Paco Roca komiki Komiki Sari Nazionalak egin dau Getxoko VIII. Komiki Azokearen kartela
2009-07-15 11:52 KultureaZemendiaren 27tik 29ra, zortzigarren urtez, Komiki eta Manga Azokeak biñetearen mundua ekarriko dau Getxora. Igaz bezela, Areetako Geltokia plazan azokearen karpea kokatuko da eta Erromoko Santa Eugenia plazan, Mangaren Gunea.
Getxoko VIII. Komiki eta Manga Azokeak badauka kartela, Paco Rocak eginikoa, igaz Komiki Sari Nazionala lortu ebana 'Arrugas' lanari esker. Ilustratzaile eta komikigile valentziarra egungo komikiaren egile ospetsuenetariko bat da eta nazinoarteko zenbait sari eskuratu ditu. Rocak zemendiaren 27tik 29ra Areetako Geltokia eta Erromoko Santa Eugenia plazetan izango dan Getxoko azokan parte hartuko dau eta erakusketa baten protagonista izango da.
Paco Roca (Valentzia, 1969), 1996. urtean abiatu zan komiki profesionalean, Kiss Comixen. Argitalpen horretan umeentzako pertsonaien (esaterako, Peter Pan eta Aladino) ibilerak marraztu zituan. Bi urte geroago El Víbora aldizkari ospetsuan jardun zan. Bertan aurretik Kiss Comixen alkarlanean ibilitako Juan Miguel Aguilera gidoilariagaz hasi zan kolaboretan eta 'Road Cartoons' sortu eben, marrazkia eta 3 dimentsinoko animazinoa buztartu zituan proiektua.
2000. urtean 'Road Cartoons'-en istorioetan oinarritutako 'GOG' komikia argitaratu eben eta, horren ondoren bere lehenengo arrakastea lortu eban 'El juego lúgubre' istorioaren eskutik: Drakula eta Dalíren arteko antzekotasuna ardatz, bi pertsonaiek bakarturik bizi dira eta bere auzokideek bildurtuta daukiez, moralaren gainetik dagoz eta.
2003an, 'Hijos de la Alhambra' argitaratu eban, hainbat bidaiari liluratu zituan Granadako jauregiko misteriotik abiatuta. Urtebete geroago, 2004an, 'El faro' egin eban, Gerra Zibilean girotutako lana, eta, 2007an bere lanik arrakastatsuena kaleratu eban: 'Arrugas', hain zuzen be. Komiki horretan zahartzaroa eta Alzheime gaixotasuna erabiliz ituan istorio hunkigarria kontetako eta, horren eskutik hainbat sari lortu zituan, besteak beste, Bartzelonako, Madrilgo Expocómic eta Luccako (Italia) azoketan lortutakoak, Diario de Avisosen komiki sari ospetsua eta Komiki Sari Nazionala. Bere azken lana 'Las calles de arena' da, aurten Frantzian eta Espainian argitaratutakoa. Paco Rocaren lanak Italian eta Holandan be argitaratu dira.
Getxoko VIII. Komiki Azokea
Zemendiaren 27tik 29ra, zortzigarren urtez, Komiki eta Manga Azokeak biñetearen mundua ekarriko dau Getxora. Igaz bezela, Areetako Geltokia plazan azokearen karpea kokatuko da eta Erromoko Santa Eugenia plazan, Mangaren Gunea. Aurten 100 salmenta-postu baino gehiago egongo dira eta, horreetan, komiki-dendak, argitaletxeek, banatzaileek, fanzineek eta aldizkariek azken nobedadeek eskainiko ditue. Era berean, hainbat jarduera egingo dira azokan: berbaldiak, proiekzinoak, nobedadeen aurkezpenak, tailerrak, erakusketak eta sinatze-txandak, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!