Vicente Ferrer: 'persona onak gehiago dira txarrak baino, baina azken horreek azkarragoak dira'
2009-06-22 12:58 BidaidePozik eta triste nago, aldi berean; oraintsu hil dan Vicente Ferrer kooperante kataluiniarra gogoratzerakoan sortarazoten jatazan aurrez aurreko sentimentuak dira. Zorionekoa naz, osasuntsu eta beharrean ebilenean ezagutzeko aukerea izan nebalako. Triste nago, hil egin dalako, gizon on bat hil dalako eta, ona izateaz gan, izakera horri etekina atara eutsolako beharrizana daukienei laguntzeko. Baina pozik be bai, gaixorik egon arren, onartu egin ebalako nik alkarrizketa bat egitea. Kazetari bategaz egon zan azken aldia izan zan ha, eta esan ebana hil ondorengo ondare legez hartu beharko litzateke.
Luzaroan egon ginan berbetan bere izena daroan fundazinoaren bulegoan, Anantapur urian. Bertan, Ferrerrek itzelezko lana egin eban. Danetara, 135.000 besoetako-ume baino gehiago eta zuzenean laguntzinoa jaso daben 2,5 miloe lagun inguru dagoz; orain arte bizitea ia ezinezkoa zan lekuan, orain, behintzat, bizi daiteke.
Eraginkorrak, zehatzak, askotarikoak eta errespetuzkoak. Fundazinoak Indiako lurralderik pobreenean garatzen dituen programek merezidu daben berbak dira. Umila, hurrekoa, beroa, babeslea, azkarra, bizia eta garratza. Nigaz oso lotura gitxi izan arren, sasoi batean jesuita izandako Ferrerrek minutu batean helarazoten eutsun bere izakerea. Jazotakoa jazota be, bere presentzia eta ondarea ez dira desagertuko eta, berarentzat, heriotzea bizitearen beste pausu bat baino ez zan.
Ferrer 1952an ailegau zan Indiara misioilari lanetarako eta horretan jardun eban hurrengo 57 urteetan -Gandhiren herrialdean 17 urtez lanean ibili eta Europara etorteari uko egiteagaitik bere erlijino-ordenetik kaleratu eben-. Denpora-tarte horretan, Indiako landa-eremuen garapenerako programak jarri zituan martxan; oraindino be, 700 miloe lagun inguru bizi dira han egunean 20 rupia (30 zentimo euro) baino gitxiagogaz. 'Putzuen misioilari' bihurtu zan, inoiz ura egon ez zan lekuetan putzuak eregiteko programak bultzatu zitualako. Horregaitik, Nueva Delhi-tik kaleratu gura izan ebenean, gizarte-mailako hainbat eragile erabagi horren kontra agertu ziran eta Ferrer Indian geratzea lortu eben, Indira Gandhik berak be egindako lana autortu eutson eta.
Kontuak kontu, India hegoaldeko Bathalapalli udalerrian egin dabe gaur, hilak 22, Vicente Ferreren aldeko hileta eleizkizuna. Ehun mila lagun inguru batu dira.
Hona hemen, pasan dan martiaren 9an, Vicente Ferrerri Anantapurreko bulegoan egindako alkarrizketea:
1.- Gela honetan, horman eskegitako marko baten barruan, zure esaldi bat dago: 'Jaungoikoa perfektua bada, zergaitik egin dau mundu inperfektua?'. Topau deutsazu erantzuna itaun horri?
Bai. Erantzuna Jesusek berak emon eban: sortutako erreinua ez zan mundu honetakoa. Inperfekzinoa bizi garan unibersoaren parte da eta gizakia, itsu-itsuan, heriotzearen amildegirantz korrika doa. Munduan, persona onak gehiago dira txarrak baino, baina azken horreek azkarragoak dira. Halanda be, gure helburua harago dago, Zeruan.
2.- Hori ikuspuntu espiritualegia da bi miloe lagun baino gehiagori euren eguneroko arazoak konpontzen lagundu deutson persona batentzat...
Espiritualidadea gaitzesteko joerea egon arren, kontuan izan behar da ez dagoala aurrez aurre praktikotasunagaz. Bien arteko orekea topau behar da. Beharrezko betaurrekoak eroan ezean, bizitea eta unibersoa ulertzea oso gatxa da. Fundazinoan, heriotzara eroango gaituen bidean jasan beharreko sufrimentuak ahalik eta gitxien izan daitezan egiten dogu lan. Eta, neurri handi batean behintzat, lortu dogula uste dot. —Mahai ganean liburu bat topetan hasi da, Fundazinoak lagundutako familien fitxak irakurteko-. Hemen ikusten da milaka herritara ailegau garela eta persona horreen bizi-kalidadea nabarmen hobetu dala. Komunidade bakotxak kontu korronte zenbaki bat dauka eta diru horrek eragindako interesak danan artean banatzen dira. Nonork ume bati diruz laguntzen deutsonean, ume horri laguntzeaz gan, familia osoari eta ingurukoei be laguntzen deutso. Epe luzerako pentsauta dagoan sistemea da eta, gitxika-gitxika, danek alkarri laguntzen deutsen eredua sortzen da.
3.- Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) egiten daben beharra ez da ba, berez, Gobernuek egin beharrekoa?
Ez. GKEak ez dagoz horretarako. Herritar anonimoen laguntzinoa ordezkatzen dabe, Estadu erraldoia ailegetan ez dan lekuetako mina arintzeko euren borondatea eskaintzen daben lagunez osotuta dagoz eta arrakasteak ez leuke tituluetara edo sarietara mugatuta egon behar, laguntzino horreek praktikan aplikautako inteligentzian oinarrituta dagozalako. Nik, behintzat, holan ikusten dot. GKE asko multinazional erraldoi bihurtzen dagoz eta ez jataz bape gustetan euren enpresa-metodologiak. Espirituan oinarrituta egon beharko litzatekez, ez negozioan, eta ezinbestekoa da kontzeptu ideologiko zehatza izatea. Baina egia da, baita, gero eta arau zorrotzagoek bultzatuta, gure diru-mobimentuen barri emotera behartuta gagozala eta milaka faktura gorde behar izaten doguz, urteetan, gelak eta gelak alperrik beteten.
4.- Baina gardentasuna ezinbestekoa da ustelkeria ebitetako.
(Barreka) Beharrezkoena umiltasuna da. Gobernuz Kanpoko Erakundeen helburua laguntasuna eskaintzeko proiektuak garatzea da eta, irregulartasun bat egon ezkero, ez gara zertan lar harritu behar. Leku guztietan jazoten dira horrelakoak, egunero-egunero ikusten doguz. Erakundeen lana burokrazia antzuak albo batera itxi eta helburuak betearazotea izan beharko litzateke.
5.- Gaur egun, munduak krisi ekonomiko larria bizi dau. Zelan eragiten deutsue horrek zuei?
(Begiak nire begietan jarri, barretxua egin eta, gitxika-gitxika, barre-algaraka hasi da) Egungo krisia inoiz ikusi dodan tragikomediarik handiena da eta, argi geratuko da, gizakiaren planek baino -Babel Dorrearen antzera, goitik behera datozanak-, Jangoikoaren planek balio dabela. —Etenaldia. Programen onuradunen liburua hartu eta hainbat orrialde begiratu ditu-. Dana dala, Anantapur-en euren burua gobernetan daben 2.000 herri baino gehiago dagoz, krisiak irauten dauen bitartean aurrera egin ahal izango dabenak.
6.- Noiz helduko da Vicente Ferrer Fundazinoaren laguntzinoa beharrezkoa izango ez dan eguna? Hori izango da, eta, azken helburua...
Inoiz ez. Egiten dogun lana ez da sekula amaituko. Nire seme-alabek jarraituko dabe horretan.
7.- Zelan ikusten dozu munduaren etorkizuna?
Gizateriaren garapena ikusita, zibilizazino eta arraza guztiak kolore berekoak izango diran eguna ailegauko da, baina bardintasuna ez da sekula lortuko.
8.- Sarritan, zientzialariak eta euren lorpenak kritiketan dozuz.
(Itaun laburra). Zoro moduan dabiz planetak topetan eta euretan bizi daitekeen ala ez aztertzen! Zertarako? Jentea hara bialtzeko goseak hil daitezan? -Barre egiten dau-. Guzurretan dabiz. Zientzialariak analfabetoak dira arimaz. Ganera, lotsa barik autortzen dabe euren teleskopioek ez dituela munduko misterioak ulertzen. Argumentu horreek norbanakoek euren bizitzetan ez pentsetako sortutako engainuak baino ez dira. Eta bizitza finitua da. Hilezkor izan gura dogu eta ongia egitea ahaztu.
9.- Pentsamentu horri esker, Vicente Ferrer Fundazinoa asko hasi da orain dala hamar urte Bartzelonan bulegoa zabaldu ebanetik. Zure teorietan sinisten dabenak egon, badagoz.
Pobreak bizitzaren esparru guztietan aberats bihurtzeko kontzeptua errotu eta Espainian garapen ekonomiko garrantzitsua egon dalako hasi gara gu. Zorionez, ez gagoz euren teoriak liburuetan oinarritzen dituen nazinoarteko Gobernuz Kanpoko Erakundeen menpe, teoria horreek ez diralako bape eraginkorrak. Gu menpekotasun horretatik aparte gagoz eta jenteari hori gustetan jako. Ganera, diru aldetik be, guretzat orain errazagoa da proiektuak garatzeko beharrezkoak diran dohaintza ekonomikoak lortzea. Arlo horretan, Loiolako San Inaziok beti lagundu izan nau. Honakoa esan eban: 'Zuentzat, balentria-ekimenak ohikoak, eguneroko zereginak izan beharko litzatekez'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!