Lekuan lekuko euskal jantzak ikusgai Basaurin

Bizkaie! 2009-09-18 15:04   Kulturea

Gaur hasi eta domekara bitartean, Euskal Herriko Dantza Agerketaren 37. edizinoan jantza-talde autoktonoek jatorrizko lekuetan eta egun berezietan baino ikus ezin daitekezan jantzak eskainiko ditue.

Gaur hasi eta domekara bitartean, Euskal Herriko Dantza Agerketaren 37. edizinoan jantza-talde autoktonoek jatorrizko lekuetan eta egun berezietan baino ikus ezin daitekezan jantzak eskainiko ditue.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Euskal Herriko Dantza Agerketa orain dala 37 urte sortu zan euskal folklorea sustatzen daben taldeak suspertzeko eta ezagutarazoteko asmoz. Ekimenari esker, ez da zertan talde bakotxaren jatorrizko herrira egun zehatz batean joan.

Ikuskizuna kalean izango da, jatorriz be jantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziran. Euskal Herriko Dantza Agerketak ohitura horreek mantentzen laguntzen dau, tradizinozko erritu eta jantzen antzezpena argiz eta jantzarien herrietako argazkiz horniduta. Egun nagusia bihar, irailak 19, arratsaldean izango da, Basauriko Bizkotxalde parkean batuko diralako parte-hartzaile guztiak. Euria bada, ekitaldia Social Antzokira eroango litzateke; edozelan be, ikuskizuna dobakoa da.

Zerutxu (Markina-Xemein, Bizkaia), Indarra (Gasteiz), Erketz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Makaia (Faltzes, Nafarroa), Luzaideko Bolantak (Luzaide, Nafarroa) eta Etxahun Barkoxe Dantza Taldea (Barkoxe, Zuberoa) dira Basaurin batuko diran jantza-taldeak.

Euskal Herriko Dantza Agerketa beste zenbait ekintzaz osotzen da urtero, herritarrek euskal folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dagien. Aurten esperientzia barri bati ekingo jako: herri erromeria. Antxinako erromerietako espirituari jarraituz, eta 'egizu jantzan, ondo jakin ez arren' goiburuarekin, San Migelen aspaldian egiten ziran erromeriak ekarri nahi dira gogora.

Herriko jantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek parte hartuko dabe eta jantza batzuk berenberegi preparauko ditue ikusleek be parte hartzeko. Ekitaldi hori Solabarria plazan izango da. Aurretiaz, 19:00etan hasita eta jai giroa berotzeko, umeentzako tailerrak eta sagardo eta txorizoa hartzeko aukerea izango dira.

Euskal Herriko 37. Dantza Agerketa Basauriko jantza-taldeek antolatu dabe Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Horrezaz ganera, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntzinoa be izan dabe: txokoak, herriko taldeak, Danbolin Txistulari Alkartea, Sustraiak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Aurtengo ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, danetara, 120 lagun baino gehiago izan dira.

Basauri bertako jantzarik ezagutzen ez danez, herriko jantza-taldeek ezin dabe parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa ikuskizun nagusian. Halanda be, biharko jaialdiaren osogarri legez, domekan, Agintzari, Basauritar eta Edurre jantza-taldeek jantza batzuk erakutsiko ditue Bizkotxalde parkean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu