Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan diseinautako monoplaza bat Silverstoneko zirkuituan lehiatuko da
2009-06-23 10:28Bizkaiko Foru Aldundia da babesle nagusia eta heziketa-esparru desbardinetako zentroen eta industria-sektorearen arteko alkarlana bultzatzea dau helburu, izan be, monoplaza eskolako ikasleek diseinau daben arren, osogaiak Bilboko Elorrieta Erreka Mari GLHBI eta Sestaoko Saturnino de la Peña BHIko ikasleek egindakoak baitira.
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak bigarren urtez parte hartuko dau FS (Formula Student) lehiaketan, garagarrilaren 16tik 19ra bitartean, Silverstoneko pista ezagunean (Erresuma Batua). Oraingo honetan, Eskolako taldeak (FSBizkaia) lehiatzeko erabiliko dauen monoplaza —ibilgailu barri-barria— ikasleek eurek diseinautakoa da, eta barrikuntza moduan, Bizkaiko Lanbide Heziketako bi zentrotako ikasleak arduratu dira osogaiak fabriketeaz. Aurten hasita, proiektua, Bizkaiko Foru Aldundia izango da babesle nagusia, eta holan, Eskola eta LHko zentroen arteko alkarlanerako tresna izatea lortu nahi da, Formula Student-en hurrengo edizinoetan barritzeko aukeraz eta beste zentro batzuen partaidetzeari zabalik. Proiektuak Tecnalia, Sener, BBK, Ikastek Telkrom, Tenroj eta Galarza Garraioak lako enpresen eta Injineru Eskola Fundazinoaren babesa be lortu dau, inguru akademikoa eta industriaren arteko loturea sendotuz.
Monoplazaren aurkezpen ekitaldian izan dira Bizkaiko diputadu nagusi Jose Luis Bilbao, Lan eta Trabekuntzako foru diputadu Eusebio Larrazabal, Eskolako zuzendari Enrique Amezua, Injinerutza Mekanikoa Saileko irakasle Carlos Angulo eta Eskolan ikasle dabilen Jonatan Amenedo FS Bizkaia taldeko Team leader-a. Horreekaz batera, proiektuan parte hartu daben lanbide-heziketako zentroen eta enpresa babesleen ordezkariak be bertaratu dira, baita ekimenean esku hartu daben Eskolako hogei bat ikasle be.
Lehiaketea eta FSBizkaia taldea
Orain hamar urtetik, Formula Student-ek erronkea botaten deutse mundu osoko injinerutza ikasleei, formula kategorian lehiatzeko moduko monoplaza bat diseinau, garatu eta eregiteko kapaz dirala froga daien, beti be kostuen, mantenimenduaren eta prestazinoen benetako merkatu-baldintzak gogoan hartuta. Esangura horretan, kostuei buruzko azterketa batek, proiektuaren bideragarritasun industriala frogatzeaz gan, fabrikatzaile batek urtean mota horretako 1.000 ibilgailu produzidu leikezala bermatu behar dau. Horrezaz gan, ibilgailuek betebehar zorrotzak gainditu behar ditue kontsumoa, azalerazinoa, egonkortasuna eta balaztatzeari jagokenez… Onenen artean sailkatu ahal izateko, 20 birako erresistentzia testa gainditu behar dabe zirkuituan, baina oso gitxi izaten dira urtez urte proba hau gainditzea lortzen daben taldeak.
Betebehar horreek guztiak gogoan izanda, monoplazaren fabrikazinoan parte hartzen dabenentzat (Eskolatik, Bilboko Elorrieta Erreka Mari GLHBItik eta Sestaoko Saturnino de la Peña BHItik aukeratutako berrogeita hamar ikasle), esperientzia hau lan-zentro batean lortuko leukienaren antzekoa da. Holab, FSBizkaia taldea osotzen daben lan-talde desbardinen eta proiektuko fase desbardinetako kalidade-kontrolen arteko koordinazinoa bermatzeko, edozein enpresari jagokon antolaketea ezarri behar izan da.
Proiektu honek gazte horreen laneratze prozesuari emoten deutsen balio erantsi handia dala eta (emakumeek ordezkaritza zabala dabe partaideen artean), Bizkaiko Foru Aldundiak ekimena babestea erabagi dau, horretarako, 80.000 euroko ekarpena eginaz, urte bitan banatuta. Eskolearen eta Aldundiaren arteko akordio hau datorren ikasturte osoan luzatuko da, eta zelako emoitzak lortzen dituen ikusita, hirugarren urtez be luza daiteke. Epealdi honetan, Eskoleak Euskadin lehiaketara begira egiten dan lehen monoplaza guztiz elektrikoa eregitea aurreikusi dau.
Lehiaketarako monoplaza Eskolako Injinerutza Mekanikoa Saileko laborategitik atarako dabe garagarrilaren hasieran, eta orduantxe ekingo deutso FSBizkaia taldeak Silverstoneko zirkuituan lasterketearen aurretik egin beharko dituen probak prepareteari. Monoplazak gainditu beharreko probetan, batzuk azelerazinokoak dira eta beste batzuk slalom-ekoak. Lehenengoetan ezinbestekoa da motorra egokituta egotea eta abiadura-kaxak eta enbrageak zuzen eta bizkor funtzionetea, eta bigarrenean garrantzi handi-handikoa da esekidura eta direkzinoa ondo orekatuta egotea.
Aurtengo edizioan, 20 herrialdetako 85 unibersidadetatik etorritako ehun talde baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da (gehienak europarrak dira, baina ez dira falta Kanada, India eta Iranetik etorritako taldeak, besteak beste).
Probearen ibilbidea
1981ean, Society of Automotive Engineers delakoak (SAE) 'SEA Formula' eratu eban, mundu osoko unibersidadeetako 140 talde ingururen ahalmenak frogatzea helburu eban norgehiagoka. 1998an, erakustaldi bat egin zan Erresuma Batuan, eta bertan, unibersidade amerikarretan garatutako bi ibilgailu ikasle europarrek sortutako bi ibilgailuren kontra lehiatu ziran. Proba horrek izan eban oihartzun zabala ikusita, IMechE erakundeak (Institution of Mechanical Engineers), SAEgaz eta IETgaz (Institution of Engineering & Technology) batera, Student Formula sortu eban. Ordutik, lehiaketea urtero antolatu izan da, azken hiru urteotan Silverstineko zirkuituan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!