Alex Txikon: 'goi mendietara deskantsuaren bila noa'
2009-06-29 10:25 BarriketanEverest eta K2ren ondoren, munduko hirugarren zortzimilako altuena dan Kangchenjungatik (8.586 m.) bueltan atrapau dogu Alex Txikon, 28 urteko lemoarra. Edurne Pasabanek tontorra zapaldu, 12. zortzimilakoa zapaldu eta beherantzako bide dramatikoan, Edurneren makalaldian, AlexTxikonen lana txalogarria izan zan. Amarena, aitarena, lagunarena egin behar izan eban eta, azkenean biek amaitu eben Zaragozako MAZ ospitalean izozketa arinakaz.
Hainbat kontu, beraz, mendia, naturea, abenturea eta kirolak, oro har, maite dituan lemoarragaz jorratzeko. Hona hemen oraintsu egindako berbaldian kontau deskuzanak:
1.- Ezer baino lehen, zelan zagoz? Behatzetan izandako izozketak zelan daukazuz?
Ondo. Kontuan hartu izoketa arinak izan zirala. Honezkero, hilebete inguru pasau da eta izoztutako behatzetan sentsibilidade osoa berreskuratu ez dodan arren eta lantzean behin min apur bat emoten dauen arren, egunez egun hobeto daukat. Lehenengo egunak inportanteak izaten dira infekzinoak ebitetako eta zorionez holakorik ez dot izan. Izozketa kasuetan, sano garrantsitsua izaten da ahalik eta arine tratetea eta gure kasuan, suberte handia izan genduan ze erreskatea di-da egin zan. Helikopteroan Kathmandura, basera heldu eta biharamunean eta handik Zaragozara, dana 24 bat ordutan. Hain azkar jokatzea erabagiorra izan da.
2.- Udarako ze plan daukazu?
Planak ugari baina denporarik ez danetara heltzeko... Mendian, eskaladan, entrenetan ibiliko naz eta aizkoran be egin behar dot. Euskal Herriko Open eta apostuak tarteko, entreteniduta ibiliko naz.
3.- Kangchenjungan bizitako momentuak gogoratuko doguz orain. Kokatzeko, esan daigun, zortzimilako gatxenetakoa dala, zailtasun teknikoak eta edur jausteak ditu ezaugarri eta oso gogorra da azken kanpalekutik tontorrera arteko bidea, luzea. Zelakoa izan zan azken zati hori?
Oso gogorra izan zan. Ibilbidean lau kanpaleku jarri genduzan; lehenengoa (6.200 m.), bigarrena (6.700 m.), hirugarrena (7.200 m.) eta laugarrena (7.800 m.). Tontorrerako bidean ginoiazala, hirugarren kanpalekura heldu eta aurreko egunetan haraino erondako jateko eta bestelako materialik ez egoan, ostu edo egin euskuezan. Hurrengo egunean gorantza joateko amesagaz gengozan baina eguraldiak ez euskun itxi eta egun oso bat egin genduan bertan, gauza handirik jan eta edan barik. Altuera horretan desgaste handia da hori baina... Laugarrenera berandu, arratsaldeko bostak aldera heldu, lo apur bat edo egin eta gaueko hamarretan hasi ginan preparetan, kanpoan sekulako haizea sentiduten zan bitartean; goizaldeko 01:30etan edo ekin geuntsan bideari. Lehenengo korridore luze bat dago 8.350 bat metrora arte. Han eskumatara egin behar da, hiruki formako harritzar baten atzeko partetik jo eta 200 bat metroko ertz bat pasau behar da azken zatiari ekin baino lehen. Altuereak be eragiten dau eta zailtasun tekniko handiko tarteak dagoz eta gainera, sarritan intuizinoak esaten deutsu nondik jo behar dozun, beti ez da argi egoten bidea. Gailurretik oso hur gelditu nintzan, segurutik aurreko egunean jan eta edan barik ibili ginalako, urratsa zabaltzen be lan handia egin behar izan genduan... Dana dala, gauza bitxia izan zan ze ordu bi edo egingo nituan han eta bi bider igon eta bajatzeko astia izan neban...
4.- Beherantzako bidea sano gogorra izan zan Pasabanentzat baina baita zuretzat be. Zelako momentuak izan ziran horreek? Animoak emoten be sekulako lana egin zenduan zu zeu be arriskuan zengozala konturatu barik... Izozketen arriskuaz jaubetu barik, halako batean zure eskularruak Pasabani jarri zeuntzazan...
Beherantzako bidea gogorra eta arraroa izan zan. Laugarren kanpalekura heldu eta pentsau zeinke salbauta zagozala, baina benetako arazoak hortik behera bizi izan genduzan. Tarte horretan zailtasun tekniko handiegirik ez dago, serac batzuk eta nahikoa tente dagozan aldatzak bai baina, besterik ez. Goizeko zortzirak aldera, dana batzen hasi ginan, eguraldi ederra egoan, eguzkitsua eta epela. Atara kontuak, eskularru barik ekin geuntsan bideari. Jakina, danok be neke puntua igarten genduan aurreko egunetan egindako esfortzuakaitik. Nahikoa arin, Edurne makal igarri neban eta motxilea hartu neutsan. Hirugarren kanpalekutik ordubetera edo egongo ginan eta Juanitok eta Asierrek beherantza segidu eben. Edurneri begira gelditu nintzan eta bapatean jesarten ikusi neban. Altxau ezinik edo altxau gura ez ebala, hor hasi zan kontua. Ganera, eguraldiak be okerrera egin eban, ilundu, edurra botaten hasi zan eta berehala kristolako hotza. Atzerago etorren Ferranek eta biok ondo erreakzionau genduan. Basera deitu, medikuagaz berba egin eta edemearen kontrako botikea emon geuntsan Edurneri. Hortik aurrera, eten barik animetan, suspertzen ibili gina eta tarteka lepoan eta erdi arrastaka bajatu behar izan genduan.
Halako batean, Edurne eskularru barik ikusi neban eta esku bateko behatz lodia baltzituta (Izoztearen sintomea) nahikoa beheraino. Nire jarri neutsan eta beherantza joan ginan. Bospasei ordu egin nituan eskularru barik.
Hirugarren kanpalekura, halamoduz heldu eta hor ez zan amaitu dana. Danok gengozan sano kantsauta baina goitik behera Edurnegaz egindako bidea tarteko behartuta sentiduten nintzan, zeozelako erantzukizuna neukan Edurneri laguntzeko eta, beraz, han gelditzea erabagi neban. Juanitok eta Asierrek beherantza jo eben. Gaua oso txarra izan zan, Edurne odola botaten be hasi zan eta egeoereak okerrera egiten eban. Lo egiteko saku barik eta esterilla barik gengozan, denda barruan 25 gradu zero azpitik egongo ziran... Ez ahaztuteko gaua izan zan.
5.- Pasaban arrastaka, lepoan eroan zenduaneko momentua ez dogu imajinetan zortzimila metroko mendian, Kangchenjungako zailtasun teknikoak, rappelak eta enparauak gogoan hartuta...
Bai. Guzurra emoten dau baina ez. Egia da altuera horretan holako ahaleginak aparteko esfortzua dakarrela. Ez geunkan lekutik atara genduzan indar apurrak Ferranek eta biok eta tarteka neu bakarrik be bai, lepoan eta ahal zan moduan joan ginan beherantza. Lehen be esan deutsut, laugarren kanpalekutik hirugarrenera ez dagoala aparteko zailtasun teknikorik baina nik bildurra neukan ze hor tarte batean 25 bat metroko serac bertikal bat dago eta ailegau aurretik burua bueltaka nerabilen: -zelan osti bajatuko dogu hortik?- Soka zahar bat topau neban, ebagi, Ferran eta Edurne lotu eta nik beste muturretik eustea zan ideia. Ganera, suberte handia izan genduan ze, ez atzera ez aurrera gengozala sherpa bi agertu ziran eta 'operazinoa' errazagoa izan zan.
6.- Egun, bizitakoak bizita, han hartutako erabagiren bat aldatuko zeunke orain?
Guk ondo dakigu goi mendietan ze arrisku dagoan eta momentu bakotxean zelan gagozan animo aldetik eta indarren aldetik. Nik bakotxaren erabagiak errespetetan dodaz eta nire partetik han hartutako erabagi guztiak ondo hartutakoak izan ziran, momentuko beharrizanak eta emergentzia egoerea aztertuta. Kontuan hartu. beherantza zer pasauko zan ez egoala aurreikusterik igoeran, Edurnek igoerea ondo egin eban. Segurutik gorantzako bide horretan behar dan moduan jan eta edan barik ibilteak zeresana izan eban beharantzako makalaladian.
Aldatuko neuken erabagi bakarra neurea izango litzateke, izan be, burua erdi galduta, lasai, tontorretik hur ordu bi edo egin nituan argazkiak egiten eta bideoan filmetan eta azkenean tontorra zapaldu barik gelditu nintzan. Danori gustetan jaku azken puntu horretara heltzea eta pena izan da baina, larregi ez dot horretan pentsau gura. Nire asmoa ez da 14 zortzimilakoak zapaltzea, ez nau horrek itsutzen. Espedizino honetan, nire beharra laguntzea izan da eta oso gustora nago egindakoaz.
7.- Nozonoz Kangchenjungara bueltan joateko amesik?
Lehengo egunean deitu eustan Mikel Zabaltzak, birritan edo hiru aldiz egon da Kangchenjungan eta esaten eustan barriro joango garela susmoa daukala. Ez dakit. Gauza asko dagoz tartean. Dakizunez, Edurnek oxigenoa erabili eban Kangchenjungako jaitsieran eta, oxigenoa erabili ala ez dagoan eztabaidea tarteko, komunikabideek datu hori azpimarratzen dabenez, nik pentsetan dot, 14 zortzimilakoen proiektua amaitu eta Edurne barriro Everesten eta, akaso, Kangchenjungan be saiatuko dala, oxigeno barik palmaresean edo historialean ezelako 'markarik' gera ez daiten.
8.- Orain arte sei zortzimilako zapaldu dozuz, azkenak Al filo de lo imposibleko taldekide moduan. Zeren bila zoaz goi mendietara? Bizia be arriskuan jarten dozuela jakinik, zerk bultzatzen zaitu holakoetara?
Azkenak, igaz egin nituan, Manaslu eta Daulaghiri, bai. Zeren bila joaten nazen? Ez dozu sinistuko baina azkenengo urteotan deskantsuaren bila joaten naz goi mendietara. Hemen nagoenean, gelditu barik nabil, egunean 10-12 ordu beharrean, aizkoreagaz, mendian, eskaletan, entrenetan... Lo gitxi egiten dot eta ezpedinoetan noanean, lo egin ahal izatea, eskuko telefonoa ahaztutea, natureagaz kontaktuan egotea eskertzen dodaz. Mendian libre sentiduten naz, oso gustora nabil ingurune horretan.
9.- Zortzimilakoen karreran sartzen zarenean, mendiaren esentzia galtzen ala da? Etxe babesleen presinorik igarten al da? 14 zortzimilakoen karreran sartzeko amesik?
Bai. Holako proiektuetan sartzen zarenean, dana daukazu kalkulauta, azken muturreraino zehaztuta, ardien moduan eroaten zaitue, komodoa da baina egia da mendia biziteko eta disfrutetako modua, esentzia hutsaldu, galdu egiten dala, etxe babesleen presinoa, markautako helburu batzuk bete behar izatea... Baina ondo pentsetan badozu, gizarteko eta lan arloko eremuetan nahikoa arrunta da presino hori.
Beraz, ez daukat karrera horretan sartzeko amesik, sekula ez dot planteau profesionalizetako aukerea.
10.- 2007an Lemoatik Nepalera arteko bidea egin zenduan kotxez. Abenturazalea be bazara...
Bai. Goi mendietarako espedizinoetan plana nahikoa zarratuta eta zehaztuta egoten da eta niri abentura puntua asko gustetan jat, zehaztasun eza, hain zuzen be. Nepalera kotxez egindako bidaia hori esperientzia ederra izan zan eta 2006an, Kathmandutik abiatu eta ekialdetik mendebaldera, 2.500 bat kilometro egin nituan motorrean Igor Astondoagaz batera eta Nepal osoa, benetako Nepal ezagutu genduan, pobrezia gorria, miseria, esklabutzea...
Orain, barriz, hurrengo espedizinoan edo geroago, Nepaldik etxera bueltan motorrean etorri gura neuke...
11.- Aizkoran be bazabilz, baita lehiaketa eta apostuetan be; azkena, pasan dan martian egin zeuntsan Jose Felix Zubizarretari: 16 kanaerdiko eta 6.000 euro jokoan...
Bai. Bizkaitik kanpo apostua jokatu dauen bigarren bizkaitarra izan naz eta denpora gitxigaitik, neure erruagaitik galdu neban; korteetan ez neban azertau baina fisikoki asko be indartsuago izan nintzan. Azpeitiko zezen plazan izan zan norgehiagoka eta atara kontuak, ikusleen erdiak baino gehiago bizkaitarrak izan ziran, egundo ez da ikusi holangorik.
Udan, Lemoako jaietan be desafio bat egingo dogu San Inazio egunean; aizkorea eta mendia buztarturik (kanaerdiko bana, igon tontorrera, bajatu...) saio polita izango dalakoan nago.
12.- Shisha Pangma (8.030 m.) eta Annapurna (8.091 m.) dira Edurne Pasabani falta jakozanak munduan diran 14 zortzimilakoen markea osotzeko eta aurtengo udagoienean eta datorren urtean abiatuko zarie, ze azken txanpa horretan, zeu be joango zara, ezta? Goi mendiari jagokonez, zein da zure helburua? Bestelako asmorik?
Edurneren proiektuagaz oso inplikauta gagoz eta gustora joango naz Shisha Pangmara barriro, 2007an hegomendebaldeko bidetik igon neban arren. Badakit Edurnek iparreko bidea aukeratu dauela eta, beraz, talde osoa joango gara segurutik.
Goi mendiei jagokenez, ez daukat 14 zortzimilakoen karreran sartzeko amesik. Ganera, Juanito, Alberto Iñurrategi, markatik hur dagozanak, Edurne... Ni ez naz joango babesleen bila. Nire burua kapaz ikusten dot gauza asko egiteko eta, esangura horretan, gustora egingo neukez, ez ohiko bideak, berbarako, Makalu mendebaldeko pilarretik, K2 mendebaldeko bidetik, zortzimila metroko mendiren batean bide bat zabaldu...
Hego polora be joateko gogoz nago barriro 2006ko esperientziaren ondoren. Bestetik, edurretan kite surfa egin gura neuke...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!