Jon Enbeita: 'bakarlariaren irudia aldarrikatu gura dot'
2009-07-06 11:39 BarriketanLuzaroan gitarrea gordeta euki ostean, Jon Enbeita muxikarrak sasoi batean sortu zituan kantak batu eta 'Hainbeste, hain gitxi' izeneko diskoan plazaratu barri ditu. Bere burua bakarlari legez aurkeztu eta kantautorearen irudiaren aldeko aldarrikapen sendoa egin arren, diskoa grabetako musikari-talde 'bikaina' izan dau inguruan. Askatasunari, bakeari, euskereari eta oraintsu jaio jakon ilobeari idatzi deutsoz, besteak beste, kantak Enbeitak. Ostean, musikatu egin ditu. Lehenengo berbea, gero musikea, edo biak aldi berean. Inoiz ez musikea aurretik. Letrak baitira baliotsuenak Enbeitarentzat.
1.- Orain dala hiru hamarkada, herriz herri ibili zinan, gitarrea eskuan, musika-ekitaldiak eskaintzen. Zelan gogoratzen dozuz sasoi hareek?
Oso sasoi bereziak ziran eta alkarrizketa osoa behar izango litzateke anekdota guztiak azaltzeko. Orduan, Franko bizi zan eta jaialdiak jentez ganezka egozan ze kantearen, musikearen, bertsoaren bidez zabaltzen zan, orduko zentsuren ganetik, jenteak entzun gura eban mezua.
Anekdotak, gogoangarriak izan arren, latzak be badira. Ia beti ibili behar zinan Guardia Zibilari igesi eta urte bi baino gehiagoan ni galarazota egon nintzan. Persona bakarreko jaialdi gitxi egoten zan, hiru edo lau bakarlari joaten ginan, baina beti agertzen zan kartelen bat honako mezuagaz: '...jaialdia hau baimenduta dago... excepto Jon Enbeita'. Ez nintzan oso begikoa, antza, kantak neure-neureak ziran ze nik nire mezua zabaldu gura neban, ez dot inoiz sentidu besteak baino hobeto abesten dodanik baina neure mezua neuk zabaldu gura dot.
2.- Gero, gitarrea gorde eta bertsoari ekin zeuntsan. Zergaitik aldaketa hori? Egun, plazarik plaza segiduten dozu?
Franko hil ondoren, bakarlariak taldeak sortzen hasi ziran, musikariz inguratzen. Ni, orduan, bertsotan be ibilten nintzan eta bakarlari legez taldeagaz segidu ezkeroan, bertso-ekitaldiak eta kanturako ekitaldiak sarritan egun berean ziran eta taldekideak ezin izango nituan bakarrik itxi. Beraz, Euskal Herriko txapelketan bigarren egin eta bertsolaritzeari ekitea erabagi neban.
Egun, plazarik plaza segiduteko amesa daukat, bertsotan zein kantuan, eta lehengo beste ilusinogaz eta gogoagaz. Orain, kantuan hasteagaitik, ez dot bertsogintzea baztertuko, bakarlari legez nator eta bide biak buztartu neikez, neuk antolatzen dot-eta egin beharrekoa.
3.- Nondik nora otu jatzun diskoa atarateko ideia?
Lehendik, kanta piloa neukazan eginda baina hogei bat urtez gitarrea itxi neban. Orain dala urte batzuk, barriro hasi nintzan joten eta nik ez dot balio besteen kantak joteko, nik sortu egin behar dot ze sortzen ez banago ez nago gustura. Beraz, kanta barriak sortzen joan naz eta beti euki dot kanta horreek grabetako amesa baina, egun, grabazino kontuak ez dagoz erraz eta gitxiago, ganera, zirkuito horretan ez bazabiz.
Lankukoakaz berbetan -bertso-jaialdi batean parte hartzeko, komentau neutsen zelan kanta batzuk nituala eta eurak animau eustien barriro zirkuituan sartzera eta orduan hasi ginan lehenengo pausuak emoten. Aukera eta suberte itzela izan da niretzat.
4.- 'Hainbeste, hain gitxi'. Zein da izenburu horren jatorria?
Beste izenburu batzuk jartekotan egozan baina azkenean hori aukeratu zan. 'Hainbeste, hain gitxi' horregaz zabaldu gura dodana da zuretzat asko dana niretzat gitxi izan daitekela, hau da, gauzak ez dirala danontzat bardinak, ikusten dituanaren araberakoak dira. Izenburu hori kanta batek be badaroa eta lehenengo kanta moduan aurkeztea neukan pentsauta baina diskoa grabau ostean horretarako beste kanta bat erabiltea erabagi dogu. Beraz, horregaitik guztiagaitik jarri deutsagu izenburu hori, hainbeste, askotan, hain gitxi izaten dalako, nondik begiratzen dan, holan ikusiko doguzalako gauzak.
5.- Danetara, 13 kanta batu dozuz. Ze estilotakoak? Ze gai jorratu dozuz berbatan?
Lehenengotan, 30 kanta nituan eta horreetatik 22 hartu ziran; gero, 22 horreetatik, azken 13ak. Eta kanta horreek ez dira aukeratu onenak ziralako, euren artean monotonia edo antzekotasunik ez eukielako baino, estilo desbardinak egon daitezan.
Gaien aldetik, iloba txikiari eskainitako sehaska-kanta bat, heriotza baten ondoren egindako beste bat, pil-pilean dagoan bake eta askatasunaren ingurukoa, jausitako baserri bati egindakoa, maitasunaren ingurukoa, atzerrian bizi diran euskaldunei eskainitakoa... Danetarik jorratu gura izan dot, diskoa monotonoa izan ez daiten, bai letra zein estilo aldetik.
6.- Lanean, hainbat kolaboratzaile izan dozuz, tartean Rafa Rueda. Zelan konpondu zaree eta zelan bateratu dozuez estiloak?
Bai, jentaurrean bakarlari legez arituko nazan arren, grabetako musikariakaz alkarlanean ibili naz. Esperientzia zoragarria izan da ze batu dodazan musikariak, lehenengotik azkeneraino, oso profesionalak dira musika aldetik eta persona moduan hobeak, ganera. Hiru saio egin eta lau egunean diskoa grabauta egon da. Horretarako, ezinbestekoa da profesionala izatea.
7.- Familiako kide batzuk -Oihane, Zihara eta Jon- be izan dozuz lagun disko honetan. Horrenbeste bertsolari zareela kontuan izanda, alkartzen zareenean, bertso bat botateko, zeure txandea itxaron beharko dozu...
Ez, ez, ez... Badakizu, 'burdingilearen etxean, egurrezko kutxiloa' eta, beraz, ez dago txandarik eskatu beharrik. Familiako batzuk parte hartu dabe, Oihane alabeak ahotsa jarten, Zihara beste alabeak diseinua, emazte Karmelek ingeleserako itzulpena...
Familiari egindako erreferentziak be agiri dira diskoan, Ziharak martian izan eban umetxuari, nire lehenengo ilobeari, 'Lo Ekhi lo' sehaska-kantea eskaini deutsat.
8.- Kantak ingelesera, frantsesera eta gaztelaniara itzulita dagoz. Zergaitik?
Kanten mezua ahalik eta gehien zabaltzea da nire amesa. Berbarako, ingelesera itzuli eta mezu hori ameriketan bizi diran euskaldunek ulertu gura badabe, baleiteke euskerea apur bat galduta izatea eta ingeleseko itzulpena irakurten badabe, badakie zeren ganean nabilen. Beste hizkuntzakaz, bardin. Holan, ardurea daukanak, zer dinodan jakingo dau eta, bide batez, euskeraz entzuten dau.
9.- Kontzertu-bira bati ekingo deutsazu?
Bai, hori da nire amesa, baina oraindik ez dodaz data guztiak zarratu. Kontzertuak antzokietan emotea da amesa, ez plazatan. Aurkezpenak be egin gura neukez, diskoa grabau dodan musikariakaz, zenbait herritan, ostean bakarlari legez jarraitzeko, hori dalako aldarrikatu gura dodana, bakarlariaren irudia.
10.- Zergaitik aldarrikapen hori?
Bakarlarien munduan hutsune bat dagoala uste dot eta tarte hori bete beharko geunke, neuk zein beste bakarlari batzuek. Kantautorearen oinarria letrea da, hau da, musikeak ez dagiela letrea distraidu; diskoan, musika aldetik aberastuta egon arren, letrea da garrantzitsuena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!