Zoro moro nire betaurrekoakaz

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2009-09-24 12:50   Bidaide

Gure gidaria kantsagarri hutsa da. Balin, Uluwatu-ra bidean, ordubetean hamabost bat biderrez esan deusku kontuz ibilteko inguruetan dabizan tximinoakaz. Lantzean behin, atzerako espilutik begiratu eta abisuren bat edo beste ganeratzen dau. 'Belarritakoak eta lepokoa kendu beharko zeunkez, miss'. 'Ez da ideia ona zu betaurrekoakaz joatea, mister'. Sekula tximinorik ikusi izan ez bagendu legez!

Gure gidaria kantsagarri hutsa da. Balin, Uluwatu-ra bidean, ordubetean hamabost bat biderrez esan deusku kontuz ibilteko inguruetan dabizan tximinoakaz. Lantzean behin, atzerako espilutik begiratu eta abisuren bat edo beste ganeratzen dau. 'Belarritakoak eta lepokoa kendu beharko zeunkez, miss'. 'Ez da ideia ona zu betaurrekoakaz joatea, mister'. Sekula tximinorik ikusi izan ez bagendu legez! 'Honeek zuk inoiz ikusitakoak baino askozaz be oldarkorragoak dira, mister', dinosku hamargarrenez.

Indonesiarrak ahobero hutsak dira. Kotxetik bajatu eta bost hizkuntzatan gidariak esandakoa erakusten dauen kartel bat topau dogu begien aurre-aurrean. Tenplu barrura sartu baino lehenago Baliko tradizinoak eskatzen dauen sarong oihala janzten deuskun tipoa be bide beretik doa: 'ni ez nintzateke betaurrekoakaz joango, mister'. Begi bakotxean sei dioptria ditut eta, beraz, ez jat besterik geratzen. 'Egon trankil, egoerea kontrolpean daukat', esan deutsat, nire buruaz seguru. Barretxua egin deust eta arpegian 'hori ikusteko dago' ostentzen dauela igarri deutsat.

Uluwatu eregita dagoan amildegietara ailegau be ez gara egin eta honezkero ikusi doguz lehenengo tximinoak. Turistak tximino-ama baten eta haren kumearen inguruan dagoz pilatuta, argazkiak ataraten. '¡Qué monos!', dino ahots 'pijoagaz' espainiar batek. Kakahuete batzuk erosi ditu eurekaz argazki bat atarateko baina oraindino ez daki irudi hori bere bizitzako pasarterik bereziena izango dala. Oso guapa jantzita dago, praka laburtxuakaz eta tiranterik bako kamiseta bategaz. Bikoteak kamarea prest daukan bitartean, neskatoak eskua altzau dau, tximinoa kakahueterantz joan daiten. Baina urikoa dala igarten jako eta eskaladeari buruz ezer gitxi daki: ez dau tximinoaren estrategia ondo kalkulau ze animaliak, gora egin ahal izateko, hankak nonbaiten jarri beharko ditu frutura ailegetako. Bidean, likrazko kamisetatxuak tapetan dituan tontortxu biak ezin hobeak otu jakoz animaliari! Neskatoak, bertakoen begien gozamenerako, goiz horretan eroso joatea erabagi dau eta kamisetatxua baino ez daroa jantzita bularrak tapetako. Goseak jotako tximinoa zuzen doa kakahueterantz, lasterketa horretan neskatoaren kamisetearen elastikotasunari esker bular biak airean itxi deutsozala konturatu barik. Arrantza bat, hainbat flash eta barre algarak entzun ondoren, neskatoaren arrastorik be ez da geratzen.

Ordubete falta da eguzkia sartzeko eta ikusgarria izango dala emoten dau, kolore gorriskak hartuko dituen hodei altuakaz. Bitartean, primateen bihurrikeriak ikusten pasauko doguz minutuak. Tximinoen aurrean argazki batean urteteko prest dagoan neskatotxu anglosaxoi bat diadema barik geratu da eta itzelezko sustoa hartu dau. Orain, 'laguntxu' barriak ez jakoz horrenbeste gustetan eta karraderan joan da aitaren besoetara negarrez; aita, barriz, barre eta barre dago. Beste neskato bati, zapatilan eroian plastikozko lora bat apurtu deutso makakoak eta belarrian jarri dau. Ze barregarriak diran tximino honeek!

Bidea gero eta estuagoa da. Alde batean, itsaslabarra dago; bestean, oso ondo koordinautako eraso bortitza hasiko dan baso zarratua. Antza, tximinoei betaurrekoak gustetan jakez eta euretako bik, honezkero, pare bakotxa lortu dabe, doban. Indonesiar batek trukea egitea lortu dau: kakahuete boltsa bat aldatu dau betaurrekoakaitik. Hori bai, tximinoak, eskura emon beharrean, lurrera bota deutsoz. Begira gagozanak barreka hasi gara, baina alaitasunak ez deust luzaroan iraun.

Buruan golpe bat sentidu dot. Bapatean, ez dot ondo ikusten. Nire bikotea arrantzaka hasi da. Tximista baten abiadan, arbola batetik salto egin eta zuzen-zuzenean nire arpegira etorri jat tximino madarikatu bat. Betaurrekoak lapurtu deustaz eta, orain, arpegi alaiagaz dago niri begira. Betaurrekoen besoa ahoan sartuta dauka, hurrengo mobimentua pentsetan egongo balitz legez. Baina, benetan, itxaroten dago. 'Arin, emon egiozuz kakahueteak edo jateko zeozer!', dinost zarataka parkeko arduradun batek. Minutu batzuk lehenago, kakahueteak eroiazan turistak tontotzat hartu ditut. Baina niri denporea amaitu jat: makakoa badoa, korrika, nire betaurrekoakaz. Bitartean, beste bat nire motxilatik tiraka hasi da kremaileran jarrita daukadan giltzetako bat lapurtu guran. Arbola-adar bat hartu eta mehatxu egin deutsat. Erabagi okerra. Lagunei deitu eta lau pizti datoz orain nire atzetik. Korrika urtetea baino ez jat geratzen. Hurrengoan, zaku bete kakahuetegaz etorriko naz.

Biktimak tximinoetatik hainbat urrunen egoan lekuan alkartu gara eta kalteak zeintzuk izan diran zenbatu doguz alkarregaz. Bateren batek, argazki-kamarea be galdu dau argazkia atarateko larregi hurreratzeagaitik. Gizonezko horrek be ez eban frutu sikurik erosi eta, orain, makinea itsasoaren hondoan dago.

Ez dogu ezta eguzkia sartu arte itxarongo. Edozelan be, ez dot lar ikusiko eta, iluntzen dagoala kontuan izanda, gitxiago. Orain, momenturik txarrena dator: gure gidaria parking-ean dago itxaroten eta bost segundu baino ez ditu behar izan nire arpegian zeozer falta dala igarteko. Itzelezko irribarrea irudikatu jako arpegian: 'esan deutsut, mister, esan deutsut'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu