Asiako hamar uririk txarrenak
2009-06-30 15:34 BidaideAsiako hamar uririk onenak aztertu ondoren, orain kontrako ezaugarriak dituenak komentauko doguz. Munduko kontinenterik jentetsuenean ez da horrelakorik falta ze, lurralde honetan, megauri erraldoiak edonon dagoz. Orain arte egin dodan balorazinoaren ondorioak aztertuta, lurralderik desatseginena, alde handiagaz ganera, India da.
Asiako hamar uririk onenak aztertu ondoren, orain kontrako ezaugarriak dituenak komentauko doguz. Munduko kontinenterik jentetsuenean ez da horrelakorik falta ze, lurralde honetan, megauri erraldoiak edonon dagoz. Orain arte egin dodan balorazinoaren ondorioak aztertuta, lurralderik desatseginena, alde handiagaz ganera, India da. Bertan dagoz ekialde urruneko bost uririk txarrenak, horreetatik lau zerrendako lehenengo postuetan. Indiak podiumeko hiru lekuak hartzen ditu.
Kontinenteko uririk txarrena Calcuta da, 100 puntutik 26gaz. Mumbai eta Delhi ez dagoz urrun eta, nigaitik izan ezkero, azken horri urrea emongo neuskio, Indiako uriburuko jente desatseginagaitik eta mendebaldarrak engainetako daukien jokereagaitik. Dana dago zikin eta, kaleetan, kaosa da nagusi; udan, ganera, termometroaren merkurioa 45 gradutan jarten da. Azpiegitura-sistemea oso eskasa da eta metro barriak zein barriztetan dabizan aireportuak ez dabe arazo hori konponduko. Saltokien zerbitzua negargarria da eta kalidadeari eta prezioari erreparau ezkero, kontinenteko txarrenak dirala esan daiteke. Gelarik merkeenak (lurraldeko edonon baino karuagoak, beti) arratoiz eta labezomorroz beterik dagoz eta, gehitxuago pagau ezkero be (30-40 euro bueltan), kalidadea ez da lar hobetuko. Saltokirik karuenak baino ez dira onak.
Asiako uririk txarrenen zerrendan, lehenengo hamarren artean dagozan uriek aitatutako antzeko ezaugarriak ditue. Egurrezko betaurrekoak eroan behar dira disfrutau gura izan ezkero. Horrek ez dau esan gura interesgarriak ez diranik, baina bai gogorrenetarikoak. Eroso egon gura izan ezkero, dirua ezinbestekoa da ondo lo egin eta seguru jateko. Eta oso gomendagarria da, joan baino lehenago, Kanpo Osasun Zerbitzura jo (Bilbon, Kale Nagusia, 62) eta beharrezko botikak hartzea, leku honeetan osasunerako oso kaltegarriak diran gaixotasunak hartzea oso erraza baita.
Dacca munduko uririk motzena da. Eraikinak amaitu barik dagoz eta merkaduetan askotariko piztiak topau zeinkez. Bangladesh-eko uriburuak leku erakargarri gitxi ditu eta, akaso, hoba da asfaltoa itxi eta basatzan sartzea, zeozer interesgarria topau gura badogu, behintzat.
Txinaren alderik baltzena be sartzen da Asiako uririk txarrenen zerrendan. Hiru uri baino ez dodaz aitatuko, baina arimarik barik eregitako hainbat uri gris sar daitekez zerrendan, danak antzekoak eta erabat kutsatuta. Hamar miloe biztanle baino gehiagoko uriak izan arren, izenak ez doguz ezagutu be egiten. Chongqing mendi baten magalean, Yangtse ibaiaren ertzean eregita dago eta 'Txinako labea' moduan ezagutzen diran lau urietako bat da. Klimeari eta ingurumenaren kalidadeari erreparauta, txinatar uririk txarrena da, baina zerrendako beste biak (Guangdong lurraldeko erdigune ekonomikoak, Guangzhou uriburua eta Shenzhen) eskaintza gastronomikoagaitik eta aisialdi-programa aberatsagaitik dagoz postu hobean, ez beste ezegaitik, gobernuak topau gura dauen armoniatik urrun baitagoz.
Hamar txarrenen artean, India-Txina bikotetik kanpo dagozan uri bi dagoz. Ulan Bator aurretik dago, hainbat arrazoi dirala eta. Herrialderik eskuzabalenetarikoaren -Mongolia- uriburua izan arren, herritarrak klima bezain hotzak eta inguruko mendiak bezain ligorrak dira. Hori gitxi balitz, egunero, gaueko hamaiketan, etxeratze-agindu ez-arautu bat dago inguruak bizi dauen indarkeria-giroa dala eta. Uriak sobietar eragin nabarmena dauka eta, klima gogorraren ondorioz, ia udan baino ezin daiteke bisitau. Horregaitik, oso garrantzitsua da uritik urten eta mongoliar estepea ezagutzeko osteratxu batzuk egitea, zoragarria da eta.
Zerrendako azkena Kanbodiako uriburua da. Agintariek azken hamarkadan egindako esfortzuak esfortzu, Phnom Penh uriko gehiegikeriak ez dira konpondu ezta nazinoarteko soldaduen presentziagaz be. Prostituzinoa -baita umeena be- eta indarkeria dira arazo nagusiak eta, gehienetan, alkarren eskutik joaten dira. Orain arte trankilak ziran kaleetan, egun, kaosa da nagusi, prostituzinoa asko garatu dalako azken aldian. Alboko Vietnam herrialdeko Saigón eta Hanoi urien antza hartzen hasi da; horreek biak zerrendan ez agiri arren, ez litzatekez urrun egongo.
Kontuan izan balorazino honeek guztiz subjektiboak dirala eta, seguru nago, asko ez zareela bat etorriko. Halanda be, kontinente horretan hamar urtean egindako bidaietan oinarritutako ondorioetatik sortutako zerrendea da eta, orain arte be, Bizkaie!-n argitaratutako erreportajetxuetan, arrazoi ugari emon izan dodaz esandakoak esateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!