Odolak ez dau loituko txinatar mirakulua

Zigor Aldama 2009-07-21 11:59   Bidaide

Aurrekoetan argi gelditu ez bazan, orain uigur etniakoek gogorarazo deuskue txinatar guztiak ez dirala maila berekoak. Zergaitiak eta egoerea nahikoa ilunak diran arren, Txinak gogor jo dau ipar-ekialdeko Xinjiang probintziako gitxiengo etniko musulman horren kontra.

Aurrekoetan argi gelditu ez bazan, orain uigur etniakoek gogorarazo deuskue txinatar guztiak ez dirala maila berekoak. Zergaitiak eta egoerea nahikoa ilunak diran arren, Txinak gogor jo dau ipar-ekialdeko Xinjiang probintziako gitxiengo etniko musulman horren kontra. Eta segurutik, pasa dan martian Tibeten pasau zan legez, orain be Pekineko agintariek nagusi dan etniako errubako zibilak akabatzeagaitik basatitzat hartuko ditue uigur etniako lagunak. Gatazkatsuak diran lurraldeak kolonizetako jokerea izan da orain arte nagusi eta, zoritxarrez, Txinagaz lotutako ia kontu guztiakaz pasetan dan moduan, egia edo egia guztia ezagutzea ez da bape erraza izango.

Horrezaz gan, Urumqiko sarraskiak beste gauza bat be itxi dau agirian, hau da, sano gatxa dala pobrezia gorria sufridu eta 55 gitxiengo etniko dituan 9,5 miloe koadroko lurralde bat zorrotz eta gogor gobernetea eta iraultzarik edota sarraskirik ez egotea, izan be, ezelako lotsa barik gehiengoak % 10 inguru ordezkatzen daben gitxiengo etniko horreek indarrez hartzen ditu eta huskeria emoten dauen arren, Txinan % 10 horretan 140 miloe lagun dagoz.

Halan da guztiz be, ez dot uste Xinjiangen jazotakoak aparteko tentsinorik edota ezegonkortasunik eragingo deutsonik Dragoi Erraldoiari. Uigur Eskualde Autonomo Berezia sano urrun, aparte dago eta, horrezaz gan, musulmanak ez dira ondo ikusiak herrialdearen ganerako probintzietan. Txinako prentsan irakurleen iruzkinak irakurtea besterik ez dago; herritarrek erasotzaileak 'zapaltzeko' eskatzen deutsie gobernuari eta, era berean, ez dago ezelako interesik aurrez aurrekoak eta sarraskiak zergaitik edota zerk eraginda sortu ziran jakiteko; are gehiago, han etniakoentzat ez dago arrazoi etnikorik manifestazino bat bera be arrazoitzeko edo justifiketako. Gaiaren harian, sano adierazgarria da Txinako presidente Hu Jintaok bertan behera ez ixtea bidaia ofizial bat. Beste edozein agintarik atoan hartuko eban bueltako hegazkina. Baina Txinako agintarien jarrera eta gauzak egiteko modua bestelakoak dira eta bistan gelditu da ehundik gora hildako egon arren, ezikusiarena egiten dabela.

Herrialdearen barrualdeko lurralderen batean edota ekialdeko kostako probintziaren batean jazo izan balitz arrazoi etnikoez kanpoko matxinadea, gobernuaren jarrerea eta erantzuna bestelakoak izango litzatekezan, orain 20 bat urte Tiananmenen pasau zan moduan. Hortxe dago gobernuarentzat burukomin handia dan gizartearen ezegonkortasun osogaia; gitxiengoen asmo independentistak huskeria dira eurentzat, izan be, hain gitxi dira ze Txinako uri erraldoietako auzo bat be ez leukiela beteko. Eta manifestariek independentzia eskatu ez arren, uigur eta musulman izate hutsagaz kondenauta dagoz nagusi diran han etniakoentzat. Horregaitik, Tiananmen eta Urumqiko hilketak parekatzea zentzunik bakoa da.

Dana dala, 30 miloe hildako eraginez, Mao Tsetungek abiarazotako Kultur Iraultzaren amaieratik emon dan indarkeria bolada garrantzitsuena izan da hau eta interesgarria izan daiteke Hondurasegaz sano arduratuta dagoan nazinoarteko komunidadeak Txina presionetan dauen ala ez ikusteko, erreforma demokratikoak bideratu eta Giza Eskubideak errespetau daizan Txinari erreklametako. Ze ez daigun ahaztu, erabilten dogun ikuspegia edozein izanda be, herrialde latinoamerikarrean egon dan estadu kolpea huskeria dala Xinjiangen pasau danagaz konparetan badogu.

Zoritxarrez, munduak ez deusto jaramon larregi egingo etnien arteko arazo honi. Ez da oraingo kontua. Lehen be antzekoak ikusi doguz. Txinatar mirakulu ekonomikoa nahikoa izango da munduko lider demokratikoek euren idealak baztertu eta ahoa zarratzeko. Kasurik onenean, salaketa txikiren bat edo beste entzungo dogu uigur manifestarien neurri bako indarkeriagaitik, holan ejerzitoak erabili leiken neurri bako indarraren kontua isiltzeko; ze Dragoia hasarratzerik ez dau inork gura. Hori bai, egoerea bestelakoa izango litzateke hildakoak Sadam Husseinen Iraken izan balira; nahikoa izango zan hori lurraldearen inbasinoa eragiteko.

Pena da, barriro be, odolak egunkarietako orriak txipriztindu arte itxaron behar izatea munduaren hipokresia agirian geratzeko. Eta pena da Urumqiko hildakoek ezelako mobimenturik eta aldaketarik ez eragitea. Datozen egun, aste edo hilebeteetan arazoa nahasten eta korapilatzen bada, paperetan bestelako barri batzuk agertuko dira eta Xinjiangek betiko zulo baltza izaten jarraituko dau. Txinako Alderdi Komunisteak bereari ekingo deutso eta manifestazinoak gidatu dituen buruak heriotzea eragiten dauen injekzinoaren zain egongo dira, ze injekzinoarena gizatiarragoa da garondoan tiroa baino eta, horregaitik aukeratu dau oraintsu heriotza-zigor modu hori Txinak.

Xinjiangera (hemen dago Zetaren Ibilbidea) egin neban azken bidaian, harrituta gelditu nintzan naturearen edertasunagaitik eta nekazal giroko herritarren arpegietan atzemoten zan aniztasunagaitik. Baina etorkizuna uri handietan igarten da, besteak beste, sarraskien eszenatoki izan dan uriburuan. Egia esan, uri honeek eta Txinako beste edozein uri sano antzekoak dira. Euren nortasuna galtzen dagoz eta Txinako gobernuari interesetan jakon mundu globalizatura batzen doaz. Egunotan, Txinako beste lurralde batzuetara egindako bidaian ikusi dot gitxiengo etnikoak eta euren kultura eta tradizinoak oso arin desagertzen dagozala. Xinjiangeko hilketa eta sarraskiek erakusten dabe etnia bqatzuk gogor egiten dabela baina beste behin, Goliatek irabaziko dauelakoan nago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu