Borneoren agurra (I)
2009-08-27 14:15 BidaideEspaziotik begiratuta, orban berde erraldoia da Borneo baina hurreratu ezkero, agirian geratzen dira gizakiaren etenik bako diru-goseak eragindako zauriak, egur industria basatiak hustutako zelaiak, ikatz meatzaritzeak eragindako zulo bildurgarriak eta irlaren esentzia ataraten daben petroleo enpresa handien kea.
Espaziotik begiratuta, orban berde erraldoia da Borneo. Halan da be, ekialdeko kostan dagoan Balikpapan aireportura hurreratzeko maniobra edo mobimentuan argi ikus daitekez gizakiaren eten bako diru-goseak eragindako zauriak. Egur industria basatiak hustutako zelaiak, ikatz meatzaritzeak eragindako zulo bildurgarriak eta irlaren esentzia ataraten daben petroleo enpresa handien kea. Hori bai, bertako agintariek ez dabe holako kontuetan eskurik zikintzen. Mendebaldarrak Balikpapaneko hondartza inguruetako jatetxe karuetan ibilten dira, gehienetan eurak baino 30 urte gazteagoak diran emakumeakaz. Eta bertako langileburuak, barriz, modelo barrienetako lur orotarikoetan dabilz.
Handik kilometro batzuetara, New Yorken, Londresen edo Hong Kongen lehengaien espekulatzaileek dana kontroletan dabe Sungai Mahakam errekako ur lodietan sartu barik. Hauxe da Espainiaren azaleraren ia bikotxa dauen planetako hirugarren isla handiena hustuteko bide nagusiena. Borneo birrintzen daben ontzi erraldoiak barrualdera sartzen dira azken belaunaldiko makina indartsuakaz eta mendebaldearen eta azaleratzen dagozan Txina eta India lako potentzien gosea asetzeko lehengaiez beteta joango dira bueltan. Garraiatzen dituen enbor potolo horreek luju handiko parket edo konglomeratu merke bihurtuko dira; Borneoren historia da hori, oso azkar gaixotzen dagoan Asiako birikiaren eta ekosistema aberatsaren historia garratza. Ganera, legezko esplotazinoa gitxi ez balitz, Munduko Bankuaren ikerketen arabera, urtero 3.000 miloe eurotik gorako balioko legez kanpoko lehengaien esportazinoak egiten dira.
Baina oihana desagertarazoteaz batera, orain bi hamarkada ingurura arte munduagaz ezelako hartu-emonik barik bizi izan diran bertako herritarren, etnia bat baino gehiagoren bizimodua be arriskuan dago. Herri batzuetan jarrera argia dago lehengaien hustuketearen eta globalizazinoaren kontra baina burruka galdua da hori.
Samarindatik, ekialdean kokatutako probintziako uriburutik Long Iram herrira hogeita hamar bat ordu dira 'Kapal biasa' edo errekako taxian. Long Iram urre-meatzaritzearen erdigunea da eta altzairuzko erraldoiak gerarazoteko muga naturala. Kapal biasako bidaiariak islako bazter guztietatik 'Eldorado'-ren bila doazen indonesiarrak dira. Eskuko telefonoen soinuek eta ordenagailu eroangarriek itxurabakotu egiten dabe errealidadea eta erreka bazterretan agiri diran badaezpadako palafitoak eta tarteka uretan musturra ataraten daben kokodriloak dira deigarrienak. Bidaiarien kamiseta edo elastikoetan logotipo ezagunak eta mendebaldarrarentzat hain ezagunak ez diran beste batzuk agiri dira, ezinbestekoak enpresa indartsuetako agintarientzako. Danak dagoz Balikpapanen eta Samarindan, izan be, uri horreek paradisua dira zulaketa edota zerra enpresa erraldoientzako.
Long Irametik aurrera Sungai Mahakamek oihana babesten dau bertakoek gidatutako ontzi txikiak baino ez dabilzan ur-laster arriskutsuakaz.
Inguruetako landaredia zarratua ez dau oraindino gizakiak esplorau eta hor zehar bizi dira oraintsura arte arerioen buruak gordetan izan dituen dayak etniako lagunak. Gizonezkoek gorputz osoa, azalaren zentimetro bakarra be ez daukie tatuau barik eta emakumeek, barriz, hogeita hamar zentimetroko luzerako belarriak ditue belarritako edo arrakada pisutsuen eraginez. Edozelan be, etnia horretako lagunak topau gura izan ezkero, Asiako Amazoniaren bihotzera jo behar da eta Long Irametik ordu batzuk dira kanoa txikietan. Harrigarria bada be, oraindino argi indarrik egon ez arren, holako lekuetan telebista ikusten da egun eta telebistan agiri diran emakumeen belarri 'normalak' ikusita, emakume belarri handi batzuk, lotsaren lotsaz, belarri-gingilak ebagi izan ditue.
Borneo milaka pizti eta landareen babeslekua da eta aniztasuna hain da handia ze Afrika kontinente osoagaz konparau daitekeela. Ganera, urtero 3.000 espezie barri deskubriduten ditue. Zoritxarrez, katalogautako asko eta asko, honezkero desagertu egin dira eta milaka desagertzeko arriskuan dagoz. Komunikabideentzako deigarrienak tarseroa, munduko tximinorik txikiena, orangutana, Irrawadyko izurdea eta orkidea baltza edo rafflessia dira. Baina, esandako moduan, zerrendea amaierarik bakoa da.
Dana dala, horreek kontuak ez deutseez ardura 'kapal biasa' errekako taxian doazen bidaiariei. Txarrikeria guztiak errekara botaten ditue. Irabazi asmo garbia daukie eta ahalik eta azkarren aberastea da euren amesa. Borneo ez dabe maite, ez da euren lurra. Eskrupulurik bako multinazionalena be ez da Borneo baina lurzatiak erosteko edozer egiteko kapaz dira, besteak beste, sua emon salerosketea behartzeko. Indonesiak, Malasiak eta Bruneik konpartiduten dituen islako baliabide naturalak errotik atara eta basamortu bihurtzen dagoz lurralde osoa. Adena/WWF Gobernuz Kanpoko Erakunde ekologistearen arabera, oihan tropikalen % 56 agortuta dago eta suntsiketeaeren abiadurea gero eta handiagoa da.
Erreportajearen bigarren zatian azalduko deutsuet CO2 isurtzeak murrizteko asmoagaz, mundu garatuan bioerregaien erabilerea suspertu ahala, Borneoko oihanetan ezelako neurririk barik arbolak botaten dituela, aitatu gasaren isuriketak ugalduz. Ironia baltza eta errealidade gordina.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!