Bizitza guztirako esklabo

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2009-07-30 11:20   Bidaide
Bizitza-istorioak

Bidaiak paisajeak eta monumentuak baino zeozer gehiago dira. Egia esateko, bidaiariagan eragin gehien lekuko biztanleek izaten dabe, onerako zein txarrerako. Horregaitik, Bidaiden, pertsonak protagonista izango diran atal berezi bat zabalduko dogu. Hasteko, ukabilkada bat Nepaletik.

Bidaiak paisajeak eta monumentuak baino zeozer gehiago dira. Egia esateko, bidaiariagan eragin gehien lekuko biztanleek izaten dabe, onerako zein txarrerako. Batera zein bestera, herrialde batetako errealidadea bertako biztanleek islatzen dabe ondoen. Horregaitik, Bidaiden, pertsonak protagonista izango diran atal berezi bat zabalduko dogu. Lantzean behin, bidaia desbardinetan ezagututako pertsonen bizitzen barri emongo dogu, labur-labur eta zehatz. Istorioak positiboak edota tristeak izan daitekez, baina beti balio izango dabe bidaiariaren begietatik harago dagoan herrialdearen errealidadea erakusteko. Eta, zelan ez, errealak izango dira. Hasteko, ukabilkada bat Nepaletik.

Joshi sorgintzat daukie. Andra batek bere antzutasuna sortu izana leporatzen deutso. Beste batek, senarraren desleialtasuna. Biek, bizi diran herrixkako biztanle gehienakaz batera, 17 urteko neskatoa lekutik bota egin gura dabe eta gaztearen bizimodua berez dana baino gatxagoa egiteko ahaleginetan dabiz, trankil biziten hasi dan sasoian, justu-justu. Orain arte, prostituzinora zuzendutako petsonen trafikoaren sareetan atrapauta egon da, hori baita Nepalek daukan arazorik larriena. Herrialdeak, Asiako pobreenetarikoa, beharginak horniduten ditu industria, landa eta etxeetako zerbitzuetarako.

Beste danen antzera, Joshi be engainau egin eben, gizon batek herrialdearen uriburuan, Katmandú, behar duin bat eskaini eutsonean. Calcutan, India, amaitu eban, putetxe batean bahituta. Bertan, bortxau eta torturau egin eben eta, bi urtean, prostituzinoan ibiltera behartu eben. Zorionez, UNICEFen babesa daukan GKE (Gobernuz Kanpoko Erakundea) batek egindako beharrari esker, handik urtetea lortu eban. Odol-analisiak egin eutsiezan eta, egunean hamabost gizonegaz ezelako protekzinorik barik hartu-emon sexualak izan arren, ez zan HIESaz kutsatu.

Baina 2004ko abuztuan beste amesgaizto batean sartu zan eta baleiteke bizitza osoan hortik ez urtetea. Prostituzinoan ibili diran emakumeak ez dagoz ondo ikusita eta oso gatxa da pisu hori ganetik kentzea. Nepaldar gizartea oso zorrotza da eta erlijinoak agindutako garbitasuna eta purutasuna oso garrantzitsuak dira oraindino. Orain dala hilabete batzuk, Joshi Gorahi herrira bueltau zan, jaioterrira, Himalayaren herrialdearen mendebaldean. Ordutik, bere etxearen adobezko lau hormen erdian bizi da. Handik urteten saiatzen danean, auzokoek harriak jaurtitzen deutsiez eta, batzuetan, kaka be bai. Egoerea baretu guran, UNICEF erakundeko batzorde bat bertako biztanleakaz egon da, neskatoak jazotakoagaz zerikusirik izan ez dauela ulertu arazoteko, baina ez dago modurik. 'Behin birjinidadea galduta eta prostituta izanda, Joshi-ren urtenbide bakarra ezagutzen ez daben lekuan bizimodu barri bat hastea da', dino batzordeko ordezkari Ana Dahal-ek. Baina Joshi-k ez dau gura hori: 'nora joango naz? Ez dot ezer txarrik egin'.

Egoera berbera bizi dabe herrialdeko hainbat herritako biztanleak. 'Ia danetan dagoz euren seme-alabak galdu dituen familiak. Desagertuta dagoz. Batzuk lan bila joan dira baina beste batzuk bahitu egin ditue', dino Dahal-ek. Benetan, emakumeakaz eta umeakaz trafiketan diran mafien esku dagoz, gehienak Indian. Eskari gehien daukan sektorea sexua da baina, asko, industria arlora be eroan ditue. Danetara, urtero-urtero, 225.000 lagun inguru jausten da legez kanpoko pertsonen trafiko horretan. Horreetatik, oso gitxi joaten da etxera bueltan eta, lortu ezkero be, gehienak HIESa edota beste gaixotasun batzuk hartuta doaz. Dahal-en ustez, argi dago: 'Heriotza-zigorra da. Kasurik onenean, betirako kartzela-zigorra'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu