2009ko Aste Nagusiaren balantze positiboa ekarri dabe parte hartzearen eta turismoaren igoerek
2009-08-25 14:56Programa ofizialaren ekimen nagusienetan 430.000 lagun baino gehiagok parte hartu dabe (2008an baino % 10 gehiago), jai hasierako eta amaierako ekitaldiak kontuan hartu barik edo gastronomikora, kiroletara edo su artifizialetara joandakoak. Aurten Astondoa Pirotekniaren garaipenari esker Epahimahaiaren Sari Nagusia etxean geratu dala, ez dogu ahaztu behar.
Turismo eta Jaietako zinegotzia eta Jai Batzordeko presidenteak, Isabel Sanchez Robles, modu positiboan balorau ditu Aste Nagusiko azken edizinoaren bederatzi egunak.
'Gogoratuko dozue -adierazo dau- jaiak baino lehen herritarrei bi ideia nagusi jaurti geuntsezan: alde batetik, bilbotar guztiak Aste Nagusiaren inguruan batzea, eta aldi berean, sentimendu eta harrotasun hori jaia promozionetako erabiltzea; eta beste aldetik, Aste Nagusia abuztuan Bilboko ekonomiaren motorra dala'.
Esangura horretan, ekimen desbardinak sortu dira, besteak beste, '10 Kultur Ondare Inmaterialaren Altxorra' aukeraketan parte hartzea. Parte hartu ez eze, Aste Nagusiak irabazi egin eban herritarren botoei esker. Era berean, Aste Nagusiko osogarrien salmentea be sano arrakastatsua izan da, izan be, jaietako 25.000 zapi berezi bost egunetan agortu ziran.
Isabel Sanchez Roblesek adierazo dau krisialdiagaz bildur puntua egoala gastuan atzerakuntzea izan eikealako eta horregaitik sano eragingarria izan dan kanpaina bat abiarazo ebela: 'Bilbao. Aste Nagusian zabalik'. Kontzeptu hau, Aste Nagusia Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motorra abuztuan, jai eragile guztien aldetik babestua izan da zinegotziaren arabera, hostalaritza, alderdi politiko, komunikabide eta merkatarien alkarteen partetik. 'Eta herritarren aldetik -Jai Batzordearen presidenteak azpimarratu dauenez- euren parte-hartzerik eta konplizidaderik barik hau guztia ezinezkoa izango zalako'.
Aste Nagusiaren datu nagusiek esandakoa bermatzen dabe. Programa ofizialaren ekimen nagusienetan 430.000 persona baino gehiagok parte hartu dabe (2008an baino % 10 gehiago), jai hasierako eta amaierako ekitaldiak kontuan hartu barik edo gastronomikora, kiroletara edo su artifizialetara joandakoak. Aurten Astondoa Pirotekniaren garaipenari esker Epahimahaiaren Sari Nagusia etxean geratu dala, ez dogu ahaztu behar.
Igoera nabarmenak musika programazinoan izan dira (% 22 gehiago) eta Txikigunean (ia % 28 gehiago), beste aldetik antzerkiaren datuek behera egin dabe; baina jatsiera honek badauka azalpena. Arriagan programautako antzerkiak 29.700 ikusle izan ditu eta igaz 38.750 izan ziran, % 23 gitxiago. Kontuan izan behar da aurten berbenen kokapen aldaketeagaitik 'sesio golfa' desagertu arren (emonaldien %33), kale antzerkiak bere goranzko asistentzia mailari eutsi deutsola. Gas Plazaren Haur Antzerkiak, barriz, 15.050 ikusle izan ditu, % 32 gehiago.
Turismoari buruzko datuek be Isabel Sanchez Roblesek emondako balantzea bermatzen dabe. Bilbao Turismok 78.515 persona lagundu ditu, pasa dan urtean baino % 26 gehiago. Persona horreen artean, erdia baino gehiago (% 52 euskaldunak ziran), % 22 nazinoarteko turistak izan dira eta % 26 beste Autonomi Erkidego batzuetatik etorritakoak. Nazinoarteko turisten artean, % 31 Frantziatik etorri dira, % 21 Italiatik eta % 10 Alemaniatik, gainerakoak, beste herrialde batzuetatik. Estaduko turistak Kataluniatik etorri dira (% 37,6), Madriletik (% 15) eta Valentziatik (% 13).
Azken buruan, Turismo eta Jaietako zinegotziak herritarrei eta uria bisitau daben guztiei zorionak emon deutsez 'sexu erasoen kontadorea geldi egon dalako'. Aste Nagusi honetan ez da sexu erasorik izan, Udaleko Bardintasun eta Jaien Sailen, Bilboko Konpartsen eta Alde Zaharreko Merkatarien alkartearen artean martxan ipinitako kanpainearen ondoren. Kanpainan 30.000 preserbatibo eta erasotako personei laguntzeko txartelak banatu zituen.
Beste alde batetik, Bilboko Konpartsak be gustora dagoz aurtengo Aste Nagusiagaz. Oso pozik dagozala adierazo dau prentsaurrean Urko Uriarte konpartsetako kideak eta jaion arrakastea ikusirik, Bilboko jai eredua defendidu beharrekoa dala. Kontuak kontu, bat egin dabe Bilboko Udaleko Jai eta Turismo Sailagaz eta jai arrakastatsuak eta oso parte hartzaileak izan dirala esan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!