Gerediaga Elkarteak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz eta Garaiko Udalagaz
2009-07-29 13:56 KultureaLehenengo hitzarmenak Gerediaga Elkarteak lau hamarkadatan Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz (lurralde honetako folklore taldeak batzen dituan federazinoa) izan dauen loturea arautzen dau. Garairi jagokonean, elizate horretako Udalak Gerediaga Elkarteagaz 'bazkide babesle' alkarlan-muetea sinatzea adostu dau.
Gerediaga Elkarteaklankidetza hitzarmenak sinatu ditu Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz eta Garaiko Udalagaz. Lehenengo hitzarmenak Gerediaga Elkarteak lau hamarkadatan Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz (lurralde honetako folklore taldeak batzen dituan federazinoa) izan dauen loturea arautzen dau. Hitzarmen horren bitartez, BDBk, bere aldetik, eta Gerediaga Elkarteak Durango Merinaldeko Dokumentategian gordeten dituen Durangaldeko folklorearen ganeko informazino eta materialaren trukea arautuko da. Era berean, alkarlanean antolatuko dira folkloreari lotutako hainbat ekintza, irailaren 12an Izurtzan egingo dan Ezpatadantzari Eguna, kasurako.
Garairi jagokonean, elizate horretako Udalak Gerediaga Elkarteagaz 'bazkide babesle' alkarlan-muetea sinatzea adostu dau. Hitzarmen horren arabera, eskatutako gaietan, alkarteak aholkularitzea emongo deutso Udalari. Horrezaz gain, alkarteak Garain garatuko dau bere urteko plangintzako ekintzaren bat.
Beste udal batzukaz moduan, Garaigaz egindako alkarlan-mueta hori ez da barria. Momoitioko San Juanen kokatutako Erdi Aroko hilerriaren berreskuratze-lanak izan dira horren adibide.
Antxinako Durango Merinaldeko osotzen daben ia 13 udalerriak Gerediaga Elkarteko 'bazkide babesleak' dira eta Gerediaga Elkartearen helburuakaz bat datozan gaietan lagundu eta aholkatzen dabe. Alkarteak ez dau baztertzen alkarlan-mueta hori beste erakunde batzuetara zabaltzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!