Miguel Rios, La Oreja de Van Gogh, Gatibu eta beste hainbat taldek girotuko dabe aurtengo Bilboko Aste Nagusia
2009-06-23 12:35 MusikeaLa Oreja de Van Gogh, Raphael, We are Standard, Fangoria, The Waterboys, Miguel Rios Rosanagaz, Ska-P, Zarama, The Cherry Boopers, La Excepción, Despistaos, Los Secretos eta Gatibu dira, beste batzuen artean, aurtengo Aste Nagusian joko daben taldeak.
Aurtengo Aste Nagusia gero eta hurrago dago eta abuztuaren 15etik 23ra bitartean Bilbon izango diran kontzertuen barri emon dabe.
Aste nagusiaren aurrekontu orokorraren (3 miloe euro) erdia erabiliz, lehen mailako eta gustu guztietarako musika programazinoa izango da aurten. La Oreja de Van Gogh, Raphael, We are Standard, Fangoria, The Waterboys, Miguel Rios Rosanagaz, Ska-P, Zarama, The Cherry Boopers, La Excepción, Despistaos, Los Secretos eta Gatibu dira, beste batzuen artean, uriko inguruak girotuko dituen taldeak. Estiloka, holan bananduko dira lekuak:
• Botika Zaharra: Musika formatu handian.
• Abandoibarra: Tamaina ertaineko kontzertuak.
• Plaza Barria: Munduko Musikak.
• Gizakundea: Musika jasoa.
• Bailen: Bertoko pop-rocka.
• Parkeko Pergola:goatekeak eta bilbainadak.
• Areatzako Kioskoa: Bilboko Udal Banda.
• Areatza: Berbenak, bandak eta fanfarriak.
Botika Zaharra
SKA-P madrildarren kontzertuak zabalduko dau aurten Botika Zaharreko programazinoa abuztuaren 15ean. Sei urte egin ditue estudio-diskorik atara barik eta hiru urte eszenatokietara igon barik.
Abuztuaren 16ko gaua Mamba Beat bizkaitarren house funk soinuak girotuko dau eta, jarraian Zodiacs madrildar hirukotearen kontzertuaz gozetako aukerea egongo da. Eta, gau horretako emonaldi nagusia We are standard izango da.
Abuztuaren 17an, astelehena, La Oreja de Van Gogh donostiarrek Leire Martinezen ahotsagaz El último vals edo Jueves kantak eskainiko ditue.
Despistados taldea abuztuaren 18an egongo da Botika Zaharreko eszenatokian. 'Física y Química' telesailaren musikearen egileak dira eta 'Lo que hemos vivido' diskoagaz datoz Bilbora.
Abuztuaren 19an, eguaztena, hip-hop doinuak izango dira nagusi. Arianna Puello (Ari) rapera gazteak joko dau lehenengo eta, gero, La Excepción taldekoen eguna izango da.
The Waterboys-ek eguenean, abuztuak 20, joko dau eta, hurrengo egunean, Miguel Rios barriro bueltauko da Bilbora, orain dala 30 urte inguru Txurdinagan eskainitako kontzertu mitikoaren ondoren. 'Memorias de la carretera' izeneko agur-birearen barruan dago Bilboko kontzertua eta artistea Rosana kanariar abeslariagaz batera etorriko da.
Los Secretos taldekoakaz amaituko da aurtengo Botika Zaharreko programazinoa. 'Gracias por Elegirme' birako kantakaz.
Abandoibarra
Abuztuaren 15ean, zapatua, eta Euskal Musika zaletuen gozamenerako, Antton Valverde, Gorka Knörr, Gontzal Mendibil, Iñaki Eizmendi, Urbil & Txomin Artola, Mixel Ducau (Errobi), Niko Etxart... musikariek Gu Gira ikuskizuna eskainiko dabe.
Domekan, abuztuak 16, akordeoi zaletu guztiek zita berezia daukie Abandoibarran Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoaren emonaldiagaz.
2009 honetako bi euskal talderik arrakastatsuenetakoen euskarazko erritmoekin beteko ditue Guggenheim museoaren inguruak astelehenean, abuztuak 17: Seiren eta Gatibu.
Abuztuaren 18ko gaua euskerazko rock-doinu nostalgikoei egongo da zuzenduta Akelarre eta Zarama taldeen kontzertuakaz. Zaramak, 15 urteko isilunearen ostean, 'Zarama birziklatuaren bira' dalakoari ekin eutson orain dala aste batzuk eta bira horren barruan dago Bilboko kontzertua.
Eguaztenean, abuztuak 19, Fondo Flamenko taldeko mutilak alaituko dabe giroa 'Las Cartas sobre la mesa' bigarren lanagaz; hurrengo egunean, Raphael artista ezagunak 'Raphael, 50 años después' ikuskizuna eskainiko dau.
Barikua, abuztuak 21, Fangoria egongo da Bilbon, Mario Vaquerizo senarraren Nancys Rubias taldeagaz.
Azkenik, abuztuaren 22an, Bilboko Orkestra Sinfonikoak Itoiz Suite ikuskizuna eskainiko dau, Itoiz musika-taldearen lanetan inspirautako emonaldia.
Plaza Barria
Munduko Musiken erreferentzia izango da aurten be Plaza Barria.
Zapatuan, abuztuak 15, The Cherry Boppers bilbotarrek estreinauko dabe eszenatokia. Gau horretan be, Javier Vargas madrildarrak blues eta afroamerikar doinuak zabalduko ditu.
Domekan, abuztuak 16, Inti Illimani taldearen Txileko doinuekin beteko da Plaza Barria.
Euskerazko doinuak astelehenean ailegauko dira Rafa Ruedaren eskutik, 'Zuhaitz okerretan gora noa' diskoagaz.
Aurten, flamenko munduan tradizino handienetakoa dauen andaluziar klana izango da Bilbon: Montoya Familia. Martitzenean, abuztuak 18, eskainiko dabe euren ikuskizuna Plaza Barrian. Publikoa jantzan jarriko dauen beste talde bat Fanfare Ciocarlia da; Errumaniako orkestreak abuztuaren 19an joko dau.
Eta, hurrengo egunean, Galiziara egingo dogu bidaia Mercedes Peon emakumearen eskutik. Handik, Kubara, Troveros de Asieta kanariar taldeak Caribeko ugartearen erritmoak ekarriko baititu abuztuaren 21ean.
Eta, Bilbo Reggae Splash jaialdiaren XVII. edizinoagaz amaituko da aurtengo programazinoa, Twinkle Brothers taldeagaz.
Gizakundea
Zapatua 15 |
BERNARDO GARCÍA HUIDOBRO (BAKARKAKO GITARRA) |
Domekea 16 |
RAQUEL ANDUEZA & JESÚS FERNÁNDEZ BAENA (ITALIAKO XVII.MENDEKO MUSIKA PROFANOA). |
Astelehena 17 |
SPANISH BRASS LUUR METALLS (FAMILIA GIROKO KONTZERTU PEDAGOGIKOA) |
Martitzena 18 |
KEA AHOTS TALDEA (KORU MUSIKA) |
Eguaztena 19 |
CUARTETO ALMUS (BIOLINAK, BIOLA, BIOLONTZELO) |
Eguena 20 |
NAROA INTXAUSTI, MARIFÉ NOGALES Y MARÍA VEGA (KONTZERTU LIRIKOA) |
Barikua 21 |
PAOLA ERDAS-SHYAMAL MAITRA (KLABE, EXAQUIER ETA TABLA) |
Zapatua 22 |
NUOVO QUINTETTO ITALIANO (“DE MOZART A MASCAGNI”) |
Pergola
Programa bikotxa egongo da parkean. Goizez bilbainadak talde mitikoakaz: Beti Aurrera, Los Txikis, Los 5 Bilbainos, Irrintzi... Gauez, habanerak, mariatxiak, goateke nostalgikoak... egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!