Pforzheim-Gernika bizikletaz, bakearen alde

Bizkaie! 2009-08-20 10:55

'Frieden erfahren' izenburupean ('Bakea sentidu' edo, berba-jokoan, 'Bakea lortzeko bidea egin'), abuztuaren 22tik 31ra bitartean, Pforzheim (Alemania) eta Gernika-Lumo arteko ibilaldia egingo da bizikletaz. Horren bitartez, bi udalerrien arteko senidetzea gauzatzen dauen agiria sinatu zaneko 20. urteurrena ospatuko da.

'Frieden erfahren' izenburupean ('Bakea sentidu' edo, berba-jokoan, 'Bakea lortzeko bidea egin'), abuztuaren 22tik 31ra bitartean, Pforzheim (Alemania) eta Gernika-Lumo arteko ibilaldia egingo da bizikletaz. Bueltako egunean, arratsaldeko 18:00etan, Pablo Picasso Eriabarreneko lorategiaren parean harrerea egingo jake. Ekimenaren bitartez, bi udalerrien arteko senidetzea gauzatzen dauen agiria sinatu zaneko 20. urteurrena ospatuko da.

Ekimena 'Frieden erfahren' proiektuaren partaide diran Pforzheim uriko bizikleta zaletu talde batek antolatu dau, Gernika Gogoratuz alkartearen eta Gernika-Lumoko udalaren laguntzinoagaz. Holan, 1988. urtean gazte talde batek egin eban lehenengo ibilbidea egingo dabe barriro; ordukoaren helburua senidetze-izenpearen aldeko adierazpena izan zan.

Taldea hamar txirrindularik osotuko dabe (lau gernikar eta sei alemaniar), eta adiskidetasuna eta alkar ezagutzea sustatu gura ditue Europan zehar egingo dan bidaia honetan, Bakearen eta Adiskidetzearen ikur bizia izan, egungo adiskidetzak landu eta barriak sortu.

Danetara, 1.519 kilometro izango dira eta txirrindularietako batek bizipen guztiak akuarelaz eta ikatzez egindako artelanetan islatuko ditu. Lan horreek, gero, Gernika-Lumon eta Pforzheimen ikusgai jarriko ditue. Gero, enkantean jarri eta lortzen dan dirua Gernika Gogoratuz alkartearentzat izango da.

Bestalde, herritarrak ahalik eta gehien parte hartzeko, webgune bat jarri dabe martxan, alemaneraz, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez: www.pforzheim-gernika.eu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu