ez dator bat benetan jazoten dagoanagaz. 'Bidaiariek gero eta lan garrantzitsuagoa egiten dabe Kanbodian umeen kontrako neurribakokeriatan eta, horregaitik, oso garrantzitsua da umeak arriskuan noiz dagozan jakitea, ustez eszena maitagarriak diranen atzean interes gaiztoak egon daitekezalako', dino Huon Tim-ek. Tim Action Pour Les Enfants (APLE) Gobernuz Kanpoko Erakundeak pedofiloak salatzeko egiten dituan ikerketen koordinatzailea da. Erakunde hori Global Humanitaria espainiarrak diruz laguntzen dau.
Erakundeak egiten dauen lanari esker, honezkero 33 lagun zigortu ditue. Danetara, 74 Kanbodiako kartzelatan dagoz eta dozena bat inguru euren jatorrizko herrialdeko kartzelatan, mugaz gaindiko legeek delitu sexualen zigorrak egin izan diran herrialdeetatik kanpo beteten ixten dituelako. Egun, ikerketa asko zabalik dagoz baina hilebeteak edo urteak pasau daitekez epaiak urten arte. Hainbat ikerketa-lan dagoz martxan baina, hilebeteak eta batzuetan urteak pasau arren, ez da emoitzik lortzen. Ganera, neurri horreek ez dira nahikoa eta, oraindino be, milaka turistak umeak bortxatzen ditue ezelako zigorrik jaso barik.
Zelan deskubridu? Duda barik, zeregin gatxa da eta milaka begi beharko litzatekez jarrera susmagarriak atzemoteko. Horregaitik, turisten eginbeharra oso garrantzitsua da. APLE erakundearen bulegoko kartel batean jarten dauen legez, 'Turn a sex tourist into an ex tourist' (turista sexuala ex-turista bihurtu). Errekonoziduteko, ezinbestekoa da oinarrizko teknikak jakitea. 'Logikoa dan legez, pederasten itxurea jente arruntaren berbera da eta, batzuetan, ganera, on egitera datozala emoten dau. Baina zenbait jokabide ohartuta konturatuko gara euren benetako intentzinoak ez dirala onak', azaldu deusku Seila Samleang-ek, Kanbodiako Protect proiektuaren zuzendariak.
'Oro har, persona bakartiak izaten dira, batzuk itxura eskasekoak; pozik jarten diran momentu bakarra umeakaz dagozanean izaten da eta, 'jokoetan', umeei besarkadak eta mosuak emoten deutsiez. Askotan, euren biktimak hondartzara edo ugerlekura eroaten ahalegintzen dira eta, holan, ez dabe inoren arretea erakarriko erropea kentzen badeutsie', dino Huon Tim-ek. 'Pederasteak umeen konfiantzea irabazi behar dau eta hori leku publikoetan baino ezin dau egin; halanda be, gehiegikeria ez da, normalean, jentearen begibistan jazoten baina, batzuetan, hori be pasau daiteke. Horregaitik, oso garrantzitsua da gizonezko turista bakarti baten eta ume kanbodiar baten arteko eszena maitagarriegiak ikusi ezkero, APLE erakundeari jakinarazotea, arduratuta egoteko kasua dan ala ez ikertzeko'. Kanbodian ez da pederasta emakumezkorik ezagutzen. 'Gizonezkoen desbideratzea da', autortu dau Tim-ek.
Zonalde turistikoenak eta taberna guneak dira pederastei gehien gustetan jakezan lekuak eta, sarritan, euren burua irakasle altruista, mediku edota GKEren bateko ordezkari legez aurkezten dabe. Gauez, adin txikikoen sexuaren arloan dabizanek be egiten dabe 'lan' eta Gobernuak negozio horri aurre egiteko jarritako neurriek ez dabe arrakastarik izan. Batzuetan, benetako turismoa egiten datozan turistei eskrupulurik bako taxistek edota tuk-tuk gidariek egiten deutsiez sexu-eskaintzak. Horregaitik, oso garrantzitsua da holako kasuak APLEri edota Poliziari jakinarazotea, bestela Kanbodiak asiar pederastiaren meka izaten segiduko dau.
'Herrialde honetan zigorrik ezartzen ez dala uste dabenei erratuta dagozala jakinarazo behar jake', dino Seila Samleang-ek. 'Bitxia bada be, oraindino egon badagoz umeakaz hartu-emon sexualak izatea hemengo kulturan erabat onartuta dagoala uste daben turistak eta horregaitik ez jakela ezer pasauko'. Guzurra da eta, ganera, kanbodiar legeria espainiarra baino zorrotzagoa da sexu kontuei jagokenean. Legeak, berez, ez ditu erabateko hartu-emon sexualak onartzen personeak 18 urte izan arte eta 15 urtetik beherako ume bat 'ukutzea' delitua da, 'zantarkeria'. Kasu bietan, kartzela-zigorra ezarriko da. 'Kanboyan, pederastiari aurre egiteko bide bakarra erasotzaileak arlo guztietan baztertuta eta inguratuta sentiarazotea da'. Horretan, turisten begiek egiten ditue ekarpenik garrantzitsuenak.
Kontaktuak:
APLE: http://www.aplecambodia.org/
Larrialdietarako telefonoa Kanbodian: 092 469973
Hotline Phnom Penh: 012 584194
Hotline Siem Reap (Angkor): 092 886507
Hotline Sihanoukville: 092 199310
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!