Azurmendik Gandiaga gogoratu dau bere azken liburuan

Bizkaie! 2009-09-17 14:40   Kulturea

Joxe Azurmendik (Zegama, 1941) 'Azken egunak Gandiagarekin' izeneko liburua kaleratu dau, 'bere libururik pertsonalena', Elkar argitaletxeko iturrien esanetan. 'Gandiaga 2001an hil zan Arantzazun, eta liburu hau haren heriotzearen inguruan sortua da', azaldu dau idazleak. Liburuak bizitzearen zentzua, heriotzea eta fedea lantzen ditu, besteak beste.

Joxe Azurmendik (Zegama, 1941) 'Azken egunak Gandiagarekin' izeneko liburua kaleratu dau Elkar argitaletxearen eskutik. 'Gandiaga 2001an hil zan Arantzazun, eta liburu hau haren heriotzearen inguruan sortua da. Gaixo egoaneko bisitea edo telefono bidezko alkarrizketen ondoren notak idazten hasi nintzan, Gandiagagaz berba egindakoaren ganean edo autoan Arantzazutik Donostiara burura etorten jatazan gogoeten inguruan. Laster nota pilo bat neukazan, ia beti gai berdintsuez: bizitzearen zentzua, heriotzea, fedearen balioa edo bakotasuna, holakoak'. Gai horreek dira, autoreak berak azaldu dauen legez, liburuaren ardatzak.

'Bere libururik pertsonalena egin dau Joxe Azurmendik', dinoe argitaletxeko iturriek. 'Gandiagaren obrearen azterketa legez hasitakoak bakarkako meditazino sorta bat dakar beragaz: zer dan gaur, XXI. mendean, sinistea; zertan sinisten edo ez-sinisten dogun; zeri deritxagun Jainkoa, hura baiezteko nahiz ukatzeko'.

Liburuak parte bi ditu: lehenengoa Gandiagaren eta bere obrearen ingurukoa da eta haren mundu poetikoa hobeto ulertzeko argibide batzuk emoten dira; bigarrena, batez be, heriotza eta Jainkoaren existentziaren inguruan da eta 'Gandiagaren mundu erlijiosoaren eztabaida edo gogoetea dala esan daiteke'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu