Musika Bandearen eta Txistulari Bandearen kontzertu denporaldi barria aurkeztu dabe
2009-10-05 18:41 MusikeaTalde sinfonikoak domekatan eskainiko ditu bere emonaldiak Euskalduna Jauregiko Auditorio nagusian bi euroko sarrerearen truke eta Udal Txistularien Bandeak astean zehar (eguazten eta eguenetan), A3 Aretoan eta doban.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko bi musika-taldeek (BilbaoMusika erakunde autonomoan sartuta dagozan Bilboko Udal Musika Bandeak eta Txistulari Bandeak) hainbat artista konbidatuen kolaborazinoak ohiko estilo tradizionalagaz buztartuko dituen kontzertu denporaldia iragarri dabe. Talde sinfonikoak domekatan eskainiko ditu bere emonaldiak Euskalduna Jauregiko Auditorio nagusian bi euroko sarrerearen truke eta Udal Txistularien Bandeak astean zehar (eguazten eta eguenetan), A3 Aretoan eta doban.
Rafael Sanz-Espertek zuzentzen dauen Udal Musika Bandeak urteko azken hiruhilekoan emongo dituen kontzertuak aurkeztu ditu. Bi kontzertu izango dira urrian, hiru zemendian eta bakarra abenduan. Urteari amaierea emongo deutson kontzertua abenduaren 13an izango da eta hau izango da originalena, Bandako maisuekaz Presuntos Implicados taldeko ahots ohiak, Sole Giménezek, parte hartuko dauelako.
Ganerako kontzertuei jagokenez, Spanish Brass Luur Metalls talde konbidatuagaz ekingo jako denporaldiari urriaren 11an. Tronpeta, tronpa, tronboia eta tuba musika tresnakaz osotzen dan talde honek, 19898an sortu zanetik, hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu nazinoarte mailako jaialdietan. Maurice Jarre konposatzaile entzutetsuagaz kolaborau dau eta Principe de Asturias Sari banaketan be emon izan dau kontzerturik.
Bestalde hiru izango dira Bandea zuzenduko daben maisu konbidatuak; Felix Hauswirth suitzarraren zuzendaritzapean urriaren 25ean. Airezko musika tresnen zuzendaritzarako irakasle eta teorikoa dogu eta Europa, AEB eta Ekialde Hurbileko hainbat orkesta zuzentzen curriculum zabala dauena. Zemendiaren 15ean, Miquel Rodrigoren txandea izango da, kamara musikako katedraduna Aragoiko kontserbatorioan eta Musikeneko ohiko kolaboratzailea. Eta azkenik, zemendiaren 29an, Lowell Graham izango da zuzendari konbidatua, Texasko Unibersidadean Musika Saileko arduraduna eta iparramerikar zuzendari ospetsua, bere esku hainbat sari ditualarik. Gainera, gure Bandan ezaguna da, inoiz zuzentzeko aukerea izan dauelako. Zemendiaren 1ean, Juanjo Munera bombardinoak emongo dau bakarlari moduan kontzertua, Bandako kidea da bera eta R.W. Smith-en 'Wilson Suite (For Euphonium and Concert Banda)' eskainiko dau. Eta gainera, Jesús Santandreu konposatzailearen 'La noche de Brahma' obrea estreinauko da.
Hauxe izango da gure Bandeak Euskalduna Jauregian egiten dauen bigarren denporaldia. Taldea osotzen daben 52 irakasleren kalidadeaz gozeteaz gan, publikoak interprete konbidatuen talentuez be gozau eban, eta Gregory Fritzek Bilboko Bandearentzako BilbaoMusikaren enkarguz sortutako ‘Las cuatro estaciones en el País Vasco’ lako zenbait estreinaldi be ikusi ahal izan eban.
Bilboko Udal Txistularian Bandea
Garikoitz Mendizabalek (1.txistua) zuzentzen dauen Txistularien Udal Bandeari jagokonez, Idoia Kareaga (2. txistua), Gorka Zabaleta (silbotea) eta Asier Garcia (atabala), 11 kontzertuk osotzen dabe programea, urriaren 7an hasi eta datorren urteko martiaren 31rarte. Azken urteotan jarraitu dauen aritik antolatu dau bere programea Txistularien Bandeak, publikoaren aldetik harrera ezinhobea izan dauena: errepertorio tradizionala (Udal Bandeak berak interpretautakoa edo Euskal Herriko leku desbardinetatik etorritako beste taldeek interpretauta) eta euskal musikatik urrun geratzen diran bestelako estilo eta musikarien kolaborazioak buztartuz.
Esangura horretan, bilbotar laukoteak lau errezitaldi tradizional eta beste bat txisturako moldatutako kamara musikea interpretauko ditu. Gainera, pianoaren, biolontxeloaren eta klarinetearen laguntzaz, beste kontzertu klasiko bat be interpretauko dau. Ohiko Gabonetako kontzerturako, (abenduaren 20an, eszenatokia 600 jezarleku dituan A1 Aretora aldatzen dana) Kantika Abesbatza izango dau lagun Udal Txistulari Bandeak, Basilio Astulezek zuzenduta eta 10 eta 17 urte bitarteko gazteek interpretauko dabena.
Ganerako artista konbidatuei jagokonez, urriaren 29an Paul Hoxbro danimarkar flautajolearen txandea izango dak, nazinoarteko errekonozimendua irabazi dauena flauta eta tanborragaz interpretau dituan erdi aroko doinuakaitik, zein iparraldeko herriealdeen musika tradizionala zabaltzearren. Urtarrilaren 13an, KEtan izango da protagonista, eskusoinu eta txistuaren laguntzaz musika tradizionala eguneratzea helburu dauen bikotearena. Leire Telletxea (Bera, 1986) eta Jagoba Astiazaran (Zestoa, 1986) dira talde honetako kideak. Zezeilaren 10ean, Donostiako Udal Txistularien Bandea izango dogu, gaur eguneko txistuaren erreferentzia dan José Ignacio Ansorenak zuzenduta. Kontzertu ziklo hau martiaren 31an zarratuko da Naroa Intxausti bilbotar sopranoaren eta Bizkaian leku egin dauen Mariano Santamaría pianujoleagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!