Kazetari (edo haren bikote) izatearen alde txarra
2009-08-13 12:46 BidaideEgia esateko, bihotzik bako kabroia nazala sentiduten dot. Javako sumendien ganeko erreportaje bat egiteko bizitakoak sentiduarazo deust holan. Ijen sumendiaren kraterrean ezelako babesik barik azufrea ataraten dabizan beharginek hainbat kilometro egin behar ditue egunero mendian gora eta behera. Neu be eurekaz ibili naz, baina ez nintzateke holan sentiduko bakarrik joan izan banintz.
Egia esateko, bihotzik bako kabroia nazala sentiduten dot. Javako sumendien ganeko erreportaje bat egiteko bizitakoak sentiduarazo deust holan. Ijen sumendiaren kraterrean ezelako babesik barik azufrea ataraten dabizan beharginek hainbat kilometro egin behar ditue egunero mendian gora eta behera. Neu be eurekaz ibili naz, baina ez nintzateke holan sentiduko bakarrik joan izan banintz. Kasu horretan, erabat kantsauta egongo nintzateke. Baina kontua da nire bikoteagaz, Shen Yuan, joan nazala eta biok gagozala sats eginda. Eta, bene-benetan, ataratako primerako argazkiak ikusita nire kasuan sufrimentuak merezidu izan eban arren, ez dot uste berak hori bizitea merezidu ebanik. Jazotakoa jazota, neure buruari itaundu deutsat zein punturaino sar daiteken kazetaria ez dan nonor holako kazetaritza-lan batean. Normalean ez dot egiten baina, oraingoan, nire esperientzia personala baliogarria izan daiteke hainbat irakurlerentzat eta ulertuko dabe, sarritan, informatzaileok momentu gogorrak bizi izaten doguzala erreportajeak idazteko informazinoa topetan goazenean gero, ordenagailuaren pantailan, idatzi eta argazki onak eskaintzeko.
Aurrekariak kontetea ezinbestekoa da. Shen Yuan familia oneko neskatoa da, urikoa, bertatik sekula urten ez ebana ni ezagutu baino lehenago. Ijen sumendiko azufre-meatzearen ganeko erreportajea egingo nebala pentsau aurreko egunetan, Baliko lau izarreko hotel batean gengozan, ugerlekuagaz eta nik disfrutetan ez dodazan hainbat gehiegikeriagaz, ordura arte be eguzkiak argitutako hainbat hondartza eta paradisu bisitau genduzan eta. Hartutako daikirien arrastoak gorputzetik kendu behar nituan baina aldaketea gogorregia izan zan. Neskatoari sumendia ikustera joango ginala esan neutsan. Eta, akaso, beste bi be bai. Meatzariei laguntzea 'gogortsua' izango zala aurreratu neutsanean, ondo iruditu jakon. Baina ez ekian, lehenengo, ugerrak jandako ferry bat hartu behar ebala (ez daki uger egiten) eta gero Bigarren Mundu Gerrako japoniarrak eurak be harrituta ixteko moduko gidari kamikaze batek gidatutako 16 lagunez beteriko 12 plazako minibus batean 16 ordu pasau behar zituala. Gero, lau egunez jarraian, 03:45ean altzau beharko ginan, goizeko hodeiek sumendia tapau baino lehenago ailegetako edo, azken egunean moduan, meatzarien lana bertatik bertara segiduteko. Eta, hori guztia, javaiarren etxeetan ostatu hartuta, elektrizidaderik, edateko urik eta dutxau barik. Jatekoa... hobeto barriro ez gogoratu baina datu interesgarri bat emongo deutsuet: egunean behin baino ez genduan jaten.
Txarrena azken egunean jazo zan, itsasoaren mailatik 600 metrora. Kraterra 2.380 metrora dago. Baso zarratuan sartu eta hamar minutura, Yuanek esan eustan ezin izango ebala erritmo hori aguantau. Nik animau egin neban, aurretik % 20ko maldeagaz bost kilometroko igoerea geratzen zala jakin arren. Batzuetan, lau hankatara joan behar izan genduan, goizeko garoaren ondorioz lurrak laban egiten ebalako. Zelan ez, Yuan behin baino gehiagotan geratu zan eta sarritan esan eustan bueltea emongo ebala edo hemengo zein hango arbolan itxarongo eustala. Baina, apurtu-apurtuta egon arren, tontorrera ailegetea lortu eban, hiru orduan. Ameseta txarra amaitu zala pentsau ebanean, gogorrena orduan hasiko zala komentau neutsan, kraterraren hormatik barrurantz bajau behar ginala, han egoalako, pil-pilean, azufrea, eta handik ataraten ebelako meatzariek. Ondoezik jarri zan, eta ni be bai. Labar antzeko horma batean behera 700 metro egin behar izan genduzan, sulfuroz beteriko keak birikak apurtzen euskuzan bitartean. Batzuk gasaren kontrako maskarakaz joiazan, Iraken-edo lortutakoak gitxienez, baina gu, ez.
Beheraino ailegetako 200 metro inguru falta ziranean, Yuan lurrean jesarri eta negarrez hasi zan. Bertakoek, eta gure gida biek, gora joateko eskatu eutsen, eta meatzari bik bizkarrean eroango ebiela esan eutsen. 'Ez dot bajau gura', esan eustan. 'Ondo; itxaroan goian', erantzun neutsan. 'Baina ez dot igon nahi, ezin dot gehiago'. Haizearen norabidea aldatzen zanean, inguratzen euskun ke horiak begiak gorritzen euskuzan, samea irakiten jarri eta estulik ez egitea ezinezkoa zan. Azkenean, neugaz jarraitu eban beherantz. Zergaitik egiten eban galdetu neutsan. 'Maite zaitudalako'. Ez neban jakin zer erantzun. Bertakoek be esan eutsen 'no, miss, no', baina ez zan gorantz joan. Ez eben gura ezta ni joatea be, baina eurak txankletatan bajau eta 100 kilo azufre lepoan hartuta igoteko kapaz badira, zelan ez dot egingo nik gauza bera 10 kilogaz? Ba hortxe-hortxe ibili ginan baina, azkenean, lortu genduan, asko kostata.
Bajau ostean, zelan ez, igon egin behar zan eta atzera be bost kilometroak egin, sumendiaren beheko alderaino. Sarritan, gatxagoa izaten da beheranzko bidea goranzkoa baino. Gero, Yogyakarta urira 15 ordu minibusean egin behar izan genduzan eta orain hortxe nago, sentimentu kontrajarriagaz, subertedun kabroia nazala pentsetan, dutxa bikaina hartu eta alboan bere bizitzako esperientziarik onena izan dala esaten deustan neskatoagaz. Akaso, kazetaritzea be konpartidu egin daiteke...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!