Borneoren agurra (II)
2009-09-10 11:26 BidaideBorneon, deforestazinoari aurre egin eta suntsitutako oihanak berreskuratzeko ahaleginetan dabizan enpresak egon, behintzat, badagoz. Hori bai, etekina ataratea da euren helburua, mundu garatuaren 'urre likidoa' izan daitekena sortuz: bigarren belaunaldiko bioerregaiak.
Borneon, deforestazinoari aurre egin eta suntsitutako oihanak berreskuratzeko ahaleginetan dabizan enpresak egon, behintzat, badagoz. Hori bai, etekina ataratea da euren helburua, mundu garatuaren 'urre likidoa' izan daitekena sortuz: bigarren belaunaldiko bioerregaiak, jatekoak diran barazkietatik sortzen ez diran horreek eta, etorkizunean, antza, erregai fosilen lekua hartuko dabenak. Halanda be, egindako azterketen emoitzen arabera, Borneo lako inguruetan horrelakoak produziduteak, produktu horreen erabilera komertzialagaz ebitau gura dana baino CO2 gehiago sortarazoten dau.
Melak eta Samarinda lortzen dituan asfaltozko bide estu eta zulotuari esker, orain, hamar ordu gitxiago behar dira batetik bestera ailegetako. Baina multinazionalak Kalimantan lur-eremuaren sortaldeko oihanetara ailegetako bide erraza eta arina be bada. Bertan, zeruertzean galtzen diran palmeren monolaborantzek baso tropikalen lekua zelan hartu daben ikus daiteke -jatorrizko 'dayak' biztanleek 'basamortu berdea' deitzen deutse-. Sasoi bateko oihanen zati txikitxuak baino ez dira geratzen, ia museoko pieza legez. Jarraian, baltzitutako lurrak agiri dira, bizirik bako eskeletoak diran arbolez osasutakoak, gizakiak noiz ebagiko itxaroten. Azkenik, suak erretako lur eremuan sortutako berdeguneetan ibilgailu 'garbien' erregai izango diran palmerak hasi dira hazten.
Kasualidadez, Europar Batasunaren erabagi 'berde' batek eragin dau oihaneko miloeka arbola ebagitea kontinente zaharreko autoen % 10ak 'bio' erregaia erabilteko. Zergaitik? 2006tik hona, palmeratatik ataratako orio begetalaren prezioak etenik barik egin dauelako gora. Bukit Baka – Bukit Raya Parke Nazionaleko analista Sundai Rajul-ek egoera hori Borneoren esplotazinotik harago doala salatzen dau. 'Herrialde garatuen planaren barruan sartzen da: euren lurretan gas kutsatzaileen emisinoak murrizteko, kutsadura hori garapen-bidean dagozan herrialdeetara daroe. Euren autoek gitxiago kutsatzen dabe, baina Borneoko, Sumatrako edota Brasileko basoen pentzura; euren industriek ez dabe gasik isurtzen, Txinara edota Indiara eroan dituelako. Holan, euren kontzientzia garbitzen daben bitartean, mundua zikintzen dabe eta ezinezkoa da maila horretan luzaroan segidutea'.
Agus Damok triste dago egoereak eragindako kalteak dirala eta. Dayak gizon hau talde turistikoen gidaria izan zan 1992ra arte eta, orain, egunez ajedrezean diharduen bitartean, gauez, bihozmina kentzeko, palma-likorea edaten dau. 1984an, ordura arte bizi izan zan herrixkatik urten eta Samarinda eta Long Iram urien artean dagoan Melak hautsez betetako herrira joan zan ingelesa ikasteko helburuagaz. 'Lehen, turismoa egoan eta horrek aberastasuna emoten eutson herrialdeari, basoa babesteko; baina, terrorismoak eta multinazionalek beharrik barik itxi gaitue eta, laster, gure lurrak be suntsituko ditue'. Berba horreetan ez dago baikortasunik bape eta Melak-eko hoteletako harrera-guneetako beharginen arpegietan, gitxiago. Antza, ‘Visit Borneo Year 2009’ (2009, Borneo bisitetako urtea) kanpainea ez doa bide onetik. 'Sasoi batean, suntsiketeari aurre egitea posible zala uste genduan. ‘Los últimos días del Edén’ filmak -ia kolorerik ez dauen poster bat dago etxeko egongela txikian jarrita- ekosistema mueta honeek babestu behar zirala aldarrikatzen eban eta jentea horretaz kontzientzietan hasi zan. Baina gauza horreek erraz ahaztuten dira eta aberastasun-gosea edozer baino gehiago da, batez be agintariak ustelkeriatan sartuta dagozanean eta Chivas botilla biren truk saltzen dabenean euren burua'.
Danau Sentarum Parke Naturaleko ordezkariek be gauza bera dinoe baina ez dabe gura euren izenik esan. 'Legeak egon, badagoz; baina ez da bitartekorik jarten legeria betearazoteko. Kasu askotan, milaka hektareako, hiru edo lau basozain baino ez dagoz eta holan ezinezkoa da isileko ehiztariei aurre egitea. Arazo larriena bertoko gobernuen ustelkeria da, lursail bat laborantza barrietarako erabili gura danean, egurra oso merke saltzeko ebagiten eta lursaila erreten ixten dabelako, beste alderantz begiratuta'.
Borneon, begiratzen dozun lekura begiratuta, beti ikusten da kea. Orokorrean, baserritarrek egindakoak izaten dira, ortu barria sortzeko; baina, batzuetan, suteak itzelak izaten dira. Zentzu horretan, 1982 bizi izan zan pasarterik arriskutsuena, planetako suterik handiena sortu ebenekoa: lau miloe hektarea errauts bihurtu ziran. Malasia eta Brunei inguruetan, ugartearen iparraldean, egoerea hobea da oihana babesteko bitarteko gehiago jarri dituelako, baina, Rajul-en esanetan, 'begibistakoa da 2007an ugartea osotzen daben hiru herrialdeek 240.000 kilometro koadro baso babesteko sinatutako 'Borneoren bihotza' hitzarmena ez dala beteten'.
Aurten, maiatzean, 70 herrialdetako 1.500 zientzialarik Borneoko egoerea 'larri' legez izentetan eben dokumentua idatzi eben, erabagiak berehala hartu behar zirala azpimarratuz. Ingurua indarrez suntsitzera etozanei barrikadak jarri eutsiezan tribu batzuek egindako protestez gan, orain arte ez da gauza handirik egin. Egungo erritmoan segidu ezkero, 2022an, orangutanaren habitataren, hau da, baso zarratuaren % 98 desagertuta egongo da. Baina Damok-ek argi dino: 'Lurrak, gizakia desagertzen danean be, biraka segiduko dau'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!