Bernardo Atxaga idazlea eta Daniel Innerarity filosofoa 'Eztabaidak Literatureagaz' zikloan

Bizkaie! 2009-09-14 14:47   Kulturea

Iñaki Esteban kazetariaren gidaritzapean, nobelagilea eta saiogilea protagonista izango dira 'Ulertu, susmatu, kritikatu' lemapeko jentaurreko topaketan. Bihar, hilak 15, Bilboko Bidebarrietako Liburutegia Bernardo Atxaga eta Daniel Innerarity idazleen arteko beste topaketa baten eszenatoki bihurtuko da.

Iñaki Esteban kazetariaren gidaritzapean, nobelagilea eta saiogilea protagonista izango dira 'Ulertu, susmatu, kritikatu' lemapeko jentaurreko topaketan. Bihar, hilak 15, Bilboko Bidebarrietako Liburutegia Bernardo Atxaga eta Daniel Innerarity idazleen arteko beste topaketa baten eszenatoki bihurtuko da.

Iñaki Esteban kazetariak aurkeztu eta gidatutako jentaurreko berbaldi hau Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da bihar, martitzena, 19:30etatik aurrera. Konbidatutako bi idazle honeek alkarrengandik oso urruti dagozan bi esparru ordezkatzen ditue, fikzinoarena eta kontzeptu filosofikoena, baina alkarrizketeak aurrera egin ahala, alkarren arteko konekzino-guneetan sakontzeko aukerea ere izango da, bai eta nobelagileak eta filosofoak topaketa honetako epigrafean batu diran 'Ulertu, susmatu, kritikatu' kontzeptuei heltzeko erabilten dituen ikusmira desbardinetan be.

Joseba Irazu Garmendia (Asteasu, 1951), Bernardo Atxaga literatur goitizenaz ezagunagoa, gaur egungo euskerazko literaturan dagoan izenik ezagunenetakoa da, eta honako sari honeek irabazi ditu, besteak beste: Euskadi Saria, Kritika Saria bi aldiz, Espainiako Narratiba Saria eta Frantziako Millepages Saria. 'Obabakoak', 'Gizona bere bakardadean', 'Zeru horiek', 'Soinujolearen semea' edota oraintsu plazaratu dauen 'Zazpi etxe Frantzian' nobelak dira, 'Etiopia' izenburuko poema-bildumeagaz batera, argitaratu dituan lanik ezagunenak.

Bestalde, Daniel Innerarity (Bilbao, 1959) Nafarroako Unibersidadearen Filosofia doktorea da, Filosofia irakasle titularra Zaragozako Unibersidadean eta irakasle konbidatua Sorbonan. Saiogilea, filosofoa eta itzultzailea izateaz gan, Zientzia eta Arteen Europar Agentziako kidea da, eta kolaboratzaile moduan idazten dau prentsan eta hainbat aldizkari espezializatutan. Idatzi dituan liburu guztien artean, honakoak nabarmendu behar dira, besteak beste: 'Ética de la hospitalidad', 'La transformación de la política', 'La sociedad invisible' edota 'El futuro y sus enemigos'. Horrezaz gan, hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Saiakera Sari Nazionala, Miguel de Unamuno Saria edota genero honetako Espasa Saria, bai eta Eusko Ikaskuntzak emoten dauen Humanitate, Kultura, Artea eta Gizarte Zientzien saria be.

'Eztabaidak Literatureagaz', liburua eta literatura sustatzeko programea igazko zezeilean abiatu zan Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta ordutik, hainbat idazle-bikote izan ditu hizlari: Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid edota Fernando Aramburu eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honen helburua, lehen mailako idazleakazko alkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioagaz zerikusia daben gaiak alkarrizketearen bidez aztertuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu