Lekeitio, kale-arteen itsasargia

Bizkaie! 2009-07-06 16:10   Kulturea

Garagarrilaren 10, 11 eta 12an, Lekeitioko XX. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia (9 konpainia eta 13 emonaldi) ospatzeko elementua sua izango da; sua izango da aurtengo protagonista nagusia.

Garagarrilaren 10, 11 eta 12an, Lekeitioko XX. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia (9 konpainia eta 13 emonaldi) ospatzeko elementua sua izango da; sua izango da aurtengo protagonista nagusia. Mediterraneoko usadio zaharraz gozetako Correfoc (suzko kalejira) bat izango da Scura Splats-en eskutik, su azpiko jantza ikusgarria. Gainera, Frantziatik etorritako Karnavires taldeak kondaira greziar baten suzko moldaketea porturatuko dau. Sua eta kalejira ikusgarria.

Horrezaz gain, kale antzerki musikalak, Zanguango, Eidabe eta Famme Fatale taldeen proposamenak dira. Musikea zuzenean, kantak eta jantzak.

Abangoardiaren bidetik abiatzen da Gaitzerdi taldea 'Otsoko' lanagaz. Ipuin klasikoaren moldaketa harrigarria.

Eta egitaraua biribiltzeko gaurko clowna dogu ikusmiran. Salitre eta Hortzmugaren azken estreinaldiak. Umorea ez da faltako.

Bestetik, nazinoarteko mailak emoten deutso jaialdiari prestigio eta itzal handia. Aurten 5 herrialdeetatik jatorkuz Euskal Herrira. Frantzia azken urteotako konbidatu ezinbestekoa izan da (Karnavires). Bertan egiten baita Europako kale-antzerkirik onenetakoa.

Argentinatik etorri ziran En la Lona taldeko kideak eta Lekeitio aldean hartu eben bizilekua. Edozelan be, aurtengo edizinoan Galeuscari buruz egin geinke berba, Euskal Herriko taldeakaz batera Herrialde Katalanetako (Scura Splats) eta Galiziako (Famme Fatale) taldeak izango diralako. Amaitzeko Gaztela aldetik etorriko jakun taldea: Zanguango.


Erakusketea Eskolapen

Kale antzerkia ez eze, erakusketa bat be izango da aurten, Hortzmuga taldeak eta Lekeitioko jaialdiak 20 urte bete dituelako.

Erakusketearen edukiak:

• Hortzmugak 20 urte bete ditu eta beraren ibilbideari buruzko erakusketea ekarriko dau Lekeitiora.
• Gaitzerdik 20 urte bete barri ditu eta ibilbideari buruzko dokumentala plazaratuko da.
• Lekeitioko 20 kartelak be ikusgai jarriko dira.


Lekeitio kale-arteen aitzindari

Lekeitio da kale-arteen aitzindari. Lekeitio dogu nazinoarteko kale antzerkirik onenaren plaza, bertotik talderik nabarmenenak igaro dira: Royal de Luxe, Ilotopie, Plasticien Volants, Transe Express Europa…

1979an, Lekeitio herrian 'Topaketak' antolatu ziran. Antzerki topaketa hareetan Danimarka, Italia eta Euskal Herriko taldeak batu ziran euskal antzerki independentearen mobimentuari hasierea emonaz.

Hamar urte geroago, 1989an, antzerkizale talde batek topaketa horreetan bizi izandako esperientzia berreskuratzea eskaini eutson udalari. Holan sortu zan Lekeitioko Kale-Antzerki Jaialdiaren lehenengo edizinoa. Aurrekontu apal bategaz jaialdiak hasierako pausuak emon zituan eta egitarauan ehun hankapaluen bilkura bat nabarmendu zan. Jaialdia aitzindaria zan, Euskal Herrian kultur arlo honetan lehenengoa. Hemendik aurrera kale-arteen eremuetan Lekeitiok bidea zabaldu eban. Barritzaile izaera horrk espazio barriak konkistetea ekarri dau. Kale eta plazetan oinarria izan arren, zeruan, itsasoan, hondartzan… be topau dau antzezlekua.

Bigarren jaialdiak, 1990an, munduari zabaldu eutson atea, Frantzia eta Laponiako bi talde gonbidatuz. Nazinoarteko joera hau urtez urte handitzen joan da. Gaur, bost kontinentetako taldeak Lekeitioko plazatik igaro dira. Togo, Ghana, Mozambike, Quebec, Argentina, Kuba, Txile, Bali, Turkia, Txekia, Italia, Alemania, Portugal, Errusia, Frantzia… izan dira jaialdian.

Penintsulako eremu guztietatik hamaika antzerki talde hurrerartu dira Lekeitiora. Horrezaz gan, euskal antzerki talde ugarik hartu dau jaialdia lan barriak aurkezteko plaza eta jaialdiak berak sei produkzino propio estreinau ditu, arrakasta handiz bai parte hartze aldetik bai kalidade aldetik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu